20! Kopuru borobil horretara iritsi da 1999an entsegu lokal batzuk lortzeko helburuarekin abiatu eta urteetan pilaturiko esperientziarekin bidea egiten ari den ekimena.
Testua: Julen Goikoetxea
Zaletasun berdina duen jendea elkartzetik sortu izan dira ekimen asko. Zerbaiten bueltan elkartu eta helburu jakin bat lortzeko lan egiteak harremanak sendotzen ditu, are gehiago azken helburu hori lortzen bada. Egitasmo askori aplika dakiekeen zerbait da eta horixe bera da, modu laburrean izanda ere, Ordiziarrock musika jaialdiaren jatorrian dagoena. Hogeigarren ekitaldia ospatu berri du iragan urrian eta atzera begira jartzeko eta orain arteko bidea errepasatzeko aitzakia ona izan zitekeela pentsatuta jarri diogu hitzordua antolakuntza taldeko Urko Ruiz de Apodakari. Hasieratik egon ez arren, urte asko daramatza lantaldean eta ibilbide horren lekuko zuzena izan da.
Ordiziarrock izenaren atzean Ordiziako Trobadore Alaiak elkartea dago. Ruiz de Apodakak zehaztu digunez, “1999 urtean sortu zen elkartea eta helburu zehatz bat zuen: Ordiziako musika taldeentzako entsegu lokalak lortzea”. Horretarako, askotariko ekimenak lantzen hasi ziren eta musika jaialdiaren aurretik beste gauza batzuk egin zituzten. “2000 eta 2003 urteen artean Adierazteko gogoak izeneko diskoa prestatzen aritu ginen eta kaleratzea lortu genuen. Goierriko 16 taldek hartu genuen parte disko hartan”.
Diskoaren segidan etorri zen Ordiziarrock jaialdiaren lehen edizioa, 2003. urtean. “Musikari modura, musikaren munduan zebilen jende talde bat zen, baina hortik jaialdi bat antolatzera... tarte handia zegoen!” Buruan zutena gauzatzea zen erronka eta gauzak egin ahala ikasten joatea. Eskura zituzten baliabideekin hasi ziren jaialdia egiten. “Hasierako urteetan, jaialdia egiten den pilotalekuak ez zuen estalkirik eta karpa bat muntatu behar izaten genuen”.
Urteek aurrera egin ahala, jaialdiak bere bilakaera izan zuen eta baita antolakuntza taldeak ere. 2010a “inflexio puntu” modura gogoratzen du Ruiz de Apodakak. “Ordura bitartean antolakuntza taldean aritutako gehienek utzi egin zuten eta jaialdiaren etorkizuna airean egon zen. Bi lagunen artean aurrera jarraitzea erabaki genuen eta jende berria erakartzeko lanean aritu ginen buru-belarri. Horren ondorioz norabide aldaketa bat ere izan zuen Ordiziarrockek. Sozializazio prozesu bati ekin genion eta berdintasuna, jasangarritasuna, irisgarritasuna eta antzeko irizpide gehiagoren inguruko lanketa abian jarriz, gure ekitaldietan txertatu ahal izateko”.
Urratsez urrats joan ziren irizpide horiek sartzen. 2011n irisgarritasun neurrietan jarri zuten fokua. “Alde batetik, gurpildun aulkian dauden pertsonentzat eremu berezi bat egokitu genuen kontzertuez goza zezaten; eta bestetik, bukle elektromagnetiko bat ere ezarri genuen gure emanaldietan, gorreria duten pertsonak ere kontzertuetara etor zitezen”.
Hurrengo urtean genero berdintasunaren alorrean jarri zuten azpimarra. “Garrantzitsua iruditzen zitzaigun lantaldeak gai horren inguruko formakuntza jasotzea eta Ordiziako Berdintasun Batzordearen eskutik jaso genuen. Aldi berean, Emarock argazki erakusketa eta bideo emanaldia egin genituen”.
Gero eta tamaina handiagoa zuen elur bola bat bihurtzen ari zen Ordiziarrock, baina hasierako helburua oso presente zegoen artean. Eta ordura bitartean egindako indar eta denbora xahuketak 2013an hartu zuen zentzua. Ordiziako Udalak herriko taldeentzako entsegu lokalak atondu zituen Majori kiroldegiko instalazioetan. “Urteetako lanak zentzua hartu zuen eta haize fresko berri modura jaso genuen albistea. Lantaldeak aurrera jarraitzeko asmo argia zeukan eta lokalak lortzeak indarra eman zigun”.
Jaialdiak bere bideari eusten zion baina Ordiziako Trobadore Alaiak elkarteak jaialditik harago zeraman bere jarduna. “Urtean zehar beste ekitaldi batzuk ere antolatzen genituen eta beste eragileekin elkarlanak ere gauzatzen genituen. Beti oso argi izan dugun zerbait da elkarlanaren kontu hori. Gure aletxoa jarri dezakegun lekuan laguntzeko prest egoten gara. Herriko beste talde eta eragileekin jarduteak aberastu egiten du herriko eskaintza”, adierazi du Ruiz de Apodakak.
Lantaldea zabaltzen zihoan eta horrek alor ezberdinetako espezializazioa garatzeko modua eskaini die. “Jaialdia ez da soilik taldeak lotu eta oholtza jartzea. Urteek aurrera egin ahala, antolakuntza aldetik ere gure burua apur bat estutzen saiatu gara, bai taldeei eta baita ikusleei ere ahalik eta zerbitzurik onena emateko», dio Ruiz de Apodakak; eta espezializazioari garrantzia handia eman dio: “Musikaren alorrean dabilen jendea izateaz gain ostalaritzan aritu izan den kideak ere baditugu lantaldean, eta horrek balio erantsia eman digu. Barra zerbitzua izaten da gure diru-sarrera nagusietako bat eta zerbitzu hori eraginkortasunez eskaintzeko oso garrantzitsua izan da ostalaritzan esperientzia duen jendea izatea taldean”.
Horri ekoizpenaren alorreko espezializazioa gehitu behar zaio. Musikaren munduan dabilen jendeak bat egin du lantaldearekin, eta horrekin, alor hori zorrozteko aukera izan dute. “Kontratazioan, soinu eta argi baliabideetan, taldeen zaintzan, pilotalekua akustikoki kontzertuak duintasunez egiteko eremu bihurtzeko lanean eta ekoizpenarekin zerikusia duten alor gehiagotan pauso dezente ematea ahalbidetu digu gai horietan ezagutza duten kideak taldean izateak, eta baita guk urteetan pilaturiko esperientziak ere”.
Askotariko formatua duten ekitaldiak antolatzen ere badute eskarmentua. 2018tik Aftersun eta Baserri Ta Rock jaialdiak antolatzen dituzte, urtero txandatuz. Jasangarritasuna ekitaldietan txertatzeko apustuaren bidetik, eguzki energia soilik erabilita egiten den jaialdia da Aftersun. Musika ardatz hartuta, jarduera ezberdinez osaturiko egitaraua prestatzen dute eta energia berriztagarrien inguruko saioren bat sartzen ere ahalegintzen dira.
Baserri Ta Rocken berezitasuna eszenatokiarena da. Ordiziako Oiangu parkeko baserriko balkoietan kokatzen dituzte musikariak eta ikusleek ezohiko formatuko kontzertu bat ikusteko aukera izaten dute. «Ideia asko pasatzen zaizkigu burutik. Batzuk bideragarriak dira eta besteak ez. Bideragarriak diren horiek gauzatzen saiatzen gara. Baserri Ta Rocken kasuan, formatu ezohikoa da musikarientzat ere, eta bertatik pasatu diren taldeek erronka modura hartu izan dute horrelako eszenatoki batean jotzearena”.
Pandemian ere aurrera
Ia guztia geratu zen garai hartan Ordiziarrock Ekintzak-en jarduna ez zen salbuespena izan, baina egia da ahal izan zuten neurrian jarduerei eutsi zietela, mugei zirrikituak topatuz eta ordura bitartekoa berrasmatuz. “2020ko martxoaren 13rako Matildaren kontzertu bat geneukan programatuta. Aste hartan hasi zen egoera nahasten eta, artean debekurik ez bazegoen ere, bertan behera utzi genuen. Hurrengo egunean etorri zen etxetik ez ateratzeko agindua» dio Ruiz de Apodakak.
Lehen aste haietan internet bidez Dj Monky Manen saioak hedatzen aritu ziren etxean zeuden herritarren mesedetan. “Lehen hilabeteak igarota, egoeraren azterketa egin genuen eta ikusi genuen, gauzak ondo eginez gero, posible zela kontzertuak egitea. Ez genuen inor arriskuan jarri nahi, baina argi genuen beharrezko neurriak hartuta bateragarria zela arriskurik ez hartzea eta kontzertuak egitea”.
Martxoan atzeratu zuten Matildaren kontzertu hura ekainaren 26an egin zuten. Ordiziako Urdaneta eskolako patioan izan zen. Publikoarentzat launa aulkiko mahaiak jarri zituzten eta lekutik mugitu gabe edaria eskatzeko QR sistema bat garatu zuten. “Mugikorretik egiten zuten eskaera eta ordainketa, eta barrako lantaldekoek eramaten zuten edaria mahaira”.
Unean uneko neurrietara egokitzen joan ziren, baina urriko jaialdiari eustea lortu zuten. “2020an larri ibili ginen baina azkenean azaroan egin genuen Jakintza ikastolako estalpean. Orduan barra zerbitzua ezin izan genuen eskaini eta sekulako hotza egin zuen. Trago bana zor diegu asteburu hartan aulkietan eserita kontzertuei begira egon zirenei», gogoratzen du Ruiz de Apodakak.
2021ean Sagarrock zikloa egin zuten Tximista sagardotegian. Rafa Rueda, Rüdiger, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola eta Eneritz Furyakek eman zituzten kontzertuak. “Guk kontzertuak egiteko espazio bat behar genuen une hartan, eta elkarlan moduko bat izan zen, sagardotegira jendea erakartzea ere lortu genuelako”.
Urte horretako urrian zorte apur bat ere izan zuten. “Neurri murriztaile nahiko malguak zeuden indarrean jaialdia egin behar genuen asteburuan. Normaltasunetik nahiko gertu egon zen jaialdi bat egiteko aukera izan genuen eta handik aste gutxira berriz ere neurriak gogortu ziren, egoerak okerrera egin zuela-eta”.
2023an XX. ekitaldia
Behin pandemia atzean utzita, urte arrunt bat bizitzeko aukera izan dute eta eskertu dutela aitortu dute. “Ezohiko egoera horietan ekitaldiak antolatzeak ohikoa baino esfortzu handiagoa eskatzen duela ohartu ginen eta mugarik gabe jardun ahal izatea gauza ederra da”. Aurtengoak, ordea, izan du berezitasun bat. Urriko jaialdiak hogeigarren ekitaldia bete du eta zenbaki borobil hori ospatzen ahalegindu dira. “Prestaketa lanekin hasitakoan burutik pasatu zitzaigun aurreko urteetako eremutik atera eta espazio handiago batean egitea aurtengoa; baina pilotalekuari neurria ondo hartua diogunez, orain artekoari eustea eta gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzea lehenetsi genuen”.
Pello Ramirezek eta Nacho Sotok eman zioten hasiera aurtengoari Delikatuz aretoan urriaren 19an, eta ondoko bi egunetan pilotalekuan izan zuen jarraipena. Bake Faltsua, Ginger eta Josetxu Piperrak aritu ziren ostiralean Balins Rock&Roll DJk girotuta; eta larunbatean Balloon Frame, Kerobia eta Belako izan ziren, N-Lezz DJ bikoarekin.
Jendeak emandako erantzunarekin pozik agertu dira. “Ostiralean eta larunbatean jende dezente elkartu zen kontzertuetan eta, horrez gain, musikarien esker ona jasotzeak ere ematen dio zentzua egiten dugunari. Zentzua eta aurrera jarraitzeko indarra ere bai”.
Gurpilari geratzen uzteko asmorik ez dutela garbi dute Ordiziarrockeko kideek. Orain artekoari eustea eta ahal den neurrian berrikuntzak sartzen joatea da erronka. “Herritik sortu eta herriarentzat aberasgarriak eta beharrezkoak diren ekitaldiak egitea da gure jomuga, gure irizpide eta baloreak lehen lerroan jarriz”. Bide horretatik jarraitzen badute musikazaleen esker ona behintzat bermatuta izango dute.