entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Atzera Begira

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2024-02-22

Gontzal Mendibil

Zutabe bat

2023 honek efemeride garrantzitsua ekarri du Gontzal Mendibilen (Zeanuri, 1956) zaleentzat: bere hirugarren LPak, Hasperen Itun, 40 urte bete ditu. Euskal rock progresiboa maite dugunon ikuspegitik, egituren konplexutasunak, erritmo aldaketek, garapen instrumentalek, esperimentaziorako joerak eta diskoaren beraren kontzeptuak altxor handien artean kokatzen dute Haspere itun diskoa.

Testua: Urko Ansa

Begira diezaiogun kontestuari: Gontzal Mendibilek Xeberrirekin 1976an egin zuen debuta arrakastatsua izan zen oso: 40.000 disko saldu eta ehunka kontzertu egin zituzten. Elkarrekin urte eta erdi bakarrik egin zuten arren, bikoak arrasto handia utzi zuen euskal kantagintzan.

Handik aurrera, Mendibilek bakarkako ibilbideari ekin zion, Argitze garaian egunsentiari agur (1978) izeneko LParekin hasita. Ez zuen lortu aurreko lanak eduki zuen arrakasta berdintzea, baina Herria maitatzeko, Ama Lurra edo Sari bage nahiko ezagun egin ziren. Bost urte itxaron behar izan genuen hirugarren diskoa iritsi arte, ordea. Garai hartan denbora-tarte luzea zen, eta horrela azaldu du Mendibilek: “Soldaduskara joatea tokatu zitzaidan, Soziologia ikasketak ere egin nituen. Gainera, euskara irakasle izan nintzen Deustun, eta bikoizketa lanetan aritu nintzen beste bi urtez”.

Itxaronaldia luzea izan bazen ere, 1983ko maiatzean disko harrigarria kaleratu zuen. Seguru aski, kantautore estilotik rock progresibora egin zuen jauzia izan zen deigarriena, garai hartan, edo 1978tik 1980ra bederen, Euskal Herrian nahiko bogan zegoen estiloa zen arren. 80ko hamarkadaren hasiera ez zen bereziki ona izan euskal kantagintzarentzat, eta disko gutxik ikusi zuten argia aurreko hamarkadaren bukaerarekin edo 1984tik aurreragoko garaiekin konparatzen badugu. “Gaztea nintzen eta gauza berriak probatzea atsegin nuen –dio Mendibilek–. Musikari talde ona nuen inguruan, eta rock progresiboan eta funk eta jazz tankerako kantetan murgildu nintzen”.

1982ko abuztuaren 24an Donostiako Belodromoan kontzertu historiko bat ikusi zuen Gontzalek: King Crimson progresiboaren jainkoek eta Roxy Music taldeak eman zutena, alegia. King Crimsonen zale amorratua zen eta kontzertu hark eragina izan zuen hurrengo diskoa grabatzerakoan. Genesis-en zalea ere bazen Gontzal, eta Peter Gabrielek Belodromoan bertan 1988ko irailaren 27an eman zuen kontzertuan ere izan zen. “Zoragarria izan zen: gogoan dut kontzertutik atera eta Jainkoa ikusi banu bezala sentitu nintzela. 1986an atera zuen So diskoak, agian, eragina izan zuen nik geroago egingo nuen Zuri So lanean. Nik, kasualitateetan baino gehiago, kausalitateetan sinesten dut”.

 

Jazz fussion trazak progresiboan

1978tik 1983ra arte joan ziren bost urte haietan, zein momentutan etorri ote zitzaion burura Gontzali gisa honetako lan bat egitea? “Donostian eta Gasteizen antolatzen zituzten jazz kontzertuak ikustera joaten nintzen; Chick Corea, Bobby McFerrin, Al Jarreau, Dave Brubeck eta, batez ere, Keith Jarrett-en fan bihurtu nintzen”. Bilboko Infussion Jazz taldeak, aldiz, bere ibilbidean, eragina ez ezik, protagonismoa ere eduki du. Gontzal gitarra klaseak hartzen aritu zen Bilbon. Bere irakaslea, Raul Llames, talde horretakoa zen. Han ezagutu zituen Fran Rubio (pianoa), Alberto Rodriguez (gitarra), Eduardo Basterra Baxter (baxua) eta abar, denak lehen aipatu talde horretakoak. Gainera, lan horretan parte hartu ez zuten arren, geroago nahastuko ziren Gontzalen beste disko batzuetan Infussion taldeko Javi Alzola (saxofoia, flauta) eta Blas Fernández gitarrista ere. Gehienek zuzenekoetan ere lagundu zuten.

Disko berrian parte hartu zuten musikarien artean Javi Urrejola (saxofoia), Adolfo Garcia Gorria (perkusioa), Josu Urrejola (flauta) ere bazeuden. Horiez gain, Akelarre taldeko Pako Diazek (bateria) eta Karla Ardanzak (kanta batzuetan ahotsa) ere grabatu zuten. Guztira bederatzi musikari izan zituen lagun grabazioan. Haietako batzuk rock formatura ohituta zeuden, baina batez ere jazz fussion eta jazzrock estiloan adituak ziren. “Nolabaiteko aire berrietara egin nahi nuen jauzi, eta premiazkoa ikusi nuen neure burua halako molde berrietan jartzea”. Grabaketa 1982 eta 1983 bitarteko neguan egin zuten, eta maiatzean argitaratu zuten.

Infussion taldearen jazz ukitua nabaria den arren, rock musikarekin uztartu zuten kantaotan. Batzuetan rock pisutsua ere lantzen duen arren, azken emaitza rock progresiboaren domeinuetan kokatu behar dugu, inolako zalantzarik gabe. Jazza ez da progresiboa egiteko nahitaezko baldintza, noski, baina progresiboko talde askok beren baitan hartu zuten, elementu gehigarri bezala. Beraz, jazza progresiboaren faktore posible bat da, ez gehiago eta ez gutxiago. Egituren konplexutasunak, erritmo aldaketek, garapen instrumentalek, esperimentaziorako joerak eta diskoaren beraren kontzeptuak euskal rock progresiboaren altxorren artean kokatzen dute Haspere itun. Aletu dezagun.

 

Eraman ezazu
Dotorea, jazz fussion trazak dauzka eta modu ezin aproposagoan hasten du diskoa. Gontzal Mendibilen hitzetan: “Bagare-k Euskal Herri guztietan garela dio eta pena dela euskera azkartzeko, Euskadi askatzeko. Etxeparek, mende batzuk lehenago, euskara plazara eraman behar dugula esan zuen. 1983an, Mikel Zarateren hitzekin, gakoa euskara gaurko medioetara eramatea dela adierazi nahi nuen. Jazz fussion eta rock progresibo manerak dauzka. Gogoa eta indarra dario zainetatik”.

Santutxuko aldapan
Zortzi minutuko abentura zirraragarria. Fran Rubioren pianoak maisuki egiten dio sarrera luzea, geroko jostagarritasunak jazzrock elegantea azaleratzen duen arte. Eduardo Basterraren baxuaren presentzia sakona, Javi Urrejolaren saxoa, Fran Rubioren pianoa eta erritmo sinkopatu ahalguztiduna. Gaiari dagokionez, diskoko adierazgarriena da agian. “Ia beti hitzekin hasten naiz musika konposatzen eta hitzek erakarri behar naute. Santutxuko Aldapa Bilbao La Nuit barruan sar daiteke, neure herrikoa den Jesus Etxezarragaren hitzei berebiziko musika jarri nien eta musikari onak alboan izatea beti da bermea emaitza ona lortzeko. Bai, nik ere uste dut kanta adierazgarria dela”.

Argi hura
Jazz estiloan mugitzen den arren, aurrekoekin alderatuta aire ezberdina dauka. Loriosa eta ondo jantzia, nolabaiteko klasikotasuna irradiatzen du. “Ipurtargiak ikustera joaten nintzen. Gogoan dut Zeanuriko bide-bazterretan, gauez, hainbat ikusi nituela; haien argi-printzek sinbolismo handia daukate. Gutxi irauten dute eta, beraz, argiak joan-etorrian datoz. Kanta hau aire gozoz eta malenkoniaz idatzi nuen”.

Lyli
Kanta honetan, berriz, rock and rolla da nagusi, betiere testuinguru jostagarri, esperimental eta progresiboa alde batera utzi gabe. Beste behin, sarrera instrumental luzeak dezibelio festa dakar: erritmo aldaketak, baxu eta oinarri erritmiko beltz-funkya... Ahotsa asko goratu zuen errepikei indarra emateko. Ia zortzi minutuko gozamen askea, erdialdetik aurrera bereziki gogorra, eta amaieran... reggae erritmoko pasarteak. “Benetan esperimentala. Lyli nire bikotekidea zen; ondoen geundenean puskatu zen harremana. Batetik apurketa eta bestetik libertatearen aldarria dago hemen. Hasperen itun diskoaren izena ere hortik dator: apurketatik. Aldaketa sumatzen da. Gauza eta istorio berrien bila nenbilen. King Crimsonen aire bat dauka, misteriotsua”.

Neure barruan
Pieza polita; nolabait esateko, konbentzionalagoa. Bukaerako zati luzean, melodia landua eta oso ederra dauka. “Bittor Kapanagaren hitzak dira. Berriro hasperen ituna, nork bere barruko pena edo ezintasuna. Egoera tamalgarria edo tristea adierazten duten hitzak eta musika dira. Kantatzeko modu tradiziolanalari konponketa modernoa egin genion. Ilunetan indarra dut hartzen. Noche oscura-Gau iluna idatzi zuen Fontiverosko poetak, eta gau ilun hartan atera zituen poemarik ederrenak eta adierazgarrienak”.

Argiñe
Hau ere egitura klasikoagokoa. Balada oso polita da, hiru ahotsetan errematatua. “Hau ere maitasun kanta da, Araban ezagutu eta Bizkaiko urak eraman zuena. Oso barrenean bizitako poema esanguratsua”.

Hasperen itun
Diskoko altxorra. Hamar minututik gorako artelana. Bi minutuko sarrera instrumental atonala (Yes edo Genesis-en antzera, nahita tonuz kanpo konposatutako pasarteak), gero saxoz bustitako jazz erritmo sinkopatu beltzarana. Bosgarren minututik aurrera, Karla Ardanzak ahotsarekin egiten duena zirraragarria da. Gontzalek inoizko tonurik altuenak lantzen ditu, bukaerako pasarte dramatiko eta amorratuetan oihu egitera iritsi arte. Maila musikalean, inoiz egin duen abestirik gogorrena da. “Mikel Zarateren hitzak dira eta uste dut horretan datzala disko honen iturria. Herri kulturaren oinarripean zegoen euskara eta euskal kultura ere. 1974az geroztik Bilbon bizi izan naiz eta sarritan aipatzen zen euskara eta euskal kultura hiritartu behar genituela. Bestalde, honek baserri kulturaren deuseztapena zekarren”.

Lore loreño
Ekaitzaren osteko barealdia eta epilogoa. Kantautore melodikoen klasizismoa, bakea eta ongizatea transmititzen ditu. Ez da kasualitatea diskoaren azkenekoa izatea. “Oso indartsu hasitako diskoaren amaiera lasaia. Hiriko kulturan, asfaltoan, espaloietan, lore bat sortzen zaigu, hau da, hirian gaude eta herrimina sentitzen dugu. Hiriko hizkuntza eragindura berdez jantzia”.

 

Hala amaitzen da Hasperen itun diskoa; zortzi kanta eta hiru ordu laurdenetik gorako lan mardula. Mikel Zaratek hiru abestiren hitzak idatzi zituen: “Lezamako poeta eta idazle fina, euskaltzale amorratua. Langile aparta, hainbat liburu argitaratu zituen eta gazterik hil zen. Euskara edonora zabaldu behar dela aldarrikatu eta adierazi zigun”. Gontzalek bost kanta oso-osorik konposatu zituen, eta beste hirutan Infussion taldeko batzuek ere parte hartu zuten. Gure protagonistak Euskal Herrian grabatu zuen lehen diskoa izan zen hau. Donostiako Tsunami estudio berria aukeratu zuen horretarako, eta soinu teknikariak J.A. Lopez, Luis Villa eta Oscar Clavel izan ziren.

Rock progresibo deritzon estiloaren baitan, euskal eszenan, zutabe izan zen Hasperen itun. Soinua eta exekuzioa maila altukoak dira. Azken emaitzarekin gustura gelditu zen Gontzal: “Ni hasi nintzen garaian, ‘protesta-kantautore’ legez sailkatuta geunden. Baina artea eta sorkuntza zabala da, eta bizi izan nituen garaiak damu ez zitzaizkidan arren, esparru musikala zabaltzeko gogoa nuen. Ez naiz geldirik egotekoa, eta nola bizitzan hala sorkuntzan zein musikan ere, bide berriak jorratu nahi nituen. Nork bere burua ezagutzeko ere, beti da ona. Nire sorkuntzak ekipo ona behar zuen aldamenean, eta zorionez musikari ezinhobeak izan nituen alboan”.

Musikalki ezuste handia izan zen bezalaxe, hitzei dagokionez ere jauzi handia dago aurreko lanekin alderatuta: tematika hiritarra, kosmopolita, Bilbao La Nuit, kale ilunen deskribapena... “Kanta hauek nire garai haren adierazgarri dira. Diskoa kontzeptuala dela esango nuke, nahiz eta askotariko estilotan mugitu, zentzu eta ildo bat jarraituz egina dagoelako”. Fernando Blancok egin zuen diskoaren azala. Hiriko kultura eta gaueko bizitza era oso adierazgarrian islatzen du. Ideia Mikel Katalina diseinatzailearena izan zen.

Lan boteretsu hori grabatu eta gero, zuzenekora eramateko momentua iritsi zen. Orduantxe hasi zen etaparik zailena. Eta erretinan, eszena ahaztezin bat: Urkiolako AEKanpada, 1983ko ekainean. Hala gogoratzen du Zeanurikoak: “Musikari talde bikaina eta ekipo oso ona nituen. Nire janzkera dotoreak (kapela, soineko zuria eta pajarita) Bilbao La Nuiteta hiriko kultura irudikatzen zituen. Neska bat ere eduki nuen oholtzan, dantzari moduan. Gisa honetan kantatu nituen Santutxuko aldapan, Hasperen itun, Eraman ezazu eta horrelako kantak”. Abestera atera eta… txistuak eta oihuak entzun behar izan zituen: Zer dugun ikusteko, nola aldatu den hau! Amerikar itxura horrekin, kapela zuriz... hau al da gure Gontzal?! “Beraz, ikasgai ona: gaur goian zaude eta bihar ez zara ezer”, dio Mendibilek. Eta gehitu du: “Urkiolakoa proba bat zen. Jendeak niri buruz zuen irudia bestelakoa zen. Artean ari garenok unean-unekora egokitzen gara eta probokatzea eta estereotipoak apurtzea ere askotan ona izaten da”.

Hala bada, kontzertu gutxi egin zituen disko hura aurkezten. “Gasteizen, Zeanurin, Ortzaitzen edota Berangon aritu zen. Bilboko jaietan, Plaza Berrian nuen kontzertua, baina uriolak izan ziren egun berean eta dena bertan behera geratu zen”. Hala eta guztiz ere, porrotetik arrakastatik baino gehiago ikasten dela argi du Gontzal Mendibilek. “Nire bizitzak aldaketa sakona izan zuen orduan. Pentsa, diskoa atera eta gutxira bederatzi hilabeteko bidaia egin nuen, Erdialdeko Amerikara eta Hego Amerikara joan nintzen, artean bizi nuen garai desatsegina ahazteko, aldatzeko eta indarberritzeko asmoarekin”.

Beste bost urte itxaron behar izan genuen bere hurrengo diskorako: Egunen batean 1988an argitaratu zuen. “1984ko urtarrilean joan nintzen, eta udazkenera arte ez nintzen itzuli. Lehenik Nikaraguan izan nintzen. Sandinistek urte batzuk lehenago irabazi zuten. Han bizitakoa oso baliagarria izan zen niretzat. Panaman, Colombian eta Ecuadorren izan nintzen, eta Brasilen Amazonas oihana zeharkatu nuen. Brasilen hiru bat hilabete pasatu ondoren, Venezuelara joan nintzen, eta azkenik Cubara, egun batzuk pasatzera”. 1984an Soziologia ikasketak amaitu eta udazken partean Bilboko Ulibarri euskaltegian irakasle lanetan hasi zen. 1991ra arte jardun zuen bertan. 1987ko udaberria eta udaren zati bat Baztanen pasatu zuen, Oronoz-Mugaireko fraide maristei euskara klaseak ematen. Hantxe sortu zituen Egunen batean (1988) diskoko kantak. Haietako batzuk oso entzutetsuak. Baina hori beste batean kontatuko dugu...

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.