entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Atzera Begira

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2024-02-29

Egan

Bizitza oholtza gainean


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Eguraldi ederra dago gaur. Xabier Saldias (Azpeitia, 1951), euskal musikagintzaren historiako protagonista mitikoa, gustura sentitzen da hemen. Hondartza ondoko terraza batean eseri gara. 1980ean Azpeitiatik Donostiara aldatu zen bizitzera, eta han eman zuen bizitzaren zatirik handiena: 38 bat urte. 2018an, ordea, Zarautzera etorri zen. Xabier aurrean eserita daukat, eta ezin dut sinetsi. Zenbat gozamen… zenbat parranda eta dantza egin ditugu Egan taldearekin! 1970ean sortu zen, eta euskaraz kantatuz egin zuten ibilbide osoa. Azpeitiar boskote hark gure hizkuntzaren normalizazioaren alde egin zuen lana berebizikoa da. Xabier Saldiasek berak, Egan izenarekin, 4.600 emanaldi inguru egin zituen, harik eta 2016an merezitako erretiroa hartu zuen arte.

Testua: Urko Ansa
Argazkiak: Elkar

Xabier Madina (1945-2016) kantariaren banda bezala eman zituzten Eganekoek lehen pausoak. Madina Akelarre taldera batuko zen gero, Asfaltuko lorea diskoan kantatu zuen. Eta Eganekoek laster hasi ziren berezko bidea urratzen. Gure herrietako plazak dantzan jarri zituzten, berbenak txistuz eta danborraz edo trikitiarekin soilik egin zitezkeela zirudien garaien. Dantzaldien modernizazioa bultzatu zuten, herriko eta auzoetako jaietara ia estilo guztiak ekarriz eta, zenbaitetan, jatorrizko bertsioak gaindituz. Hori, bereziki, diskoetan antzeman zitekeen, zuzenekoetan baino gehiago. Zortzi lan grabatu zituzten 1985etik 1993ra bitarte. Gero, taldea goiaren goian zegoenean, komeriak hasi ziren, eta betirako banaketa. Xabierrek aurrera jarraitu zuen Egan izenarekin, eta beste bi disko eta bilduma bat (kantak berriz, aldaketa batzuekin, grabatuta) atera zituen. Aurrerago, garai berrietara egokitu behar izan zuen bizirauteko, harik eta 2016an merezitako erretiroa hartu zuen arte. Bere kalkuluen arabera, 4.600 emanaldi inguru egin ditu Egan izenarekin.

Gonzalo Pelaez (baxua, ahotsa) eta Joxe Mari Pelaez (gitarra, ahotsa) Eskapolis taldeko partaideak ziren. Gonzalo izan zen, bietatik, Egan taldean sartu zen lehena. Hasiera batean, Xabierrek gitarra ere jotzen zuen (hamabi sokako Ibanez bat ere eduki zuen), baina punteoak-eta egiteko, azkenik, Joxe Mari hartu zuten. Alberto Frantzesena bateria-jotzailea, Xabier bezala, hasieratik izan zen taldekide. Taldea 1984ean egonkortu zen behin betiko, Imanol Aranburu teklista batu zitzaienean. Boskote horrek 1994ko banaketa traumatikoraino iraun zuen. Urtero, uztailaren 24an hasi eta abuztuaren 31ra arte, egunero jotzen zuten; 40 egunez jarraian, eta batzuetan hiru saio ere egiten zituzten: eguerdikoa (12:00–14:00 bitarte), arratsaldekoa eta gauekoa.

 

Bertsiogintzan maisuak

Biniloak errepasatzen ari gara grabagailua martxan jarri aurretik. Ia bi ordu iraun zuen elkarrizketaren laburpena duzue hau. Denok dantzara biniloa (1987, hirugarren diskoa) darabilgu eskuetan; egin zuten hardrockeroena, zitalena eta bihurriena akaso, eta lehen diskoarekin (Hemen gaude, 1985) eta Erromerian (1990) eta Egan berria (1995) lanekin batera, argitaratu zuten onena, ziur aski. Meat Loaf (1947-2022, AEB) abeslariaren konposizio gogorrenetako bat den Dead ringer for love abestia euskaratu eta Zakilixut izena jarri zioten. Lizunkeria eta bihurrikeria handiko bertsioa egin zuten, eta Imanol Aranbururen eta Xabierren ahots urratuek eta exekuzio frenetikoak aupatu zuten: “Aizak andanas, zer habil, gaur lige bat harrapau nahirik? / Anaitxoari lan asko ematen diok aspalditik / (...) Zulo bat bakarrik probatu behar duk hik! / Askotan ibili nahiago diat nik / (...) Atzetik proposamenak eduki? / Mantekila Arias ibiltzen diat nik”.

Euskal musikagintzak, historikoki, lizunkeriari egin dion tartea oso urria da. Baina horretan toki nabarmena izango du beti Eganek, Niko Etxart, Mikel Markez eta beste gutxi batzurekin batera. “Beti xut” dio, barrez, Saldiasek. Gogoangarriak dira Les Humphries Singers taldearen abestietatik abiatuta egin zituzten hainbat bertsio. Lo ez Mexikon izan zen, akaso, famatuena. Hasiera batean, “Gaztedi, lo ez” kantatu zuen Eganek, baina aldaketa pikanteagoa sartu zion Xabierrek: “Bakarrik lo ez”. Eta bukaeran errepikatzen diren ahotsak: “Txortan, txortan, txortan...”.

“Azpeitia beti izan dek oso-oso erlijiosoa. Beti jesuiten menpean, dena komentuz josita zeok. Hura erantzun bat huan: nahikoa dek, emaiok! Errepresioak egiten dik beste puntara joatea”, dio Saldiasek. Eganen emanaldi eta diskoen bidez ezagutu genituen hainbeste kanta. Dena den, inoiz ez zituzten trikitixa edo euskal autoreak alde batera utzi: Iparragirre, Bilintx, Xabier Lete, Benito Lertxundi... Christopher Cross-en Never be the same maila gorenera eraman zuten Gau iluna izeneko bertsio zoragarriarekin. Xabier kantatzen hasi da, elkarrizketak iraun bitarte hamaika aldiz errepikatuko duen moduan. “Abesti hura Joxe Mari Pelaez Peke gitarristak kantatu zian”, dio. Izan ere, boskoteko partaide guztiek zeukaten kantatzeko talentu berezia. Horrek, aurrerago, arazo surrealistak ekarriko zituen, hain justu taldearen barneko egonkortasuna apurtzen hasia zen garaian.

Goazen, baina, bertsio zoragarri gehiagorekin: Rod Stewarten Hot legs mitikoari egin zioten moldaketa (Adarra jotzen) jatorrizkoa baino zitalagoa zen. Gonzalo Pelaez (1946-2007) baxu-jotzaileak kantatu zuen. Disko guztien aniztasuna azpimarratzekoa da, egiten zituzten emanaldien neurri berekoa (lau ordu, batzuetan gehiago). Gainera, abesti ezagunegiak alboratzen zituzten, eta horrek balio erantsia zekarkion proposamenari. Joan Manuel Serraten Palaures d’amor mitikoaren bertsioa, Maitasun hitzak, delicatessen hutsa zen, nahiz eta (berriz ere) Xabierrek pentsatu hobetu zitekeela.

Dena dela, guztien artean distiratsuena Loiolan jai jai izan zen. Xabierrek Bilintxen bertso haiek John Denverren Annie’s song kantaren melodiarekin elkartu zituenean, olerki haien sona biderkatu egin zuen, eta abestia bera euskal kantutegiaren historian sartu zen berehala. Nola arraio bururatu zitzaion? Abestiaren metrikak eta bertsoarenak era harrigarrian bat egiten dute. “Loiolan geunden, Azpeitian, jotzen hasteko prest –hasi da azaltzen–, 11:00etan hasi ginen, baina jendeak berandu etortzeko joera zuen”, dio. Plaza hutsik zegoela gogoratzen du. “Bueno, zaratia ateatzen hasiko gaituk” esan omen zuen eta, Loiolan zeudenez, bertso horiek John Denverren kantarekin uztartzea bururatu zitzaion. “Azkenean, nik ezer egin gabe… Bilintxen letra, John Denverren musika… eta arrakasta osoa niretzako!” –dio algara artean–.

 

Saldiasen lidergoa

Xabier Saldiasek, Egan bandaren lider izan aurretik, kantautore gisa egin zituen lehen urratsak, 1972an hasita. Herri Gogoa / Edigsa-k berak konposatu zituen lau kantako EPa argitaratu zuen, gaur egun altxor bihurtu dena. Xabier bat dator Pako Aristik Euskal Kantagintza berria, 1961-1985 liburuan dioenarekin: “Gehiago espero genuen Xabierrengandik”. Laudorio bezala har liteke aipua, eta badirudi horrela ulertzen duela Xabierrek ere. Baina, jakina, jan beharra zegoen eta, dantzaldiekin dirua sartzen zela ikusita, hainbeste maite zuen musika ogibide bihurtzeko aukerari heldu zion. Zuzenbidea ikasten hasia zen, gero enpresaritza ikasketak egiten ere ibili zen bi urtez baina, dantzaldiek hain ondo funtzionatzen zutenez, horiekin egin zuen aurrera.

Negar ere kantatzen egiten duela irakurri genion behin. Bere aita hil zenean, Aitari izeneko kanta idatzi zion. Grabatu zuenean negarrez ari zen, kantatu ezinik ibili zen. Baina horrela uzteko esan zioten (seguru aski Daniel Lazerus teknikariak), sentimendu handia adierazten zuelako. Ama duela gutxi hil zaio, 96 urterekin. Freddie Mercury hil zenean, Eganek Queen-en omenezko diskoa egin zuen. Konponketa bikainak, melodia eta polifonia loriatsuak... Badirudi, ordea, ez zitzaiola behar bezainbesteko baliorik aitortu. Esango nuke jendea orain hasi dela orduko lan hark duen balioaz jabetzen. Eganen ia disko guztietan bada Queenen bertsioren bat.

Historia zinez bidegabea izan da dantza-taldeekin, beti bigarren mailakotzat ikusi izan ditu. Lehen aipatu dugu emanaldien iraupena; lau ordukoak ez ezik, sei ordukoak ere izaten ziren. Gaupasak ere ezin ahaztu: askotan goizeko ordubatean hasi eta bostetan amaitzen ziren. Baltsak, trikitixa, popa, reggaea, ska, rocka, pasodobleak, rantxerak... denetarik pixka bat. “Batzuetan errepertorio komertzialera jo behar genuen, baina horren baitan ere kalitatezko musika eskaintzen genuen”, gogoratu du Xabierrek.

Saldiasen karismak segurtasun handiz zuzentzen zituen dantzaldi haiek. “Baina ordu eta erdiko kontzertu bat, dena milimetrora antolatutakoa... ez dakit egiteko gai izango nintzatekeen”, ñabardura gehitu du. Eganek 50 urte bete zituenean, 2020an, areto batzuk alokatu eta sarrera kobratu zuten, “melomanoentzako emanaldiak” zirelako. Jendeak ez zuen, antza, ordaintzearena oso ondo ulertu, eta eserita musika entzuteko gozamenaren kontzeptua ez zuten, nonbait, talde honekin lotzen.

Dena den, Eganen balio artistiko eta teknikoa baieztatzen duten froga fisikoak egon badaude: grabazioak. Hamaika disko guztira, teknikoki onak, anitzak, erritmo eta estilo askotarikoak... eta, dantzaldietan bezala, dena euskaraz! Eganen diskoei ikuspegi kritiko eta zorrotzetik begiratzeko joera du Xabierrek: “Orain ateratzen diren ahotsak gure garai hartan ezin ziren atera. Orain instrumentu bakoitzari frekuentzia txarrak kentzen dizkiote eta zeroan uzten dute. Ahotsa entzun eta hemen bertan kantatzen ari direla dirudi”.

Garai batean modan egon ziren kanta tiroldarrak. Eganek teknika bikainaz landu zituen, baita rantxerak ere. Rock zeltak ere bere bultzada izan zuen 90eko hamarkada hasieran. Txanpa hori hartu zuten 1990ean bertan, Imanol Aranburuk abestu zuen Biolina saltoka harrigarriarekin. Imanolek (Sakre eta Basakabi taldeetako partaidea izandakoa eta melotroia erabili zuen euskal musikari bakanetakoa) ezin hobeto egiten zituen zati rockeroak, tonua asko goratzen zuen eta, besteek bezala, ahots-teknika bikaina zeukan. Intentsitate igoera horiek dantzaldietan kontrapuntu lasaia izaten zuten, hala nola baladekin, edota kantu pausatuagoekin.

Herriak eta auzoak jendez gainezka jarri zituzten, bide batez euskara ere bultzatuz. Akaso inkontzienteki: “Azpeitian normala da euskaraz kantatzea. Konturatu ginen, hori bai, nolabait Euskal Herriari kulturalki zer edo zer eman diogula, adibidez, Bilbon edota Barakaldon eduki genuen arrakastarekin. Batere intentziorik edo pretentsiorik gabe egiten genuen. Munduko musika euskaratzea zen gurea”.

Lehen diskoa oso ondo saldu zuten. Hurrengo hiru diskoen kalitatea sobera frogatua dagoen arren, salduena bosgarrena izan zen: Erromerian (1990). IZ argitaletxearen meritua izan zen hori. Izan ere, Xabierren arabera, asko saltzen zuten artista ugari zeuden Elkar taldean sartuta, eta lehentasuna haiei ematen zieten. IZk zirrikitu bat ikusi zuen hor, aukera bat, eta bitarteko asko jarri zituen Eganen esku: “Asko zor diogu Fernando Unsaini”. Zer diren gauzak… liburu honetan bertan hiru aldiz aipatu dugu Fernando (Koska, Egan eta Gontzal Mendibili buruzko artikuluetan), eta horiek idazten ari ginela betirako joan zaigu Fernando.

 

Gorenean, arazoak

Arrakasta handiena bizitzen ari ziren unean sortu ziren arazoak taldearen baitan. 1993an, ETBn, berezko saioa edukitzera heldu ziren: H-Egan, Saldias zen aurkezlea, eta taldeak saio guztietan jotzen zuen. Garai hartan egoak eta barne-liskarrak sortu ziren, eta guztia pikutara joan zen. Denek kantatzeko proposamena ondo hartu zuen Xabierrek. Bere hitzetan, gainera, proposamena berea izan zen. Baina taldekideek beti beraiei zegokien kanta Gonzalori pasatzen omen zioten. 1994.urte amaieran, banandu zirenean, 212 emanaldi eginak zituzten. Orduan, Xabierrek Eganekin jarraitu zuen, eta beste lauek Trabuko sortu zuten. Urte hartan, 1995ean, Eganek 140 emanaldi egin zituen; eta Trabukok 160. Guztiak batuta, 300. Trabukoren barruan ere liskarrak hasi ziren bi urteren buruan. Xabierren arabera, Gonzalok musika herrikoia atsegin zuen eta Imanol rockzaleagoa zen. Imanolek, Albertorekin batera, Irailerako 6 sortu zuen; eta Gonzalok, Joxe Mari anaiarekin, Kiñu taldea abiarazi zuen. Gonzalo 2007an hil zen, baina bukaerara arte jarraitu zuen kontzertuak ematen. Joxe Marik dantzaldiak egiten jarraitzen duela uste dugu.

Musikari berriak ekarri eta Egan berreraiki zuen Xabierrek; eta apustua igo zuen: kanta berriak egiten hasiko ziren. Egan berria aparteko diskoa izan zen, oso rockeroa baina, era berean, askotarikoa, taldearen tradiziorik hoberenean. Jorge Gonzalez gitarristak parte-hartze nabaria izan zuen, eta David Redondok balada heavy zoragarria konposatu zuen: Zu barik. Martxa eta kitto izeneko taldearen historiako gogorrenetakoa. Baina jendeak Egan dantzaldietan irudikatzen jarraitzen zuen, eta ez zuen gogo handiegirik azaldu abesti berriak entzuteko. 1996ko Meta eginez diskoan berriz ere bertsioetara bueltatu behar izan zuen taldeak.

Gero, 2016an erretiroa hartu arte, Xabierrek hamaika aldaketa egin behar izan zituen taldean: partaideen joan-etorriak, formatu aldaketak, bateriarik gabeko emanaldiak, dantza eta koreografia hobesten zuten emanaldiak, ETBn lehiaketen aurkezle eta kantari... Dantzaldien aroak gainbehera ezagutu zuen 90eko hamarkada bukaera luzean, eta oraindik banandu gabe eusten zioten gure banda klasiko askok utzi behar izan zuten. Eganen 50. urteurrenean emanaldi batzuk egin zituzten, baina badirudi gehiago ere egingo dituztela. Iaz, adibidez, zortzi. Jubilatu aurreko azken urtean, aldiz, 60 emanaldi egin zituen Xabierrek. Zifra benetan altua.

 

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.