entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Atzera Begira

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2024-02-26

DDT banaketak

30 URTE BAINO GEHIAGO BILBOTIK KONTRAKULTURA ZABALTZEN


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

80ko hamarkadan, kaleek bazuten pentsatu, sortu eta barrukoa argitara ateratzeko halako grina bat. Fanzineak eta maketak han eta hemen zeuden salgai; tabernetan nahiz gaztetxeetan, musikariek eta mota guztietako taldeek utzita eta, askotan, ahaztuta. Zurrunbilo horretan, Bilboko Zazpi Kaleetako gaztetxean eta beste hainbat saltsatan nahastuta zebiltzan zenbait pertsonek zabalpen-tresna bat sortzea erabaki zuten, produktu horiei guztiei behar bezalako hedapena emango ziena: DDT Banaketak. Omar Lopez lantaldeko kidea da, eta bere eskutik egin dugu hiru hamarkada hauen gaineko errepasoa.

 

Testua: Alvaro Hilario

Duela 30 urteko Bilbo oldartsuaren kale-giroan nahastuta zebilen jende-multzo batek bestelako banaketa eredu bat irudikatu zuen hirian sortzen ziren musikak, testu politikoak… kontrakultura hedatzeko. Egileei sorkuntza nork bere auzotik harago eramateko balio izango zien, baita materialak autoeditatzeko ere.

“Aurreko 36 urte hauetan egoera zeharo aldatu den arren, oraindik bada jendea gauzak egiteko gure modua gustuko duena. Eta eskaintzari dagokionez, gure katalogoak eta dendak, autoedizioak ez ezik, sistemarekin bat egiten ez duten materialen sorta zabala biltzen dute. Horrelako material politikoak eta fanzineak gogoko dituztenentzat edota, saiatu arren, editorerik aurkitzen ez duten idazleentzat DDTk bertan jarraitzen du”, dio Omarrek.

Ia hasiera-hasieratik, tokian tokiko musika taldeen lanen argitalpen-prozesua errazteko asmoz, DDTk berezko diskoetxea izan zuen. Izan ere, burokrazia eta beste hainbat tramite ez ezik, guztien gogoan dago hirian sortu ziren lehen taldeek sinatu behar izan zituzten gehiegikeriazko kontratuak. Potrotaino, Ume Gaiztuak, Beer Mosh, Trauma, Flying Rebollos, Skandalu Publiku, Utikan, THC Arbol-Finisterrae, Soziedad Alkoholika, MPB izan ziren horietako banda batzuk. DDT diskoetxean, aldiz, baldintza bat eta bakarra zen: Zuk Zeuk Egin (gaurko Do It Yourself) filosofiari eustea. “Hau da, zure asmoa diskoa grabatzeko 15.000 euro gastatzea baldin bada eta 500 disko hogeina eurotan salduz dirua berreskuratzea, DDT ez da zure lekua. Ez gara BBK Liven jotzeko tranpolina”, argitu du Omarrek.

Hastapeneko oinarri eta balore horietan sendo segitzen du DDTk. “Izatekotan, gaur egun irizpide berririk badugu, musikari dagokionez, biniloa baliatzearena da. CDa ez dugu ia ezertarako erabiltzen. Katalogoan ikusgai dauden CDak aspaldiko materiala dira. Horiek eta zenbait maketa zahar, bildumazaleen gozamena dira. Maketak bai, egiten segitzen dugu, nahiz eta tirada motzak izan. CDa, baina, plataforma digitalek eta antzekoek hil dute. Badira 15 bat urte biniloak aurrea hartu ziola CDari. Diskoak, Sareak ez bezala, kantak eta taldeak bereizteko aukera ematen du; nahi duzun kanta entzuteko aukera, letrak irakurtzekoa. Euskarri digitaletan jendeak ez du horrelakorik egiten. Eta hori talde txikientzat oso kaltegarria da; Sareak eta plataformek ekarri duten ustezko demokratizazio horretan, arrain handiak txikia jaten baitu. Plataformetan ezin duzu, adibidez, talde batek diskoz disko bizi izan duen eboluzioa antzeman. Biniloak, soinua ez ezik, musikarekiko beste era bateko harremana eta kultura berreskuratzea dakar”, arrazoitu du Omarrek.

 

Underground

DDT anabasatik sortua da, komunitateak elikatua. Baina gaurko Bilbao ez da duela berrogei urteko Bilbo oldartsua eta, beraz, DDTko lantaldea jada ez dabil soilik inertziari esker. Omarrek argitu du: “Militanteek eta egileek beraiek sortzen eta kontsumitzen dute bertan. Asko underground zirkuituan mugitzen dira eta hau bezalako ekimenak sustatzen dituzte”. Ez dira mundutik at edo errealitateari bizkarra emanez bizi: “Bada musika munduan profesional izan nahi ez duenik, edo hasten ari den jendea, antagonismoan dabilena gizartearen eta kultura eredu jakin baten gaineko kritika eginez… eta gu, hor gaude, laguntzeko prest”. Batzuek, baina, ez dituzte begi onez ikusten. Honela azaldu du Omarrek: “Egun gauden auzoan, Bilbo Zaharrean, areagotu egin da gure kontrako jarrera, Udala bultzatzen ari den gentrifikazioa dela eta. Baina gustatzen zaigu hiri-eredu horren ipurdian garaua izatea”, dio barrez.

DDTren 30. urteurren jaia Bilbo Zaharreko plazak hartu zuen ezinbestean. 2019an izan zen. Herri bazkaria egin zuten, eta Deustuko Elfo Negro taldea berriro elkartu zen egun hartan kontzertua emateko.

Mende berriarekin batera, undergrounda, alternatiboa baina negozio bilakatu zen. Hala gogoratzen du Omarrek: “2001ean-edo, zenbaitek ikusi zuten banaketa-talde alternatibook mugimendu handia genuela inguruan, disko eta liburu asko saltzen genituela. Zenbait oportunistek ustezko diskoetxe alternatiboak sortu zituzten orduan; banaketa-enpresak zuzen-zuzenean sartu ziren gure munduan. Kulturgintzak bere zatia eskatu zuen, eta horrek gure munduan zatiketak eragin zituen: batzuk profesionalizatu egin ziren eta hainbat urtez ehundutako sareak desagertu egin ziren”. Nekea ere agertu zela argudiatu du Omarrek: “Zenbait ekimenetatik tiraka aritu zirenak nekatu egin ziren, seme-alabak izan zituzten, lekukoa hartuko zuenik ez zen agertu, eta akabo”. Hala ere, taldeen eta pertsonen arteko elkartrukeak badirauela dio.

Gaur egun, gutxi dira materiala salgai duten tabernak; eta ahaztuta daude DDTkoek ateratako fanzineak, txapak eta maketak han eta hemen uzteko ibilaldi haiek, eta baita bidenabarreko basoerdiak ere. “Zenbait puntu finko izaten segitzen dugu eta, bestalde, oso noizean behin, ibilaldiak berreskuratzen ditugu: aurreko hilabeteotan, adibidez, aurten kaleratu dugun Hemen eta Orain biniloarekin egin dugu. Bilboko hamalau talde (Marmol, Gurs, Uger, Shöck…) batzen dituen lana da, zerbait berezia, eta horregatik hiriko auzo zein taberna guztietan egon behar zuela pentsatu genuen”. Atez-ateko lan horrez gain, DDTkoak antzeko beste zenbait banaketa-taldeekin aritzen dira elkarlanean, eta presentzia izaten dute azoketan, kontzertuetan eta Sarean ere.

Hemen eta Orain binilo horrek punkaren inguruko hamaika etiketa eta soinu bildu ditu. Baina, horren atzetik, DDTk beste bi lan kaleratu ditu: Bilintx eta Gonorriaga postpunk taldeek partekatu duten argitalpena, batetik; eta Trinchera hardcore bandak ondu duen Ternura kasetea, bestetik.

 

 

Beste Durango

Urte asko pasatu dira Resiste aldizkariko kideak eta DDTko lagunak Barrikada taldearen Bahia de Pasaia single pirata Durangoko Azokako atean saltzen jardun zirenetik. Harrezkeroztik, bestelako banaketa ereduek beti izan dute era bateko edo besteko presentzia Durangon. “Baina, urteek aurrera egin ahala, geroz eta zailagoa jartzen ari zaigu Durangoko Bestelako Azoka edo Azoka Alternatiboa aurrera ateratzea, aldapa gora geroz eta malkartsuagoa da”, dio Omarrek.

DDTkoek hasieratik hartu zuten parte ekimen horretan, artean Sapuetxe gaztetxeak sustatzen zuen, eta gaztetxearen inguruko jendearen eta azpiegituraren babesa zuen. “Ekimena indartsu hasi zen, baina gizarte mugimenduen krisialdekin batera lehenik, eta Sapuetxe desagertuta gero, azokak une latzak bizi izan zituen. Zenbait talde desegin eta beste batzuk profesionalizatu zirela ere kontuan izan behar dugu. Gaztetxearen azpiegitura hori galduta, lan eskerga itzela izan zen hurrengo bost urteetan ere azoka altxatzea. Eta horretan, durangarrak ez ezik, urrunetik gerturatzen zen jendea ere aritu zen”, gogoratzen du Omarrek. Gerora, auzokideei esker, lokal bat izan zuten, kontzertuak antolatzeko aukerarekin gainera. Baina, hura utzita, CNTren egoitzara pasatu zuten ekimena, eta gaur egungo espazio gabezia salatzen du Omarrek. “Ofizialtasunetik kanpo sormena eta kultura badela ikusaraztea oso garrantzitsua da, eta horretan segitzeko kemena dugu bai DDTkook eta baita beste talde batzuetakoek ere”.

Durangoko Azoka bera ere horretaz konturatu dela dio Omarrek: “Ikusi dute beharrezkoa dela talde txikiei, beren kabuz ari direnei, tokia egitea. Jendea Azokara erakartzeko beste elementu bat da, indartsua. Ez dakit zergatik ez duten lehenago egin”.

 

Hala eta guztiz ere, DDTkoek beren kabuz segitzeko determinazioa dute. “Azoka ofizialaren barruan dagoena txarra denik ez dut esango; denetarik dago. Baina ez dugu begi onez ikusten batzuei materialak eramateko ezartzen dizkieten irizpide berberak ez ezartzea enpresa handiei, adibidez. Izan ere, talde eta argitaletxe txikiak dira, azken batean, arnasa behar dutenak, euskarazko sormenaz ari bagara, batez ere”.

Zentzu horretan, azoka alternatibora hainbat urtez kanpoko talde asko etorri izan zirela gogoratzen du Omarrek, eta ez diola zentzurik ikusten horri: “Guk hemengo sortzaileentzako espazio alternatiboa izaten segitu nahi dugu. Guk Euskal Herriko kontrakultura islatu nahi dugulako, ‘gure kultura’-tzat zer ulertzen dugun adierazi nahi dugulako”.

 

 

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.