entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Atzera Begira

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2024-02-22

Beran bizi naiz

... eta merezi du

Beran bizi naiz eta merezi du / Arazoak ttikiak dira, arazoak ttikiak dira... Hala dio Pettiren Amets bat lehen diskoko Bera kantak. 2024. urtean mende laurdena beteko du aipaturiko lanak. Bai; 25 urte gaurgero. Ni ere Beran bizi naiz. Ez nuke erranen arazoak ttikiak direnik. Izanen da arazo aunitz dituen beratarrik, arazo guttiago dituenik ere eta, auskalo, agian arazorik ez duen baten bat izanen da hortik barna. Zorionekoa bera! Pettirekin bat nator, ordea: Beran bizitzeak merezi du.

Testua: Julen Zelaieta

Mendiak inguruan, itsasoa bertatik bertara. 3.500 biztanle pasatxorekin, herri ttikia izan gabe, handiegia ere ez. Zerbitzu eta ekintzak nahi adina; 0tik 18 urtera arterako bost ikastetxe, kiroldegia, musika eskola, denetariko elkarteak... Lanik nahi duenarentzat ere, industriagunean ez ezik, Ibardingo bentetan lan faltarik ez. Tira, gauza bat garbi dut: Beran ez gara gaizki bizi! Edo, hobe erranda: Beran ederki bizi gara!

 

Musikak garrantzi handia izaten du pertsonon bizitzetan. Beran ez dugu kexatzeko motiborik ba! Gure herria zerbaitegaitik bada ezaguna, hori herriak eman dituen musikariengatik eta gaur egun ere herrian bizi dugun musika mugimenduarengatik da. 2014ean Gorka Bereziartua Boligorriak Argiaaldizkariko blogean kontatzen zuen behin beratar bati hala erran ziotela, musikari buruz solasean ari ziren batean: “Zuek ez dakizue zer daukazuen Beran”. Nik badakit Beran zer dugun, eta baita zer izan dugun ere. Zer izanen dugun? Hori denborak erranen du. Baina herriak zerbait eman badu, hori musikariak dira. Musikak txoko berezia du gurean, eta beratarrek ere txoko berezia dute musika munduan. Eta, barka nire umiltasun falta, baina herriak musikarekin duen lotura berezi hori, bada arrotzeko moduko zerbait. Zortzi urte zituela solfeoan hasi eta hilabete eskasera doremifasolasido-a aurre-benjamin mailako pilota partida batengatik aldatu zuenak dio hori, baina sinets iezadazue hala dela.

 

Denborarekin joan naiz hortaz jabetzen. Entzundakoengatik eta irakurritakoei esker izan dut musikari batzuen iraganaren berri. Bertze aunitzen kasuan, berriz, ongi gogoan ditut musika munduan emandako lehen pausoak eta lehen urte haiek. Ez dut nire adina ezkutatzeko arazorik: 1980. urtean jaiotakoa naiz. Hau ondoko lerro eta orrietan koka zaitezten diot. Eta, beste ohar bat: zerrenda hain luzea izaki, ez ditut denak aipatuko, ezinezkoa delako.

 

Herriak eman duen pertsonaiarik ezagunena Isidoro Fagoaga opera kantaria da. Erranen nuke Isidororekin hasi zela dena. Horretarako urte, hamarkada eta mende batzuk gibelera egin beharko genuke, 1893an jaio baitzen Agramontea baserriko semea. Fagoagak, Wagnerren operetako abeslari nagusia izan zenak, ibilbide oparoa egin zuen 20. mendearen hasierako hamarkadetan, eta munduan barna ibili zen kantuan: Argentinan eta Italian bizi izan zen, bertzeak bertze.

Italian, Milango Scala-ko tenore nagusi izatera iritsi zen, baina halako batean, 1937an, naziek Gernika bonbardatu zutela jakin zuen eta, haserre biziz, gehiago ez kantatzea erabaki zuen. Erran eta egin. Gerora, kazetari gisa aritu zen eta Gurs-eko kontzentrazio eremua ere ezagutu zuen. Beran hil zen 1976an. Beranduxeago jaioa naiz, eta ez nuen ezagutzeko aukerarik izan. Gaur egun, herriko Legia karrikako Eskolatxiki Jauregian dagoen Herriko Musika Eskolak bere izena darama.

 

Nire ustez (eta hau nire iritzi xumea bertzerik ez da), oraindik hala ez badago, Isidororen biografiak Lehen Hezkuntzako curriculumean txertatuta egon beharko luke. Ikastola garaian Mozarten, Chopinen, Ravelen edo Beethovenen biografiak buruz ikasi behar izan genituen. Herrian bertan halako figura bat eduki eta nolatan ez ziguten Isidoro Fagoagaren berri eman? Azkenean, kanpokoa miretsi eta bertakoa baztertzeko ohitura izaten dugunaren kontu hori egia izanen da!

 

Tira, Fagoaga atsedenean utziko dugu eta gatozen garai berriagoetara. Hasieran erran dudan bezala, 2024. urtean Pettiren Amets bat diskoak 25 urte beteko ditu. 1999an argitaratu zuen aipaturiko lana. 18-19 urte nituen. Pentsa! Nola doan denbora! Nik atzo izan balitz bezala gogoratzen dut lehen aldiz diskoa entzun nuen momentu hura. Pettiren inguruko lehen oroitzapenak ez ditut ordu hartakoak, ordea; puskaz aintzinekoak baizik. Gogoan dut, 6 urterekin-edo, Labiaga Ikastolako Haur Hezkuntzako Lagun-etxea eraikinetik Altzateko Ikastola haundira pasatu ginenean, patioan ikusten genuen Juan Luis izeneko mutil erraldoi hura. Artean OHOko 8. mailan-edo egonen zen bera (gazteek ideia bat izateko: gaur egungo DBHko 2. mailan). Ordurako Petit Suisse bat baino gehiago janak zituen Juan Luisek (Petti izena hortik datorkiola aipatu izan du).

 

Gerora, batzuk gehiago eta bertze batzuk guttiago, baina gu ere koxkortu ginen eta, halako batean, Noise Hole izeneko taldearen berri izan genuen. Beñardo Goietxe, Iraola anaiak, Raul Garcia... eta gitarra-joltzaile lanetan nor eta ttikitan patioan ikusten genuen Juan Luis! Euri pixkat egin du geroztik.

 

Ez da Petti ikastolako patioarekin lotzen dudan Berako musikari bakarra. Handik barna ibiltzen baitzen Joseba Irazoki ere. Irazoki bakarlari gisa, zein bertze taldeetako gitarra gisa egiten ari den ibilbide oparoa ezaguna da: Onddo, Xabier Montoia, Maixa eta Ixiar, Athom Rumba, Duncan Dhu... denak zerrendatzen hasiz gero, ezin bukatu. Hala ere, ez dakit nerabezaroko oroitzapenek duten xarma berezi horrengatik izanen den baina, Irazokik parte hartu zuen talde bati buruz galdetzen badidazue, nik badakit zer erantzungo nukeen: Zup taldea. 12-13 urte izanen nituen orduan. Nik 2 Zup ezagutu nituen garai hartan: Irazokiren taldea eta edaria. Bai, nik ere Seven Up-ari, Zup deitzen nion.

 

Hala ere, nire bizitzan ‘ikastola’ eta ‘musika’ kontzeptuak lotzen dituen talderik bada, hori, dudarik gabe, Borrokan taldea da. Adinkideak izaki, Ibai Gogortza, Joseba Lertxundi eta enparauak ikaskide izateko ohorea izan nuen, eta taldearen hasiera haiek hurbiletik bizitzeko aukera ere bai. Aunitzek Errealeko lehen ligako hamaikakoa buruz dakiten gisan, nik ere burutan dut Borrokan taldeko lehen laukotea zein izan zen: Joseba Lertxundi ahotsean, Ibai Gogortza gitarran, David Sebastian baxuan eta Gorka Arretxea baterian. Gerora sartuko zen Iñaki Irazoki gitarra-jotzailea ere ikaskide izan nuen. Tira, ‘ikaskide’ gisa izendatu ditut baina, egiari zor, nik nahiago dut ‘ikastolako lagun’ deitu. Gerora, jada institutu garaian ginela, Mikel Lertxundik ordezkatu zuen Gorka Arretxea, eta Iñigo Telletxeak David Sebastian.

 

Dozena bat urte izanen genituen ikastolako lagunek Borrokan taldea sortu zutenean. Musika Eskolako goiko solairuko gelan egin zituzten lehen entseguak, harik eta, Europako Batasunak mugak desagerrarazi eta libre gelditu zen Lizuniagako Aduana hura entsegu-gune bihurtu zen arte. 1994.eko Nafarroa Oinezerako kaseteko grabaketa izanen zen, seguru aski, Borrokan taldeak argitaraturiko lehen kanta. Hagitz nostalgikoa naiz eta, noizean behin, kanta aditzeko tarte bat hartzen dut. Lertxundiren ahotsak eta Gogortzaren koroek irribarrea ateratzeb didate aldiro. Bai, bai, orduko nire bertso bat aditu beharko genuke bai.

 

Ikastolan, bakoitzak bere gaitasunak zituen: gelako futbolaria zegoen, gelako pilotaria, gelako abeslariak zeuden (agur berezi bat Nere Potxoladak taldeari), gelako txistularia... Ba, Ibai Gogortza gelako musika aditua zen. Ibairi esker ezagutu genituen (nik behintzat) Negu Gorriak, Su ta Gar, EH Sukarra, Baldin Bada... hura zen diskoen berri eman eta ikastolara ekartzen zituena. Gogortzaren iradokizunez eman nuen nik, Oskorriren kantak aditzetik, musika gogorxeagoa aditzeko pausoa.

 

 

Garai hartan, eta Ibairi esker, Bizkar Hezurra taldearen berri izan genuen. Gasteizko taldea izan arren, Beratar bat zegoen tartean: Mikel Irazoki. Irazokiri buruz zer erran? Musikari eta musika-ekoizle gisa lan aunitz egindakoa da beratarra. Baxulari gisa, 21 Japonesas, Bizkar Hezurra, Gari, Anje Duhalde, edo Juan Carlos Perez bezalako talde eta bakarlarien ondoan jotzeko aukera izan du Mikelek. Espainiar estatuko puntako musikarien ondoan ere ikusi izan dugu: Ana Torroja, Luz Casal eta David Bisbaldirabertzeren artean,Irazokirekinlan egiteko ohorea izan dutenak. Pentsa, Miguel Boseren zuzendari musikala izatera ere ailegatu da.

 

Nolako zura, halako ezpala dio esaerak. Ez dakigu osabaren talentua genetikoa ote den, baina Telletxeatarrendohainek izanen dute genetikotik zerbait. Izan ere, familian musika bizi dutenik ezin da ukatu. Igor eta Iñigo Telletxea dira horren adibide. Zer erranen dizuet nik Igorri buruz? Ez dakit inor izanen ote den herrian Igorrek adina musika tresna menderatuko dituenik. Bateria, soinua, tronboia, txistua, pianoa... agian, jotzen ez dituen tresnak zerrendatzea motzagoa izanen litzateke. Igorren antzera, dozena erdi tresnatik goiti menderatzen zituen pertsona bakarra ezagutu dut herrian: Josu Goia zena. Bere Filosofia Larrugorritan erakutsi zigun Goiak ere ez zituen tresna gutti menderatzen: pianoa, elizako organoa, gitarra, txistua... hura ere artista ederra! Besarkada bat zauden lekura, Josu!

 

Baina, zentra gaitezen; Telletxeatarrekin ari ginen. Ez da oraintsukoa Igorrek, anaia zaharrenak, musikarekin eta hainbertze musika trena ikasteko grinarekin duen affaira. Diotenez, 16 urte bertzerik ez zituela, Musika Eskolako giltzen jabe zen jada. Hau da, ordurako Musika Eskolako arduradunek bazekiten mutila musikarako sortu zela eta, antza denez, erraztasunak jarri zizkioten musikarako bere dohainak landu zitzan. Denborak arrazoia eman zien. Igorrek, baketak eskutan, parte hartu duen taldeen zerrenda amaigabea da: Maixa eta Ixiar, Pantxoa eta Peio, Eñaut Elorrieta, Pirritx,Porrotx eta Mari Motots, Suakai, Xabi Aburruzaga,... sentitzen dut, urtekari honek ez du denak zerrendatzeko adinako lekurik.

 

Musikari gisa ez ezik, irakasle gisa ere ezagutu dut Oto (herrian hala deitzen diogu eta). 30 urteen bueltako krisira hurbiltzen ari nintzela, bateria jotzen ikasi behar nuela erabaki nuen. Hiru ikasturte eman nituen, Otorekin ikasten. Pazientzia ederra izan zuen nirekin. Hala ere, gauza guztietan bezala, horretan ere gakoa orduak sartzea zela konturatu eta azkenean utzi egin nuen. 30 urteetako krisirik ez nuen izan behintzat. Gaitzerdi!

 

Eta Igor aipatu dut, baina bere anaia Iñigo ere ezin ahantzi. Bertzeren artean Borrokantaldeko baxu-jotzailea denak ere ibilbide ederra egiten dihardu. Iñigo nor den jakin nahi duenak aski du Xabier Montoiaren Ni ez naiz Xabier Montoia diskoaren azalari begiratzea. Hantxe topatuko du Iñigo, lehen planoan. Ez dira gutti bere baxuaren doinuak ondoan izan dituzten eta dituzten taldeak: Pettik, bere emanaldi aunitzetan, eta diskoren batean, lagun izan duen Etxeko Uzta, Joseba Tapia, Anje Duhalde, Joseba Irazoki, eta abar… kasu honetan ere denak aipatzeko tarterik ez.

 

Telletxeatarren osabaz aritu naiz lehen, Mikel Irazokiz, baina bertze osaba ere hor da: Fernan Irazoki. Bertzeren artean, M-ak taldean aritu zen Fernan, bateria jotzen. Fernanen inguruko nire oroitzapena, ordea, 90eko hamarkadan ireki zuen Laiamusika-dendari loturikoa da. Beran ezagutu dudan musika-tresnen denda bakarra da. Telefonikako pisuak deitzen diogun Burga auzoan zegoen eta ez nuke jakinen erraten zenbat urtez egon zen irekia. Nerabezaroan sartzear izanen nintzen garai hartan. Dendari lanetan ez ezik, teknikari lanetan ere aritzen zen Fernan. Artean, gaur egunean bezala, ekitaldia hasi bitarte musika jarri behar izaten zen jaialdietan. Fernanek audioz gidatzen zituen ekitaldi haiek Tapia eta Leturiaren Juergasmoan diskoarekin lotzen ditut nik. Izan bertso-saio bat, izan herri-kirol jaialdi bat, izan plazako ekitaldi bat... behin eta berriz jartzen zuen disko hura. Noski, gerora ulertu nuen hainbertze aldiz jartzearen arrazoia zein izaten ahal zen. Tapia eta Leturiarekin teknikari lanetan ibili zen eta promoziorako zer hoberik ekitaldi jendetsuetan diskoa jartzea baino?

 

Tapia eta Leturia aipatu dudanez, Mikel Artieda baxu-jotzaileak ere merezi ditu lerro batzuk aitortza honetan. Nik telebistan ikusi nuen lehen aldiz Mikel. 90eko hamarkada hasieran-edo,Xabier eta Peterren ETB1eko Funtzioa saioan, niretzat lau sokako gitarra luze bat zen baxua jotzen agertzen zen ortziral arratsero, eta noski, 9-10 urte nituen hartan, telebistan agertzen zen hura ez zen edonor! Gainera, eta honek ere badu ikastolako garaiekin loturarik, arreba ingeleseko irakaslea genuen. Beraz, Mikel ezagutu ez arren, hurbilekotzat sentitzen nuen. Bestalde, Tapia eta Leturiaren kasuan, Mikelek anfitrioi lanak ere egin zituen, entsegu lokala Beran bertan baitzuten, Artiedarenean. Garai haietan ohikoa zen, Tapia ez bazen Leturia, herrian barna ikustea. Litxarreria batzuk erostera dendara joan eta bertan Joseba Tapiarekin topo egitea, nire aurre-nerabezaro hartan, ikaragarria zen. Nire idoloak nire herrian? Sinestezina.

 

Bertze aunitzen artean, Zaldibobo, Mikel Erentxun, Duncan Dhuedota Jalisko Band bezalako talde eta bakarlariekin aritu ondotik, Mikel Artieda & Zazpiketersformazio gisa bigarren bakarkako lana argitaratu berri du Mikelek: Bidai izeneko diskoa. Egia erran, bidaia berri honetarako ez du konpainia txarra hartu egun Jerezen bizi den beratarrak: Xabier Zeberio, Anjel Unzu, Karlos Aranzegi, Ruben Caballero eta Andoni Garcia Matxain. Zorte on, Mikel!

 

Orain arte aipatu ditudan Berako taldeek mende zaharrean eman zituzten lehen pausoak. Gatozen mende berrira. Burura datorkidan lehen banda Sexty Sexers da. Hasieran Ameba izena hartu zuen taldeak, baina aldatzea erabaki zuten gerora. Izen berriak fonetikoki indar handiagoa zuela erranen nuke eta horretan (ere) asmatu zutela.

 

Julen Irazoki gitarrista bizilaguna nuen, gurasoen etxean bizi izan zen tartean. Musika talde bat sortu zutela esan zidan, eta oraindik izenik ez zutela, eta nik bat proposatu nien. Ez, ez dizuet erranen zein. Orainik oroitzen dira. Julen ez dakit, baina Joseba Baleztena bai. Herriko azken bestetan gogorarazi zidan.

 

Mikel Larratxek, Julen Irazokik, Joseba Baleztenak, Xiker Salaberriak eta Inaxio Agarak osatzen zuten Sexty Sexers taldea. Edo, hala nahi baldin baduzue, Strangelovek, Juzz Suicidek, Electric Childek, Freezereketa Lovermanek. Nork bere goitizena zuen. Izengoitia jartzearenak arrazoiren bat izanen du seguru aski. Googleri galdetzekotan egon naiz, baina dudarekin gelditzea nahiago izan dut.

 

Nik ez nituen aunitzetan aditu. Adina tarteko, bertze musika-fase lasaiago batean sartua nengoen ordurako, baina behin Altzateko plazan eman zuten kontzertu batean ikusi nituen eta jartzen zuten martxa izugarria iruditu zitzaidan. Hiru disko argitaratu zituzten eta, halako batean, Sexty Sexersen ibilbideari amaiera ematea erabaki zuten. Hala ere, ate bat ixten denean bertze bat irekitzen omen da. Hala, 2012an, Mikelek, Julenek, Xikerrek eta Inaxiok Zakillers taldea osatu zuten. Hau da, Josebak ez bertze guztiek. Proiektu berriak ez zuen aunitz iraun baina disko bat izan zen urtebeteko ibilbidearen fruitu. Gero, 2020an, Sexty Sexsersen itzulera iragarri zuten, eta kontzerturen bat ere emateko aukera izan zutela uste dut. Baina 2020ko martxo erdialdea iritsi zen eta Covidaren agerpenak iragarriak zituzten emanaldiak bertan behiti utzi zituen. Momentuz ez da bertze berririk.

 

Eta Joseba Baleztenarekin zer pasatu zen? Taldekideekin haserretu izanen zen? Ez, Josebak, ongi jakinen duzuen gisan, bakarkako ibilbideari ekin zion. 2012.ean Joseba.B Lenoir izen artistikoa hartu eta gelditu gabe ari da geroztik. Bakarka atera dituen diskez gain, aipagarria da, Izaki Gardenak eta Willis Drummond bezalako taldeetan izan duen edo izaten ari den parte hartzea.

 

Erranen nuke Josebaren xarma zuzenekoetan dagoela. Bitxia egin zait beti karrikan hain apal eta umil ageri den pertsona oholtzan hain elektriko ikustea. Aitortuko dizuet Borrokan taldeko Joseba Lertxundirekin ere gisako zerbait pasatzen zaidala. Baleztenaren kasuan, orain badakit Sexty Sexersen hartu zuen Electric Child ezizenaren arrazoia.

 

Willis Drummond aipatu dudanez, utz iezadazue Felix Buff ekartzen. Akizen sortu arren, Beran bizi da Felix. Ez dakit, baina Berako musika mugimenduak izanen zuen zerikusirik herrira bizitzera etortzeko erabakian. Gaur egun, Rudiger proiektuarekin dabil harat eta honat.

 

Lehen Telletxeatarrak aipatu ditut; Igor eta Iñigo. Baina badira bertze bi anaia-arreba pentsarazten digutenak musikarako talentua familia-kontua izan daitekeela. Pinatxotarrak: Estitxu eta Jokin. Estitxuk ttikitatik garbi utzi zuen kanturako jaioa zela. Bera zen bai haur sasoian baita koxkortutakoan ere Euskal Kantu Txapelketetan Maider Ansari itzal egiten zion bakarra. Gaztetxotan, Egan taldearekin erromeriak ezagutu zituen Xabier Saldiasen ondoan. Behin batean Loiolan kantaren hitzak bereak zirela aipatu omen zion behin Saldiasek... Ai! Bilintxek hura aditu izan balu! Telebista ere probatu zuen La Voz izeneko lehiaketan, eta, bakarkako ibilbideari ekin aintzinetik, Damba musika taldean ere aditu ahal izan genuen, bertzeren artean. Mikel Santxezekin batera, Dama Beltzak izeneko proiektua jarri zuen martxan. Arraza beltzeko emakumeen musikari omenaldi bat egitea helburu duen proiektua.Tira, eta gai-jartzaile lanetan ere ederki moldatzen da. Nerabezaroan, bizpahiru urtez gaiak jarri izan zizkigun bere auzoko bestetan egin zuten bertso-jaialdian. Agian bera ez da oroituko. Ni bai.

 

Eta Jokini buruz zer erran? Azken Trena taldea izan zen Jokinen lehena. 2022ko udan martxan Janus Lester taldea jarri zuen martxan eta ez dakit azken uda honetan hainbertze emanaldirik izan duen euskal talderik izanen ote den. Erromeria taldeak alde batera utzita, Olaia Inziarte, Zetak, ETS... eta gutti gehiago. Ausarta da Jokin. Buruan sartzen zaion hori, bi aldiz pentsatu gabe, egin egiten du. Ikasle izan nuen Berako bertso eskolan eta badakit zerbait bai. Tira, oraindik bertso eskolako whatsapp taldean dago. Gustura dagoen seinale! Bere kanten hitzetan nabari da bertso eskolan landutakoa ez zaiola batera gaizki etorri. Errimetan sumatzen da hori. Aintzinekoan aipatzen nion: “Jokin, zure gurasoek ederki amortizatu dute urtetan bertso eskolako matrikuletan gastatua”. Bizitzen ari den arrakasta garai honek luzaroan iraun dezala! Bejondeizula, Jokin!

 

Berako Agerra auzoko seme-alabak dira Pinatxotarrak. Hala da Petti bera, hala Mugaldekoak taldeko Beñardo Goietxe eta hala Irats erromeria taldeko Irastortzarrrak ere. Herriaren gisan, auzoak izanen du zerbait berezia.

 

Ez da Goietxe, Mugaldekoak taldeko beratar bakarra. Raul Garcia eta Edu Zelaietarekin osaturiko hirukoteak bertzelako musika mota bat eskaintzen digu. Edu Zelaietaren izen bereko liburuko olerkiak musikatzeko sortu zen taldea baina, poliki-poliki, bere ibilbidea egiten ari da. Zelaieta gasteiztarra dela kontu hartuko dit baten batek. Ba, nire iritzia emanen dizuet: Zelaietaren erroak herrian daude. Nik, behintzat, erdi-beratartzat hartuko nuke. Zer nahi duzue erratea; lehen mailako euskal futbol talde batek arrazoi guttiagorekin euskalduntzat hartu eta zelairatzen ditu jokalariak.

 

Baina tira, ez gara futbolaz ari. Musikaz ari ginen eta Agerra auzoan barna. Josunek, Amaiak eta Joseba Irastortzak sortu zutenIrats Erromeria taldeakhainbat denboraldi eman zituen Euskal Herriko bazterrak musikaz alaitzen. Diskorik ez zuten atera, baina fandango, arin-arin, kalejira, rantxera edo euskal kanta ezagunekin plazak dantzan jarri zituzten. Dantzarako ohitura galtzen ari den garai hauetan, ez dago edonorren eskura hori!

 

Herrian, lurgainean, musikari eta musika talde aunitz ditugula ohartuko zineten gaurgero. Baina hemen dena kontrolatzea gustatzen zaigu eta horretarako ‘sateliteak’ ere baditugu. Larungo kaskoan, udarak lanez beteak izaten dira. Baina, bistan denez, bentetako lankideen artean harreman onak sor daitezke: lantokian eraikitako harreman on horren seinale da Dani Irazokik (Dani Maritx), Jon Estebe Agarak eta Kotte Berruetak sorturiko Satelitik folk-taldea. Gerora Ibai Gogortza, Mikel Lertxundi eta Xiker Salaberria bezalako esperientzia handiko musikariak batu zaizkie eta dagoeneko disko bat ere badute argitaratuta. Segi ezazue han goitik herria zaintzen!

 

Herriko taldeak aipatzen luze segi nezakeen: Xabier Erkizia, Iñigo Etxegarai, Xabier Iturria eta Iban Zubieta zenaren Gutariko bat. Joxe Mari Kutte Etxabek, Mikel Agarak, Julen Latorrek eta Iñigo Sanz Eri-k sorturiko Amets ilunak. Garai batean Kaxerna Gaztetxeko kide ziren Jonmik, Ugaitzek, Aitzolek edo Haritz Pendejok sorturiko Gaztetxe Band, edo Jonmi berak ahotsa jartzen dion eta RIP musika taldearen bertsioak oinarri dituen Bip taldea, bertzeren artean.

 

Aipa nitzazkeen bertze taldetan aritu izan diren beratarrak ere. Adibidez, Ordiziako akordeoi lehiaketan irabazitako Gaupasa markako soinua bizkarrean, bizpahiru denboraldiz Laiotz taldean aritu zen Mikel Urtxegi. Bertzeren artean Urkoren pianista den Jabier Perez de Azpeitia, gaur egun Bide Batez taldean ari den Ibai Ros, Baztango Madame Birrots taldean aritzen den Eneritz Mitxelena... Aipa nezakeen urtetan egin zuten Ertz bertze musiken jaialdia ere. Aipa nezakeen Lizuniagako Aduana eta horrektaldeen entsegu-gune gisa izan duen garrantzia. Aipa nezakeen ere, nola ez, herriko Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolak izan duen eta duen garrantzia. Eta galde nezakeen gure herriaren tamainako zenbat herrik dauzkaten bi grabaketa estudio. Bai, bi estudio ditugu herrian: Maikelen MIK estudioa eta Iñigo Irazokiren Atala estudioa. Baina uste dut hau luzatzen ari zaidala. Neurri jakin batera aritzera ohituta nago baina, mugarik jarri ezean, luzatzeko arriskua!

 

Akitzen joateko,zein ote da herriak musikarekin duen lotura honen arrazoia? Ba, ongi ulertu badut, Berak Lapurdi hurbil izana izaten ahal omen da arrazoietako bat. Bertzelako musika mugimenduak hurbil izateak haietatik edan ahal izatea errazten du gure herriaren kokaguneak. Bertze arrazoiren bat ere egonen da, Beran pasatzen ari dena ez baita normala.

 

Hala, ere, gaian sakondu nahi baldin baduzue, liburu bat gomendatuko dizuet. Pablo Salgado Mendezek 2022ko urrian argitaratu zuen Bera liburua. Salgadok, 50 elkarrizketa baino gehiagoren bidez, herriaren eta euskal musikagintzaren arteko lotura estuaren zergatia aztertzen du. Seguru nago, bertan, testu honetan baino informazio interesgarriagoa, sakonagoa eta osotuagoa topatuko duzuela.

 

Akitzeko (orain bai), bada atentzioa eman didan kontu bat. Ez dakit ohartu zareten baina aipatu ditudan musikari guztien artean ehuneko haundiena gizonezkoak dira. Estitxu Pinatxo eta Irats taldeko Josune eta Amaia Irastortza izan dira, ustez, aipatu ditudan emakume bakarrak. Herriko emakume musikariekin zer pasatzen da? Musika Eskolan neska aunitz dabiltza ikasten. Lehiaketei begira, adibidez, Andoainen egiten den Piano lehiaketako azken edizioan herriko zapzi ikaslek sariak eskuratu zituzten eta gehienak neskak ziren. Euskadiko Musikari Gazteen XV. Lehiaketan ere Naroa Otamendi Abrilek lehen saria eskuratu zuen akordeoiarekin. Arrasate Hiria Akordeoi Lehiaketan ere sariak lortutakoa da beratarra.

 

Erran bezala, adin tarte batean, nabarmena da herriko musikarien abilezia. Gero zer pasatzen da? Nik musika munduan zer gertatzen den ez dakit, baina bertsolaritzan gertatzen denaren berri badut. 14 urtetik 18 urtera bitarte egiten den Eskolarteko Lehiaketan neska aunitzek hartzen dute parte eta aunitz dira palmaresean ageri diren izenak. Gero, ordea, helduen lehiaketetan proportzioan gutti dira parte hartzen duten emakumeak. Zer pasatzen da jauzi hori emateko tarte horretan? Lotsak, beldurrak, konplexuak...? Auskalo! Idatzi berri dudan testu honetan hain emakume gutti agertu izanak zer pentsatua eman dit. Honek gogoeta galdatzen duela iruditzen zait, baina hori musika munduan adituak direnentzat utziko dut. Animo neskak!

 

P.D.: Testuan aipatu ez ditudanek barka dezatela nire despistea edo ahanztura. Ez dut asmo txarrez egin. 

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.