entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Atzera Begira

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2023-01-02

Aldaketan finkatua

EBOLUZIO BATEN LEKUKOTZA

Jaione Dagdrømmer Jaione Dagdrømmer

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Testua: Jaione Dagdrømmer 

Nerabetan Alex Ubago entzutetik System Of a Down entzutera igaro nintzen. Ez galdetu nola. Eta, eboluzioaren azken fasean, gutxieneko distortsioa ez zuen abesti eta disko oro baztertzera iritsi nintzen, zaborra zirelakoan.

 

Behinola, ikastolako gelakide batek kasete bat jarri zuen plastika orduan, bere gustuko musikaren pop-pourria zen. Baina pop gutxi zekarren. Garai hartan bogan zegoen nu-metal edo txandal-metal delako taldeen bilduma zen (Korn, Slipknot, Limb Bizkit…). System Of a Down taldearen Toxicity abestia ere bazegoen. Txundituta geratu nintzen Serj Tankianen ahots ahaltsuarekin. Hala, popa, Alaitz eta Maider, eta irrati formula entzutetik, metalaren mundu garrasizalean bete-betean sartu nintzen. Abestiaren izen bereko Toxicity diskoa eskuratu nuen eta, errituala bailitzan, egunero gutxienez hamar aldiz entzuten nuen. Taldeen izenak zituzten kamisetak janzten hastearekin batera murriztu zen koloredun arropa nire armairuan, eta etxea metal banden CDz betetzen hasi nintzen. Biniloak, artean, belaunaldi zaharragokoek erabiltzen zituzten objektu obsoletoak ziren. 

Gerora etorriko ziren musika grabatu, erreproduzitu, entzun eta ulertzeko modua behin betiko aldatuko zuten zerbitzu, plataforma eta aplikazioak: Napster aroa (1999-2001); Kazaa, Emule, LimeWire eta eDonkey200 plataformen garaia; Applen-en iTunes eta iTunes Store (2001); Bandcamp eta Soundcloud, 2007 eta 2008 urteetan, hurrenez hurren. Orain, aldiz, gehienbat streaming bidez entzuten dugu musika, Spotify nagusitu da. 

 

Entzule pasiboak

Spotify-ren azkenaldiko datuek joera bitxia erakusten dute. Entzule ugari euren harpidetza bertan behera uzten ari dira formatu fisikoen aldeko apustua eginez. Argudiatzen dute musika praktika komunala dela, inguruarekin, artistekin eta lagunekin batzen dituena, eta streaming zerbitzuek ez dietela konexio hori ahalbidetzen.

Ez zaizu gertatu zerbait entzuteko gogoz Spotify-ra sartu eta, aukera infinituaren artean bila zabiltzala, sentitzea ezer ez dela une horretarako behar bezain perfektua? Horrenbesterainoko eskaintzaren artean, bakarra ere guztiz gustuko ez izatea? Hor arazo bat dago. 

Sentsazioa dut musika gutxiago entzuten dudala orain. Eskaitza murritzagoa zenean modu sakonagoan entzuten nuen, 15 segundoro abestia aurreratzen ibili gabe, eta disko berdinei pare bat aukera baino gehiago eskaniz. Streaming-ak entzute esperientzia askoz ere pasiboagoa bilakatu du. 

Era berean, entzuleak gustuko abestiak hartu eta bere playlistak sortzen ditu. Horrek azal lezake zergatik indartu den singleak edo EP motzak argitaratzeko joera. Disko osoa, hasieratik bukaerara, entzutearen errituala galdu egin da. Pazientzia galdu dugu. Musika ugari eta orotarikoa dugu mugikorrean eskura, baina zer entzuten dugu benetan? 

Horregatik da bitxia, azaleko entzunaldien garaian, formatu ia ahaztuen gorakada behatzea. Biniloa berpiztu da. Erosteak ez du entzutea inplikatzen, ordea. Singleak nagusi diren honetan, nork hartzen du denbora gelditu eta binilo bat martxan jartzeko? Musikan ere, postureoa nagusi.

Adinak, lan egoerak, igarotzen ari garen bizitza faseak… gure musika kontsumitzeko eta gozatzeko modua baldintzatzen dute. Baina, oro har, sekula baino azkarrago eta okupatuago bizi garen honetan, ez da harritzekoa abesti solteek disko osoek baino arrakasta handiagoa izatea. 

 

Letren eboluzioa 

Hitzak ere sortuak izan diren garaiko errealitate sozialen jarraipen izan ohi dira. Aurreko urteetan hausnartu eta ikasi dugun guztiarekin, orain dela hamarkada bat abesten genituen letrak ez zaizkigu egokiak iruditzen, eta asko iraingarriak suertatzen zaizkigu, lehen ginena eta pentsatzen genuena ordezkatzen dutelako. 

Esango nuke egungo mezuak, iraganeko beste garai batzuetakoekin alderatuz, zuzenagoak direla, ahoan bilorik gabe kantatzen direnak. Horrek esan nahi al du sekula baino sinpleagoak direla? Ziur, zu baino zaharragoa den norbaiti entzun izan diozu beste garai bateko musika hobea zela esaten, beharbada zuk zeuk botako zenuen inoiz esaldi hori. Zergatik pentsatzen dugu lehengo guztia hobea zela? Benetan jaitsi al da musikaren kalitatea?

Egun konposizio musikala zerbait erabilgarria da, negozioa sortzen duena. Musika popularrak (egun mainstream deitzen dena) modak eta baloreak sortzeko balio du, eta munduaren ikusmolde jakin bat unibertsalizatzeko aukera ematen du, kontsumo gizartearen mesedetan. Erraz liluratzen gaituen musika nagusitzen ari da eta, horren baitan, etika, jarrera, ideologia eta moda iragankorrak dituzten azpikulturak sortzen dira.

MIDiA Reserarch-ek burututako ikerketa batek 2000-2020 urte bitartean Billboard-eko Top 10ean egondako abestiak aztertu zituen, eta ondorio interesgarrietara iritsi zen. Abesti laburrenak izan ohi dira arrakastatsuenak. 2000. urtean abesti batek, gutxi gora behera, 4 minutu eta 22 segundu irauten zituen; 2020. urtean, aldiz, abestien batez besteko iraupena 3 minutu eta 42 segundukoa zen. Hiphopa da zerrendan jaun eta jabe, abesti arrakastatsuen %60 ordezkatuz. 2000. urtean berriz, popa, rocka eta R&Ba ziren nagusi. Abesti baten konposatzaile kopurua lehen 2,4koa zen; egun 4 konpositorekoa da, abestiko. 2000. urte hartan bertan, featuring-a zuten kantak ez ziren oso arrakastatsuak izaten. 2020an, aldiz, abestiak beste inoiz baino kolaborazio gehiagorekin borobildu zituzten banakako artistek nahiz taldeek. Zergatik, ordea? Sinpletasunak benetan saltzen al du?

Hitzak norbere buruarengan zentratuagoak bilakatzen ari dira, egungo gizartea ‘nire ondoren ni, eta gero ni’ bezalako baloreetan mugitzen delako. Konposizioetan ere etengabeko sinplifikazioa hauteman daiteke. Zer dio honek musika industriaren etorkizunari buruz?

Streaming plataformetako erabiltzaileek etengabe bonbardaketa sentitzen dute egunero ehunka eta ehunka nobedaderekin. Plataforma digitalek eta sare sozialek kontsumo mota horren zabalkunde masiboa erraztu dute. Gehiegizko eskaintzak, hain lanpetuta bizitzeak eta ezertan arreta jartzeko dugun prestutasun urriak abesti sinpleagoak sustatu dituzte, azkar kontsumi daitezkeenak. Fast music kontzeptua hartuta dago jada? Abesti bat kontsumitzen dugunean, hamaika aldiz errepikatzen dugu denbora epe oso laburrean, eta ondoren, egun batzuen buruan, ahaztu egiten dugu beste harrapakin bat heltzen dugularik. 

 

Jariakortasuna 

Psikologian bada termino bat ahaleginik egin gabe sortzen diren pentsamenduak izendatzeko: jariakortasuna. Ideia eta produktu jariakorrak azkar prozesatzen ditugu, hobeto sentiarazten gaituzte eta, modu batean, baita adimentsuago ere. 

Ziztu bizian bizi den gizarte likido batean (kontsumitu, bota, kontsumitu, bota) eta denbora hain baliotsua izaki, bilatzen dugun bakarra bizitza ez konplikatzea da. Horregatik, pentsamendu jarriakorrek ondo sentiarazten gaituzte: gure iritzi bereko ideiak izan ohi dira, ezberdintzeko errazak diren irudiak dituzte, hurbilekoak zaizkigun istorioak kontatzen dituzte eta reggaeton doinua izan ohi dute. Ez nuke genero honen zalerik mindu nahi; irakurtzen bazabiltza, jakin ez dela nire asmoa. Publikoak, oro har, reggaetoia gustuko du, errepikakorra baita, jariakorra. Mainstream musikan ez da deus ezerezetik agertzen, entzuten dugun guztia aurretik entzuna izan ohi dugu; beste eskala batean, azkarrago edo motelago, baina notak berberak dira. Eta hain zuzen, horregatik gustatzen zaigu. Ez da ezer aztertu behar, ezta entzungailu onak erosi ezkutuko soinuak bereizteko. Besterik gabe, play botoia sakatu behar da. Hori industriak badaki eta potentziatu egiten du. Genero bat zenbat eta popularragoa bilakatu, sinpleago bihurtzen da.

Egungo abestiak ia matematikoki sortzen dira. Bai, ‘arrakastaren formula’ existitzen da. Ez da harritzekoa, beraz, diskoetxeak handiak erosoagoa sentitzea arrakasta eduki lezaketen abestiak promozionatzen. Formula estandarizatuak galeren arriskua zerora hurbiltzen dute. Enpresa horiek ‘formula irabazlea’ etengabe perfekzionatzen saiatzen dira. Horren aurrean, talde alternatiboak bultzatzen saiatzen diren zigilu txikiek ez dute zereginik, eta sekula baino gehiago, entzule jakin baiti soilik izango dute jomugan, gehiengoarengana iristeko inongo aukerarik gabe.

Talentu berriak aurkitzeaz arduratzen den figuraren rola sekula baino kuantitatiboagoa da. Estatistikak eta joerak aztertu behar dituzte Tik Tok, Spotify eta Soundcloud moduko plataformetan. Zenbakietan oinarritutako ikuspegi horregatik, abestien izaera sekula baino homogeneoagoa da. Izan ere, zerbaitek funtzionatzen badu, zertarako aldatu? 

Gaur egungo arrakastadun abestiek, horrenbestez, letra sinpleak dituzte, hainbat kolaboratzaile eta konposatzaile, sarrera laburragoak eta akorde homogeneizatuagoak. Eta horrek, zoritxarrez, paradigma aldaketa bat gertatzen ez den artean behintzat, horrela jarraituko du. Ikuspegi honegatik, artistek oreka bilatu beharra dute dirua irabazteko, baina aldi berean euren baloreekiko fidelak izateko. 

 

Hizkuntza hautua 

‘Leial jokatu ala arrakasta lortu’ eztabaida horretan, hizkuntza hautua aipatu ohi da. Zerk bultzatzen ditu berezko hizkuntza ingelesa ez duten talde edo bakarlariak hizkuntza hori aukeratzera? Beharbada, zenbait talderen jomuga ahalik eta jende gehiagorengana iristea izango da. Baina, ‘ingelesa = arrakasta’ formulak emaitza onak ematen al ditu beti? Badira kontrako bidea egin eta arrakasta erdietsi duten taldeak, Love of lesbian edo Standstill kasu, biek gazteleraz abesten hasi zirenean lortu baitzuten sona handiagoa. 

Noski, badira aurkako adibideak ere. Belako aspaldi dabil Euskal Herritik kanpo kanta gehienak ingelesez abestuz: edo Izaro gaztelera, ingelesa eta euskara nahastuz. Arrotza izatetik urrun, seguru aski gehienok entzuten dugun musikaren %90 anglosaxoia da. Baina, ez al da naturalagoa normalean darabilkigunhizkuntz(et)an abestea? Zein da, beraz, musika sortzearen helburua?

Adierazpen ekintza bat bezala ulertzen badugu, argi dago gehiengoarengana iristea dela xedeetako bat. Artearen helburua errealitatea edo mundu txikiak eraldatzen saiatzea dela esango dute beste batzuek. Horrenbestez, ulergarria da kasu horretan ere ahalik eta publiko zabalagoarengana heldu nahi izatea, ingelesez. Alta, artea ez al dugu sortzen nork bere barrena hustu nahi duelako? Ez al da, sortze prozesuak dirauen bitartean bederen, bigarren plano batean gelditzen sortutakoa partekatzeko nahi hori?

Haatik, zirkulua ixteko azken mugimendua bailitzan, abesti batek zentzu osoagoa hartzen du entzule batengana iristen den momentuan, ezta? Eztabaida irekia da. Zinez sinesten dut musika, berez, tresna komunikatibo oso indartsua dela, eta ez duela behar hiztun gehien dituen hizkuntzan abestua izatea emozionatzeko; ez duelako hizkuntzaren beharrik funtzionatzeko, bestela ez lirateke talde instrumentalak existituko.

Dena den, nazioarteko hainbat sariketek (bestela ikusi aurtengo Mtv Awards-eko irabazleen zerrenda) agerian utzi dutenez, gauzak aldatzen ari dira eta ingelesa jada ez da erreferentziazko hizkuntza musikan. Egungo sortzaileek ondo ezagutzen dute partekatu eta berezko irudia lantzearen garrantzia euren abesti bat biral bilakatzeko bidean. 

Ahozko-ahoko digital horri esker, asiar abestiak, batez ere K-pop-etik datozenak, sekula baino arrakastasuago bihurtu dira. Lady Gaga berak Balckpink neska talde korearrarekin kolaboratuko du! Eta hain urrutira joan gabe… Izaro berari entzun nion, elkarrizketa batean, gustura jakingo lukeela alemanez edo frantsesez hizkuntza horietan ere konposatu ahal izateko.  

Gazteleraz abestutako musika, eta erritmo latinoak, ez dira atzean geratzen: Rosalia edota Bad Bunny mundu mailako izarrak dira. Horregatik, gure eszenan ere, geroz eta ohikoagoa da hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen duten talde edo bakarlariak entzutea: Merina Gris, Belako, Izaro, Sara Zozaya, Iseo & Dodosound… 

 

Zuzeneko musika eta jaialdien urrezko aroa

Hizkuntzak hizkuntza eta generoak genero, ni bezalako musikazale batentzat bederen, musikak partekatzen denean hartzen du benetako zentzua, batez ere kontzertuetan publikoarekin partekatzen denean. Pandemiaren hastapenetan musikazaleok kontzertuetara joateari utzi behar izan genion. Alternatiba gisa, musikariak zuzenekoak egiten hasi ziren sare sozialen bidez. Askok aipatu zuten, orduan, etorkizuneko zuzeneko musikaren formatua hura izan zitekeela, baina behin etxetik atera eta lehengo errealitatera itzultzen hasi ginenean, berehala iragarri zituzten kontzertu ekitaldiak. Streaming kontzertuak eta YouTubeko bidezkoak ez ziren gai izan gure zuzeneko kontzertuen irrika itzaltzeko. Aitzitik, begi bistakoago bilakatu zen gizakiok zuzeneko musikaz gozatzeko dugun beharra. 

Hain justu, Erresuma Batuko Centre for Performance ikerketa zentroak Publick Health aldizkarian berriki argitaratu duen ikerketak dio gure garunak izugarri gozatzen duela zuzeneko musikaz eta, ondorioz, estres maila murriztu egiten dela. Musikaren bidez beste gizakiekin sinkronia bilatzen duen espezie bakarra garela diote. Kontzertu edo musika jaialdi bat ezin aproposagoa da gure alde sozial hori garatzeko. Zuzeneko musikak kooperazio sentimendua sorrarazten du, besteen konpainian eta horien erritmora mugitzera gonbidatzen baikaitu, eta gure ingurukoekin erlazionatzera. Hori izan liteke urtetik urtera musika jaialdiak ugaritzearen arrazoia?

Izan ere, biniloen salmentek gora egin duten arren, kontu anekdotikoa da. Musika kontsumitzeko molde tradizionalak behera doaz.  Aldiz, jaialdi erraldoien kopurua hazi egin da. Grabatutako musikaren galerak zuzeneko musikarekin berdintzen dira, askotan etekinak ere eskuratuz. 

90eko hamarkada inguruan hasi ziren festibal jendetsuak ugaritzen, eta zuzeneko esperientzia maite zuen ikus-entzulegoa erakartzea zuten helburu. Gaur egun, diru-iturri dira, eta musikazaleentzat ezinbesteko hitzordu kultura izaten jarraitzen badu ere, horren melomanoak ez direnak ere erakartzen ditu.

Jaialdiak jada ez baitute kontzertu errenkada soil bat eskaintzen, esperientzia oso bat baizik, musikaren inguruko beste hainbat jarduerek aberastuta. Zenbait itzal ere ageri dira, ordea: egin beharreko ilara luzeak, neurrigabeko prezioak, masifikazio-arriskua ere badago… eta horrek guztiak esperientzia zapuztu dezake. Ikusteke dago hazkunde horren muga non dagoen, oraingoz formulak funtzionatzen du. 

Jaialdien arrakasta komunitate sentsazioarekin lotuta dagoela aipatu dugu; eta gure egunerokoan eragin garrantzitsua duela ukaezina da. Anatomically distinct dopamine release during anticipation and experience of peak emotion to music’ (2011) ikerketaren arabera, musikak gure emozioetan eragiten du, horiek sortu eta erregulatu egiten ditu. Musikak emozioa eta plazerarekin lotuta dauden garuneko guneak aktibatzen ditu, drogek edo diruak egiten duten moduan, baina albo-kalterik gabe. Abesti batek eguna salba diezagukeela pentsatzen duen horietakoa bazara, jakin arrazoi duzula.

 

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.