entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
OMERO 2003-08-13

SPLIT 77 uhinak hedatuz

Talde bilbotarraren partaideak Talde bilbotarraren partaideak

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Joy Division, David Bowie eta Smashing Pumkings dira Split 77 bilbotarren lehen diskoko soinuen artean ageri zaizkigun erreferentzietako batzuk. Joan den udazkenean aurkeztu zuten Antenna eta ordutik Euskal Herrian izan dira berau aurkezten. Ondoko elkarrizketa baina, Eskozian antolatzen den Go North jaialditik itzuli berriak zirela egin genien. Uhinak hedatuz doaz.


Maiatzaren 20an Eskoziako Go North jaialdian aritu zineten. Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso gustura gaude. Antolakuntzako jendearekin zuzenean izateko aukera izan dugu eta momentu oro edozer gauzetan lagundu gaituzte, jendea oso inplikatuta ikusi dugu. Kontzertuari dagokionez, ikuslegoa ere oso gustura gelditu da. Abestietan sartzen zen eta giro oso beroa izan dugu denbora guztian.

Kontzertuaz gain, Music Week Britainia Handiko aldizkariak argitaratu bilduma batean zeuen abesti bat sartu duzue.

Go North jaialdian parte hartzen zuten taldeen bilduma kaleratu du aipatu aldizkariak eta bertan azaldu gara. Egia esan, hasieran beldur pixka bat duzu kanpoko beste talde batzuen artean lekuz kanpo geldituko zaren, baina gero talde bat gehiago zarela ikusten duzu eta maila handiko musikariekin bilduma batean izatea pozgarria da.

Euskadi Gaztea maketa lehiaketako entzuleen saria jaso zenutenean izan genuen zuen berri lehen aldiz 1998an. Ordutik zertan aldatu da taldea?

Hasiera batean entzuten genituen taldeen antzerako musika egiten genuela uste dut. Horrela Smashing Pumpkins bezalako banden eragina genuen. Lehen maketa grabatu genuenetik, Carlos Creator-ekin, joera elektronikoagoa dugula uste dut, norabide horretara jo du gure musikak.

Lehen grabaketarekin konparatuz, nola izan zen diskoarena?

Guztiz analogikoa izan zen. Bi kantutan sekuentziadoreak sartu ditugu. Hala ere, teklatu eta samplerren doinuetara gehiago jo dugu oraingoan. Helburuetariko bat sekuentziadore eta bateriak nahastea zen.

Beraz, rockaren eta elektronikaren arteko fusioa bilatzen duzue.

Bai, baina oraindik ez dugu oso argi nola. Joy Division bezalako taldeak entzuten ditugu gaur egun, post punk joerako doinuak, eta joera horretan sartzen ari garela uste dut.

Letrei dagokienez nahiko joera duzue emakumeak eta gaua aldera egiteko. Nahiko banpiroak zarete zentzu horretan.

Letra batzuk estudioan idatziak daude eta beste batzuk aurrez atera ziren. Gertatzen zaizkigun istorioak dira edo gure arteko erlazioak kontatzen ditugu. Momentuan gertatzen zaizkigun istorioak eta sentitzen duguna, bizi ditugun gauzak alegia, benetan gertatzen zaizkigunak.

Lehen diskoa iazko udazkenean kaleratu zenuten eta jada kontzertu dezente eman dituzue, zer moduzko arrera izaten ari zarete?

Zuzenekoetan oso ongi moldatzen garela uste dut. Taldeak jarrera indartsua du, asko sartzen gara kontzertuetan eta jendeak hori eskertzen du. Salmentari dagokionez oraindik ez dakigu zer moduz dauden gauzak. Hala ere, kontzertuetan izaten ari garen harrerarekin oso pozik gaude.

Bada hortik proiektu bat: Antenna diskoaren erremixak plazaratzea Europako hainbat dj-en eskutik.

Beno, hori momentuz idei bat besterik ez da. Informazio bilketa burutzen ari gara momentu honetan eta ezin dut ezer gehiago kontatu. Oraindik guk ere ez dakigu aurrera egingo duen eta egiten badu nola izango den. Hala ere, ideia hor dago eta polita litzateke ateratzea.

Aurrera begira zeintzuk dira taldeak dituen helburuak?

Momentu honetan taldearen soinua bilatzea da. Joy Division-en bertsio bat ere egiten dugu eta pixka bat estilo horretatik doaz ariak. Ez dut uste lehen diskoan gure soinua asko finkatu dugunik, eta hori da helburu nagusiena.

Bilbo beti izan da hiri rockeroa. Zer moduz dago bertako eszena?

Bilbon beti izan dira talde rockeroak, eta beti izango dira. Gaur egun ordea, nahiko isolatuta gaudela uste dut. Zea Mays bezalako jendea ezagutzen dugu, baina askoz gehiago deitzen gaituzte Gipuzkoa aldetik kontzertuak eskaintzeko.

2003, EKAINA-UZTAILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.