Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Sorkun & Vicepresidentes hirugarren diskoarekin norabide berri bat eman dio bere ibilbideari Sorkunek. Soinu lehor eta desertikoagoa ekarri digu Estatu Batuetatik, han grabatu baititu Robbie Owenen (Waxy) laguntzarekin kantu berriak. Owenek Hermano edo Yawning Man taldeekin lan egin du eta bere esperientzia Sorkunen lan berrira batuz, emaitzak are eta kaktusak ditu oinarrian. Oreretako abeslariarekin hitz egin dugu disko berriari buruz.
Noiz ekin zenion disko berria prestatzeari?
Ferminekin biran nengoela hasi nintzen disko berrian pentsatzen.
Duna diskoaren bira amaitu ostean argi nuen lan berria rock & roll disko bat izango zela, gordina. Duna bira gogorra izan zen formazioa oso konplexua zelako, horregatik garbi nuen lan berriaren norabidea. Abuztuan Ferminen bira amaitu ostean Vicepresidentesekin elkartu eta haiekin hasi nintzen kantu berriak prestatzen.
Doinu lehor eta gordina dauka diskoak.
Ez nuen diskoa rock klasikoa izan zedin nahi.
Onna lehen diskoaren freskotasun eta alaitasunetik ihes egin nahi nuen. Doinu grabeak bilatu ditut lan honetarako.
Oraingoan Vicepresidentesen laguntza izan duzu.
Beti alboan izan ditudan musikariak dira, beti egon dira hor. Orain arte ez dut aukera izan proiektua taldearen izenarekin plazaratzeko. Baina momentu ona zen titulua jarri gabe bi gauzok lotzeko:
Sorkun & Vicepresidentes.
Diskoa Estatu Batuetan grabatu duzu, nolatan?
Alfredo Hernandez (Brant Bjork, Yawning Man, etab.) Euskal Herrian egon da hainbat aldiz talde ezberdinekin biran. Lagun baten bitartez Frankfurtera joan eta Robbie ezagutzeko aukera izan nuen. Berarekin hitz egin ostean Palm Springera bidaiatzeko aukera sortu zen eta kasualitate ugari egon ostean diskoa bertan grabatu ahal izan genuen.
Honelako ekoizle batekin lan egiten duzun lehen aldia izan da.
Aurretik Kaki, Txap eta beste hainbat ekoizlerekin lan egin dut. Oso gustura ibili naiz, baina Euskal Herrian estudioan lan egiten duzunean azken hitza beti taldeak izaten du. Horregatik soinu teknikariak direla uste dut. Oraingoan nirea bezalako sentsibilitatea zuen norbaitekin lan egin nahi nuen, ekoizle batekin lan egin nahi nuen.
Robbie Owenek gitarra jotzeaz gain abestu ere egiten du, kantuak sortzen ditu eta Yawning Man, Hermano eta beste hainbat talderekin lan egindakoa da. Konponketak egin dizkigu eta kantuei nortasuna ekarri die. Estudioan hamalau ordu igarotzen zituen behar bezalako soinua bilatzen eta ahotsarentzat lau mikro erabili ditut zenbaitetan. Soinua matizatzea gustatzen zaio eta asko inplikatu da kantuetan.
Ez dakit bidaiak kondizionatuta sortu duzun Dead song...
Estatu Batuetara joan aurretik idatzi nuen abesti hori. Bertako indioen inguruko testu batzuk irakurtzen ibili eta gero, heriotzarako kantuak prestatzen zituztela ohartu nintzen. Horrekin lotuta idatzi nuen letra hau. Denbora igaro ostean bat-batean Coachelako desertuan nengoen disko berria grabatzen. Horretan ari ginela Waxy taldeko bateri jole Landerra batu zitzaigun. Bera desertuan bizi den Apatxea da, abizen euskalduna duena! Diskoan kolaboratu zuen eta kantu horretan ahotsak sartu zituen.
Kalifornian grabatu izanak lehen aipatu duzun Alfredo Hernandezek (Kyuss, Brant Bjork, etab.) diskoan kolaboratzea ahalbideratu du.
Vig Du Montes Persona Non Grata taldearekin biran izan zenean egon nintzen berarekin. Orduan pasatu nion abestia eta berarekin eraman zuen. Estudioan geundela etorri zen eta gurekin grabatu zuen. Scott Reeder (Kyuss) ere estudiotik pasa zen.
Bidaia probetxu handikoa izan da beraz.
Oso berezia izan da. Bertan bizi den jendearekin egoteko aukera izan dugu.
The Desert Sessions zergatik sortu ziren ulertzen lagundu digu. Eta rock desertikoa ulertzen baino bizitzen lagundu digu gainera.
Baina betiko lagunekin lan egiteko aukera ere izan duzu: Cambio Clim