Metak diskoetxearekin lan egin dute "Dantzaldiko erreginak" diskoan
Badira urte mordoska Gasteizko Neubat taldea sortu zela. Pixkanaka-pixkanaka baina beti urrats sendoak ematen, beren ibilbidea jorratuz joan dira: bi maketa argitaratu dituzte (azkenekoak Gaztemusika ekimenean parte hartuz zuen), taldeko bi partaide Sorkunen proiektuan ibili dira buru belarri eta orain Metak diskoetxeare eskutik diskoa egiteko aukera heldu zaie. Berrikuntzekin gainera, Ima, Atxux eta Kandari Libe gehitu baitzaie ahotsa eta teklatuekin. Dantzaldiko erreginak kalean dago jada gure gozamenerako. Ima (bateria) eta Kanda (kitarra eta ahotsa) ditugu gure artean disko berriari buruz hitz egiteko.
Zuen azken maketa Gararen Gaztemusika ekimenean kaleratu zenuten eta ordutik denbora dexente pasa dela esan daiteke. Zertan ibili zarete disko berri hau atera artean?
Ima:
Maketa hura bukatu ondoren lokalean ibili ginen, abesti berriak prestatzen, azken moldaketak egiten, estudiora joan aurretik azken maketak grabatzen...
Kanda:
Ez gara geldirik egon, jotzen jarraitu dugu eta horretaz gain, erditik Sorkunena egon da. Hori taldearentzat aldaketa bat izan zen Atxux eta biok Neubat utzi gabe Sorkunekin hasi baikinen. Halere, lokal berdinean egiten genuen lan bai Sorkunekin bai Neubatekin, zuzenekoak ere eman ditugu bi taldeak elkarrekin eta hau guztia oso aberasgarria izan da. Disko honen prozesuak luze jo du konposaketa aldetik, abesti asko duela hiru urte hasi ginen egiten, baina ez genekien zein abesti sartuko ziren diskoan. Abestiak egin eta egin ibili gara, asko albo batera geratu dira eta besteak diskoan sartu ditugu. Tartean Gaztesarea web orrialdeak ateratako bilduman ere parte hartu genuen
Zure begi beltzak abestiarekin. Abesti hau diskoa prestatzeko grabatu genuen maketa batetik atera genuen.
Aurreko maketekin alderatuz, aldaketak sumatzen dira. Alde batetik, Liberen presentzia teklatuekin eta bestetik, abestien artean desberdintasun handiagoak ikusten ditugu.
Ima:
Aldaketa nagusiena orain abestiek hasiera, bukaera eta tarteko zati garbia daukatela izan daiteke. Lehen abestiak egiten hasi eta di-da egiten genituen, orain abesti bakoitzak bere prozesua eta bere bizitza dauka.
Kanda:
Bai, nortasun gehiago dute abesti hauek. Halere, oso harro gaude gure maketez, batez ere Gararekin atera genuenaz. Oso urrats garrantzitsua izan zen guretzat, jende askorengana iristeko aukera eduki genuen. Baina disko berriko abestiek gure zigilua daramatela esan dezakegu, Neubaten abestiak dira. Aurrekoek esperimentazio kutsu bat dute, nondik nora zoazen ikusteko, gauzak frogatzeko, horretarako dira maketak. Hiru urtetan gainera gure ideiak asko alda daitezke eta guk egitea ezinezkoa ziruditen abestiak daude, motelagoak, melodikoagoak... lortu dugu guretzat arraro xamarrak ziruditen abestiak gure nortasunari egokitzea Oso garrantzitsua da hau guretzako, askozaz ere perspektiba zabalagoa ematen baitigu, gauza asko egiteko aukera, indarra eta potentziaz gain gauza gehiago egiteko gai garela. Batzuk esan dute melodiko dela diskoa, baina kontuz, kitarrak eta oinarriak oso gordinak dira, inoiz baino gordinagoak. Oso afinazio grabea erabiltzen dugu, soinu oso iluna, baina ahotsetan egia da aldaketa ematen dela. Ahots melodikoagoak dira, politagoak abesteko, melodia aldetik abestiak lantzea interesatzen zitzaidan.
Grabaketa Eibarko Legarre musika elkartean egin duzue. Nolakoa izan da esperientzia?
Ima:
Egia esan, nahiko nekagarria izan da, denek gure lana daukagu eta gauetan ibili ginen. Gehienbat ni, egun osoa lanean, gero kotxea hartu eta Gasteiztik Eibarrera, grabatu eta buelta... hiru aste eman nituen horrela.
Kanda:
Gure soinu teknikariak, Aitor Amozarrainek oso argi zeukan bertan egin nahi zuela. Bera izan da grabaketaren arduradun nagusia, nahasketetan Karlos Osinaga eta masterizazioan Herfeko Anselmo Calleja ibili dira. Oso gustura ibili gara Eibarren, nahiz eta gure lanekin arazo batzuk eduki eta nekatzen ginen. Gainera, denbora dezente egon gara grabaketan, gauzak lasai egin nahi genituen ahalik eta emaitza hoberena lortzeko. Giroa ere oso ezberdina da grabaketa estudio handi batekin alderatuz, lokalak dira eta musika giroan zaude, baina hurbileko giroa, presiorik gabe, ez zara erlojuari begira egon behar. Sorkunekin Garaten egon ginenean adibidez, presio gehiago geneukan, hau oso ezberdina izan da. Gu geunden, gu bakarrik, ez geneukan inor atzetik. Eibarko jende guztiarekin ere oso ongi moldatu gara, luxu bat izan da.
Maketan jada bideoklip bat sartu zenuten eta orain disko berrian Basamortu motela abestiaren bideoa dago. Un Lugar en el Cine
ekoiztetxeak egina da eta ikusi dugunez jende ugari egon da bideoaren atzean.
Ima:
Zuzendariak izugarrizko lana egin du. Grabaketa egiteko leku bila kilometro pila egin zituen. Gidoiarekin hilabete pasa zuen dena zehazten, plano guztiak prestatzen. Gainera, zine formatuan grabatua dago, beraiek alokatu zuten kamera...
Kanda:
Eskertu behar dugu bertan egon zen jende guztia, ia hamasei pertsona egon ziren ekipoan. Harreman estua dago beraiekin, bideoan parte hartu duten guztiak lagunak dira, oso ongi pasa genuen, baina a ze hotza!
2004, ABUZTUA-IRAILA