entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2024-02-20

Martin Ziarrusta

ZIAKHUS ETA MATEO ZIKUTA

Ziakhus_1 Argazkia: Gasteizko Gaztetxea

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Bere izen artistikoaren garapenak badu loturarik artista honen garapen pertsonal zein musikalarekin, eman izan dion eta ematen dion zentzuarekin, alegia. Errima lausoak eta sinpleak erdi brometan asmatzen aritzetik proposamen sendo eta landu bilakatzera eraman du bere proiektua, kezka pertsonalei zein konbikzio politikoei ekarpena egiteko asmoz.

 

Testua: Ainhoa Mariezkurrena
Argazkiak: Gasteizko gaztetxea

Euskaraz abesten duen rapero batek zein erreferentzia musikal ditu?

Euskal Hip Hop Herria webgunea nuen begiz jota, bertan entzun bainituen lehen aldiz euskarazko rap diskoak. Aipamen berezia merezi du 2zio taldeak bide horretan.  Hasieratik egin dut rapa euskaraz eta ez dut aldatzeko asmorik. Nire ama hizkuntza da eta ez nintzateke gustura sentituko gaztelaniaz kontzertu bat ematen. Ez da gaztelerarekin arazorik dudanik, lagunekin gazteleraz inprobisatzen baitut batzuetan, zer edo zer idatzi ere eta entzun: gehienbat gaztelerazko rapa entzuten dut. Baina, sortzeko, ez dut nire sentitzen. Gainera, euskarazko rapa eta musika eszena oraindik garapen bidean dago eta bide horretan ekarpen interesgarriak egin ditzakedala pentsatzen dut.

 

Hizkuntza, hitza, da raperoaren ezinbesteko arma. Zein pisu dauka zuretzat?

Euskarazko rapean misio bat neukala sentitzen nuen: gazteleraz eta ingelesez entzuten nituen elementu batzuk euskaraz egitea, bereziki aspektu formalekoak diren silaba anitzeko errimak, kalanburrak, hitz-jokoak… Tematuta nengoen horrekin eta abestien esanahia sakrifikatu egiten nuen. Ez nuen estilo markatuegirik, nire gustua ez zegoelako bereziki finkatuta. Garai hartan ezagutu nuen Calié, gaur egun Balloon Frame taldeko MCetako bat. Unibertsitatera bidean rapeatzen genuen. Raparen eta hip hoparen gaineko jakintza eta gustua garatzen hasi nintzen orduan, eta pisua kentzen errima eta estruktura konplexuei, beste baliabide batzuk lehenetsiz.Kontzientzia politiko espontaneo bat ere banuen, musikak izaera politiko argia eduki behar zuela esaten zidana. Kontzientzia politikoa garatzen hasi nintzen eta hori sorkuntzan aplikatzen. Euskal Herriko panoraman ideia komunistak gorpuzten eta hedatzen hasi ziren, eta artearen eginbehar politikoaren ideiak argituz eta sakonduz joan nintzen inguruan nituen kide eta artistekin eztabaidan eta formakuntzan. 

 

Zein funtzio betetzen du, beraz, arteak eta nolakoa beharko luke? 

Gaur egun artea bi esferatan banatzen dela esango nuke. Batetik, arte elitizatua dago: museoetakoa, zinema jaialdietakoa, kontserbatorioetakoa etab. Gizartean duen eragina ez da hain handia eta zuzena. Bestetik, industria kulturala dago, baliabide digitalen bitartez inoiz baino masifikatuagoa: telesailak, musika, sare sozialak, etab. Azkenengo horrek bi funtzio betetzen ditu burgesiaren eskuetan: ekonomikoa eta ideologikoa. Arteak termino horietan eraginkorra izan nahi badu, inposatutako ezaugarri horiek onartzea baino ez zaio geratzen artistari, bere biziraupenerako baldintzak baitira. Beraz, sorkuntza ulerterraza, laburra eta sinplea izatera igaroko da, jada esanda dagoena errepikatzera eta ideologia burgesa erreproduzitzera. Horregatik azaltzen dira klixe berdinak telesail eta abesti guztietan. Hartzailea, langileria, entretenituta mantendu eta guztiz despolitizatu nahi dute halako tresnen bitartez, bizitza miserableak onartzera eramateraino, gizartea antolatzeko beste modu bat ezinezkoa dela sinesteraino. Artearen funtzio ideologikoa ukatzea zentzugabekeria da maila analitikoan, eta armagabetzea maila politikoan. Guk gure alde erabili behar dugu. 

 

Rapa apurtzailea izan da, baina, historikoki. 

Ahalmen politiko handiko generoa da, zalantzarik gabe. Ezaugarri formalak kontuan hartu besterik ez dago: eskuragarritasun teknikoa, diskurtsoaren eta hitzaren garapenaren garrantzia, etab. Eta baita subjektu historikoa ere, gazteria langilea izan baita nagusiki hartzaile eta sortzaile. Espazio publikoaren birjabetzetik hasi zen, auzuneetako gazteriaren kezkak islatu zituen, eta gaur arte forma komertzialekiko eta botere kapitalistarekiko aurkakotasuna mantendu du. Baina musika inkonformista hau, estatuari aurre egitera heldu bazen ere, oso goiz hasi zen burgesiaren intereserako funtzio ekonomiko eta ideologikoak betetzen. Letren esplizitutasunak, kale-indarkeriarekin zuten loturak eta kriminalizazioak arrakastaren mitoa, homo homini lupus, gangsterraren figuraren goraipamen akritikoa, indarkeria matxista eta hipersexualizazioa ekarri ditu. Horiek, ordea, ez dira raparen berezko ezaugarriak, mundu ikuskera kapitalista erreproduzitzen duen kulturarenak baizik.. Eta, era argi eta esplizitoan aurre egiten ez badiogu, hau da, asmo politiko iraultzailerik ez badugu, horretan segituko du. Ez da industria kulturala suntsitu eta gainditu nahi duen indarra, dinamika berberaren azpi-liga baizik. Berezko zirkuituarekin, berezko merkatuarekin eta berezko lizentzia estilistikoekin, baina berberen mesedetara.

 

Era berean, bat-batekotasunak uzten al dio lekurik ideien garapenari? Raperoak ba al du askatasunik? 

Inprobisatzen gerturatu ginen rapera eta gaur ere oso ondo pasatzen dugu parkean horrela. Baina gizarte burgesak dakarkigun  askatasun kontzeptua zalantzan jarriko nuke. Artistak ahalik eta askeen izan behar duela eta inspirazioa zerotik etorri behar zaiola esaten dute, baina gizarte harremanek beti baldintzatzen dute norbanakoa. Lehen esan bezala, entzuten ditugun rap gehienek ideia, erreferentzia eta topiko berberak errepikatzen dituzte. Inprobisazioetan etengabe agertzen dira komodinak eta prozesu automatizatuak. Horrek zerikusi zuzena dauka bere forma merkantilizatuarekin eta gizartearen dinamika orokorrarekin. Denok gaude dinamika sozialean murgilduta, inertzia ideologiko berdinen menpe. Interesgarriagoa litzateke askatasunaren beste kontzeptu bat aldarrikatzea, aske izatea nork bere buruari legea inposatzea baita, hau da, inertzia sozialen aurrean kontzientzia ezarri ahal izatea, eta egiten dugunaren zergatia eta inplikazioa aplikatzea. Nire ustez, kontzientzia hori hertsiki da politikoa eta, hortaz, Leninek zioen bezala, artista erromantiko, inspiratu eta formalki askearen ideia burgesaren aurrean, langileriaren kausaren mende jartzen dena da benetan askea. Izan ere, politikoki kokatzen ez den artistaren askatasuna ilusio hutsa baino ez da; eta, nahi edo ez, zuzenean edo zeharka, kapitalismoa elikatzen jarraituko du, industria kulturalaren zirkuan parte hartuz. Politikoki ez konprometitzea merkatuaren mende jartzea da, eta hori, finean, alienazioa.

 

Non edo nola kokatzen duzu zure burua zurrunbilo horretan?

Zabor horretatik kanpo kokatu nahiko nuke. Ez soilik artearen bidez; ezinezkoa baita industria kulturaletik ihes egitea esaten duzunarekin soilik edo istrumentalen ezaugarrien bitartez edo festibal handiei uko eginez, adibidez. Maila artistikoan asmo apurtzaileak dituztenek posizio politiko argi bat eduki ezean, industria kulturala modernizatu besterik ez dute egiten, korronte berriak txertatuz edota horma merkantil berriak eraikiz. Auzia politikoa da: zein botere eta ideia elikatzen dugu gure artearekin?

 

Euskal Herrian, Rock Radikal Vasco fenomenoa musika politikoaren erreferente garbia izan da. Egun non ageri da asmo horren aztarna?

Euskal Nazio Askapen Mugimenduarekin estuki lotuta egon da musika politiko eredu hori. Eraginkorra izan da, eta luzez mantendu da, baina proiektu politiko horren indargabetzearekin batera bere izateko arrazoia galdu du. Musika politikoa egin nahi izan duten gazte belaunaldi berriek forma horien imitaziora jo dute, ideietan eta subjektuan esangura errealik eduki ez arren. Horrek krisi artistiko moduko bat ekarri du, funtsean krisi politiko bat besterik ez dena. Nahaste-borraste horretan zenbait ikusmolde bereiz daitezke gaurko euskarazko musikaren eszenan. Alde batetik, badira musikaren politikotasuna esklusiboki forma batekin lotzen dutenak: rock musika, oro har. “Gora musika herrikoia, pikutara reggaetoia” dioten pankarta aberranteak ikusi izan ditugu. Eta bestetik, musikaren balizko politikotasun positiboa ukatzen dutenak daude, Chill Mafiarekin etorri den paradigma hori guztia, esaterako. Korronte horrek era esplizituan eta jarrera punkiago batetik euskal musika industria modernizatzen lagundu du. Bestetik, musika komertzialaren instituzioak daude, arrakasta bilatzen dutenak, proiekzio politiko oro galduta eta forma merkantilak besarkatuta. Badira Gaztea irratian edo ETBn arrakasta lortzen dutenak ere, maila internazionalean akaso, eta Udaletako kultura sailetako dirutik bizi direnak edo berezko festibalak antolatzen dituztenak. Azkenik, industria kulturaletik egiten diren apostu tristeak ditugu, ekoizleek sortzen dituzten Frankenstein munstroak, formula arrakastatsuak kopiatzen eta askotariko payolaz puzten saiatzen direnak, eszenan tokia egiteko gaitasunik ez dutenak. Garai bateko musika politikoaren arrasto triste bat nabaritzen zaio azken multzo horri, musika komertzialari, era neurtu eta interesatuan txertatzen baitituzte kontzeptu politikoak, oso lausoak, oraindik hori eskatzen duen publikoaren desirak asetzeko. 

 

Entzule berriak garai berrietan jaio dira, ordea.

Indar politiko berri batekin agertu da musika politiko eraberritu bat planteatzeko aukera. Belaunaldi berri batek politika berri bat galdegiten du: erreformaren bidea baztertu eta iraultzaren beharrezkotasuna berpiztea. Horren adibide ditugu mugimendu sozialistarekin lerratzen diren hainbat musika talde, edota Ekida arte ekimena bera ere. Azken horrek, maila teorikoan aurrerapen oso interesgarriak egiteaz gain, beste logika politiko baten baitan sortzen diren artelanak eraman ditu aurrera: abestiak, antzezlanak, bertso saioak… Kapitalismoaren krisi fase gogorra bizitzen ari gara, eta langile klasearen erreferente politiko sendorik gabe ez du hobera egingo: estatuen autoritarismoa, bizi-baldintzen gainbehera, ingurumenaren suntsiketa, gerra inperialista… Horretan guztian burgesiaren industria kulturalaren interbentzio ideologikoak pisu nabarmena du, gazteon artean bereziki. Musikaren bitartez, eta bereziki era kontziente eta antolatuan egiten badugu, interbentzio politiko erreal bat plantea daiteke, kontrako noranzkoan: politizazioan sakontzeko, balio eta langileriaren aurkako pentsamoldeak neutralizatzeko, komunismoaren ideia normalizatzen lagundu eta hegemonizatzen saiatzeko. 

 

Hemendik aurrera, beraz, zertan ariko zara?

Proiektu berri batean ari naiz lanean, oraindik oso intentsitate baxuan. Norekin garatu ere badakit. Istrumentalak egiten ikasteko lehen pausoak ere ematen ari naiz. Azken boladan ideiak materializatzeko baldintzak hobetzen ari zaizkigu eta espero dugu aurtengo ikasturtean aurrerapauso nabarmenak eman ahal izatea, rapeoetan eta istrumentaletan serio jarri nahi baitugu. Erreferentziak garbi dauzkagu eta baita asmoak ere. Asko dago esateko eta egiteko. Gogo handia daukat 2018an idatzitako letrak alde batera utzi eta sorkuntza berriarekin eta garatuarekin agertzeko.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.