entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2022-12-06

Neomak ILGORAN


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Testua: Igone Mariezkurrena
Argazkiak: Antonio Murillo

Lehendabiziko diskoa atera baino lehen, bi aurrerapen-kantarekin, beste horrenbeste bideoklipekin eta, batez ere, plazaz plazako zuzenekoekin indartu dute bere proposamena eta izena: Neomak. Kepa Junkerarekin batera bost urtez Euskal Herrian barrena euskal folk tradizionala astintzen ibili ziren zazpi sorgin haiek dira, berberak baina berriak: zazpi ilargi berri. Eneritz Aulestia taldekideak erantzun die gure galderei.

Zeuen imajinazioan proiektatzen zenuten modukoa izan al da ‘Neomak’ lan luze homonimoaren azken emaitza?
Ez, ez behintzat hasiera-hasieran imajinatzen genuen bezalakoa. Inoiz landu gabeko estilo eta soinuekin aritu gara eta zaila zen emaitza zehatz bat irudikatzea. Kantak osatzen joan ahala, diskoak, pixkanaka, gure espektatibak gainditu zituen, eta emaitza bakoitza sorpresa moduko bat izan da. 

Ekoizpena zoragarria da, ekipoarekin ere (Haritz Harreguy eta Alejandro Jimbo’ Paez) prozesua halakoa izan den seinale, ala?  
Zalantzarik gabe, bai! Gure aurreneko berezko proiektua da eta ekipo batekin lan egiten genuen lehen aldia zen. Kaleratu genuen estreinako abestiaren (Ilargi Berriak) ekoizpen eta grabazioan ezagutu genuen Haritz Harreguy, eta hasieratik sentitu genuen ‘rollo’ ona, konfiantza transmitizen duen horietakoa da Haritz. Jimbo ezagutu genuen lehen eguna ere oroitzen dut: Usurbilen izan zen eta pote baten bueltan gurutzatu genituen lehen hitzak. Berehala bat egin zuten berak musikarekiko duen ikuspegiak zein ezagutzak eta gure esperimentatzeko gogoak. Estudioko egun bakoitza eromena izan zen, baina pasioa eta gauza berriak probatzeko beldur eza gailendu dira; beti ere barre eta broma artean, gainera. 

Eta, zer moduzkoa izan da orain arteko plazaz plazako esperientzia hori? 
Ez da erraza izaten diskorik gabe kontzertu-zirkuitu bat osatzea, baina Neomak atera aurretik hainbat eta hainbat zuzeneko egitea lortu dugu. Era horretan jakin dugu gure lekua zein den edo nolakoa izan dadin nahi dugun, eta zoragarria izan da jendea gerturatzen ikustea, zer egiten genuen ez bazekiten ere. Proiektua ezagutarazteko modu hoberik ez dago, baina ez da xamurra izaten, publikoari ez baitzaio zure musika edota izena etxera edo sakelako telefonora iristen, zu ikustera etorri behar dute eta uste dut, neurri batean behintzat, lortu dugula. 

Maiz festen eta doako jaialdien testuinguruan aritu zarete, batez ere udan. Eta halakoetan, askotariko publikoa izaten du artistak aurrean. Pentsa liteke musikari batentzat erronka handiagoa dela hori, propio taldea ikusteko gogoz joan diren ikus-entzuleen aurrean aritzea baino. Hala bizi izan duzue?
Gure kontzertuetara, gehienbat, propio Neomakek zer egiten duen ikustera zetorren jendea hurbildu dela esango nuke, hala ere egongo dira txiripaz agertu zirenak ere. Gure kasuan, lehendik ezagutzen gintuztenen aurrean aritzea izan da konplikatuxeagoa, lehengo taldea ezagutzen zutenen aurrean, hain zuzen ere. Bestelako ibilbide batetik gatoz, folk tradizionaletik; baina Neomak, gaur egun, ez da hori, sustraietan hori gordetzen badu ere. Propio zetorrenak espektatiba edota ikusi eta entzungo zuenaren inguruko aurreiritzi bat izan zezakeen, eta ziurrenik ezustean harrapatuko zuen gure kontzertuak. Batzuentzat sorpresa ona izango zen, eta beste batzuentzat, aldiz, ez hain ona. Lehendik ezagutzen ez gintuenari, berriz, ez zaio arrotza egingo gu musika horren bueltan entzutea. 

Zenbaitek Rosaliaren uberan kokatzen zaituztete; hark hastapenetan flamenkoa poparekin eta musika urbanoarekin nahasten zituen moduan, zuek euskal folka erritmo latinoekin, gitarra flamenkoarekin, elementu elektronikoekin uztartzen duzuelako. Zer diozue?
Neomaken musika entzuten ditugun artista eta musika estilo guztien emaitza da: euskaldunak, nazioartekoak.  Eta horien artean, besteak beste, Rosaliaren musika, bai. Soinu organikoetatik gatoz, baina musika hori ez da kontsumitzen dugun bakarra eta, horrexegatik, nondik gatozen ahaztu gabe gaur egun guk entzun nahiko genukeen musika egiten dugu. 

Denborak aurrera egin ahala, Rosaliak izkin egin dio flamenkoari. Keinu urri eta txiki batzuk salbu, erabateko popstar-a da orain. Ze asmo duzue zuek?
Ez dugu ahaztu nahi nondik gatozen eta, momentuz behintzat, trikitixa eta panderoa bidelagun izango ditugu. Baina horrek ez du esan nahi derrigorrez estilo horretan mugitu behar dugunik… edo bai, nork daki! 

Kritikari batzuek lerro berean kokatzen dituzte, baita ere, Tanxungueiras. Atlantikaldia’ jaialdian eszenatokia partekatu zenuten galizarrekin, eta sintonia ezinhobea antzeman genuen! 
Bi taldeok dugu oinarria nork bere herriaren tradizioan, eta biok bilatzen dugu bilakaera edo berrikuntza bat. Horretaz gain, gure hizkuntzaren aldeko apostua egiten dugu eta zoragarria da, Tanxungueiras taldeko Aidak Atlantikaldian esan zuen bezala, beraiek gure bertsio galegoa izatea eta gu beraien bertsio euskalduna. Hala ere, besteak beste, soinuetan, melodietan eta abesteko eta panderoa jotzeko teknikan ezberdintasun nabariak ditugu. Haien kasuan, panderoa eusten duen eskua da mugitzen dena eta erritmoaren arduraduna; gurean, aldiz, normalean, larruan talka egiten duen eskuak agintzen du. Abesterakoan ez dute kasik haizerik botatzen eta oso altu jotzen dute bai bolumenean eta baita tonalitatean ere. Gurekin alderatuta, beste era batera proiektatzen dute ahotsa.

 

“Onartzen ez ditugun tradizioetatik abiatuta, gogoeta eta salaketa sustatu nahi dugu (…) honako hau da iraultza egiteko gure modua”

 

Tradizioa eta modernitatea uztartzeko asmo horretara, zuen musikak ez ezik hitzek ere dikotomia dosi handi samarra dakarte. Sustraien gordailu” izan nahi duzue (Kontu zaharrak), baina ohitura zaharren tirania eta kate astunak” (Hamen) salatzeko determinazioa ere baduzue. 
Sustraien gordailu izate horretan, gure ustetan zilegi direnak, gustatzen zaizkigunak eta ulertzen ditugunak transmititzeaz ari gara, jakina. Baina, zoritxarrez, badira onartzen ez ditugun iragan-arrasto edo tradizioak ere; gure pentsamoldeekin bat egiten ez dutenak. Azken horiei ezikusia egin ordez, horietatik abiatuta gogoeta eta salaketa sustatu nahi dugu: guregatik noski, baina baita ahotsik izan ez zutenengatik ere. 

Ahalduntze kolektiboa”, elkarrengan sinestea” , subjektu desiragarri” bilakatzea (XXI. mendekuaBiluzik)… feminismoen aldarrikapen potolo askori heldu diezue. 
Hasieratik genuen argi gure kantek, zerbait kontatzeaz gain, hausnarketara bultzatu behar zutela, eta jendeak gure hitzak bere egitea nahi genuela. Musika eta oholtza aldarrikapenerako tresna ezinhobeak dira, eta hori aprobetxatzea dagokigula sentitzen dugu, betebehar hori dugula. Nork ahal duen tokitik eta ahal duen moduan egiten du borroka, eta honako hau da iraultza egiteko gure modua. 

Azaroan Gure Bazterrak’ jaialdian aritu zineten. Antolatzaileek kartela iragarri aurretik ere jakinarazi zuten “genero irizpideak eta berdintasuna oinarri hartura” antolatuko zutela aurtengo edizioa, “emakumeen ikusgarritasuna aldarrikatzeko jaialdia” izango zela. Festibalen eta aretoen programatzaileak genero ikuspegi hori txertatzen ari diren heinean, xamurtzen ari al da emakume musikarien bidea? Ala oso urrun gaude estadio horretatik?
Geroz eta gehiago handitzen ari da emakumeen presentzia oholtza gainean, eta hori ezinbesteko gakoa da berdintasunaren bidean. Hala ere, oraindik badago zer aldarrikatu eszenatoki gainetik nahiz behetik, oholtza gaineko presentzia ez baita dena. Goian edo behean, desberdinak dira jarrerak, epaiak, ahalduntzea eta hori kolektiboki lortzeko lanketak hainbeste trabaren aurrean… Pozgarria da karteletan emakumeen izenak ugaritzen ari direla ikustea, baina atzeko beste hainbat eta hainbat esparrutan ere ikusi nahi dugu aldaketa. 

Dena dela, geure buruari galdetu beharko genioke nolakoa izan behar duen genero eta berdintasun irizpide horrek. Baduzue proposamenik, ideiarik? 
Ez daukagu proposamen berririk. Aukeretan, tratuan, lanean, kulturan, kalean… gizartearen esparru guztietan aldarrikatu nahi dugu ahalduntzea eta ahalduntze hori kolektiboa izan dadila. XXI. mendekua abestiak dioen bezala: “elkarrengan sinestea izango da mendekua” eta “kolektiboa ez den ahalduntzea ez delako ahalduntzea”. Elkarrekin egin behar dugu iraultza. 

Eskaintzaren kalitatea balizko diskriminazio positibo horren mesedetan makurtzeko arriskurik egon liteke? Euskaraz kantatutako musika sustatu nahian, gertatu izan da-eta halakorik. 
Ez du zertan, oreka bilatzea da gakoa. Emakume artista orok izan beharko luke oholtza bat zapaltzeko aukera eta, muga edo diskriminazioren bat egotekotan, kalitatea izan dadila eta ez generoa. Hala ere, esamoldeak dion moduan, etxeak ez dira inoiz teilatutik hasten, beraz, musikariek ez lukete mugarik behar ezta kalitatean ere, baina are gutxiago generoan, noski. 

Bukatzeko: 70. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten ‘Berpiztu’, Kepa Junkeraren gainditze istorioa jasotzen duen dokumentala. Zeuek ere Junkeraren bidelagun izan zineten 2014ko ‘Kepa Junkera & Sorginak’ disko hartan, eta beharbada hark erein zuen Neomak hazia. Nola gogoratzen duzue garai hura eta Kepa Junkera bera? 
Berak erein zuen hazi hartatik jaio da Neomak, bai. Bost urte baino gehiago pasatu genituen Junkerarekin oholtzaz oholtza eta garai hura ikaskuntza etengabe modura gogoratzen dugu; nola maila profesionalean hala esparru pertsonalean. Oroitzapen oso politak ditugu, seguru aski ez ginen ohartzen egiten ari ginenaz eta orain ulertu dugu Keparekin noraino iritsi ginen. Ordu pila bat pasatu genituen elkarrekin, zenbat kilometro kotxez… Kepa familiako jende asko baino gehiago ikusten genuen, pentsa! Zazpirok ‘talentua’ hitza nabarmenduko genuke, oholtza gainean eta oholtzatik kanpo ere burua beti musikaz edo arteaz pentsatzen edukitzen zuelako. Beste gauza askoren artean, zera ikasi genuen Keparengandik: pasioz egiten denak, beti, hobeto sentiaraziko gaituela eta emaitza hobeak ekarriko dituela. 

 

 

 

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.