Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Nabarmentzeko ibilbidea egin ondoren, Lekeitioko talde mitikoak 2001. urtean atseden hartzea erabaki zuen esperientzia berriei bide egiteko. Hortaz, atseden partziala hartu zuten. Berehala ezagutu genituen Txapelpunk, Pin Pan Pun Band, Uek, Nok edo Afrika proiektu berriak. Baina bihotzean zeramaten iragana baztertu ezinik 2006ko urtarrilean taula gainera igo ziren berriro ere. Ordutik, makina bat kontzertu eskaini eta aro berriak bultzatuta Apurtu Arte (Baga Biga, 2008) lan berria plazaratu dute. Bizkaitarren erro musikaletara eramaten gaituena.
Kaos aurreneko lana atera eta taldearen ibilbidea etetea erabaki zenuten. Ondoren, beste hainbat proiektuk (Pin Pan Pun Band, Txapelpunk, Nok, Uek, ...) garrantzia irabazi zuten. Horixe izan zen taldea denbora baterako banatzearen arrazoia?
Azken diskoa atera eta kontzertu bira ondoren erabaki genuen etenaldi luze bat egitea. Alde batetik taldeak arnasa hartu eta generaman inertzia apurtzeko, eta bestetik bakoitzak geneukan ezinegon musikalei ateak irekitzeko. Erabaki zuzena izan zen, oso gustura ibili baikara beste kontuetan eta gainera itzultzeko gogoa piztu digu.
Noiz sortu zen aukera Etsaiak taldea berriro ere osatu eta aro berri bati hasiera emateko?
Lehenengo Hatortxu Rock jaialdikoek lortu zuten 3 urteko etenaldiaren ondoren gu biltzea, eta kontzertu bakarra izango zelakoan geunden, baina atzetik etorri ziren Gusarock, Gazte Topagunea,.. eta konturatu gabe bueltan ginen.
Itzulera honetarako hainbat aldaketa eman dira taldean. Batzuk joan eta beste batzuk etorri. Zer dela eta?
Keu eta Mikel gustura zebiltzan UEK taldean eta ez zuten beraien burua Etsaiaken itzuleran ikusten. Besteok gogotsu geunden eta baita hasierako diskoetan gurekin ibili zen Atrofi baxu jotzailea ere. Gitarra, taldearen jarraitzaile izan den Txusek (Pin Pan Pun Band) hartu zuen, taldea berriro osatuz.
Halako batean, iaz, kontzertuak eskaintzen hasi zineten. Agerian utzi zenuten Etsaiak bizirik zegoela. Nolakoak izan dira diskoa atera aurretik emandako zuzenekoetan izandako esperientziak?
Kontzertu handiak izan dira gehienbat, eta guretzat polita izan da Etsaiak berriz bizitzea. Lehenengo kontzertuetan ile guztiak puntan jartzen zizkiguten betiko kantuek. Hala ere, kontzertuak jo ahala, konturatu ginen, jarraipen bat izateko, disko berri bat behar genuela, zerrenda berritu eta haize freskoa sartzeko.
Eta jendearen erantzuna?
Ezin hobea. Etsaiak ikusteko gosea zuten jarraitzaileek etenaldiaren ondoren. Gazteenek, inoiz ikusi ez gaituztelako eta beteranoek kentzen dizkiegulako. Bakoitzak bere arrazoiak izan ditu zuzenekoetara etortzeko.
Azkenik, Apurtu Arte izeneko lan berria aurkeztu duzue aurten. Nolakoa izan da bere prozesua?
Besteetan baino errazagoa izan da. Izan ere, oraingoan denok bat gentozen landu nahi genuen kontzeptu musikalarekin eta horrek asko errazten du konposaketa.