entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2024-03-04

Esanezin

ESAN EZINEZKOAK MUSIKAREKIN AZALDU


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Ianire Aranzabek (Altzagarate, 1999), Esanezinek, Erretratu bat izeneko bigarren diskoa kaleratu berri du. Hamar kantako lana da eta, bere barruko paisaia emozionala erakusteaz gain, gizarteari begiratu eta hausnartzeko bidea ere hartu du. Iñigo Asensio, Arri Iraeta eta Imanol Rubio taldekideekin batera aurkeztuko ditu kantak zuzenekoetan. Sorkuntza-prozesuaz eta bere ibilbideaz mintzatu zaigu zintzotasun osoz.

Testua: Maitane Legarreta
Argazkiak:
Imanol G. Gurrutxaga

Nolakoa izan da bigarren diskoa sortzearen prozesua? Lehenengoarekin alderatuta, ezberdina izango zen alderdi askotan, ezta?
Oso ezberdina izan da. Lehen diskoan, oso garbi nuen zer kontatuko nuen kantak sortzen hasi baino lehen. Aurreneko diskoa oso autobiografikoa da; nerabezaroa momentu oso konplikatua izan zen gizen egoteagatik, eta horrek nire bizitzan eragindakoa kontatu nuen. Bigarren honetan, kontzeptuan pentsatu gabe atera dira abestiak. Sortu nuen laugarren edo bosgarrena izan zen Erretratu bat, eta kanta horrekin konturatu nintzen ordura arte idatzitako abestien atzean nire inguruan momentu hartan gertatzen ari zenaren erretratua egiteko saiakera zegoela. Pixkanaka gertatu da, aldakortasunari eta orainari utzi diot lekua, guztiz garbi izan gabe ere.

Prozesuan deskubritu duzu bidea, hortaz. Hala ere, lehenengoan izandako zailtasun batzuei iskin egingo zenien beharbada, aurreko esperientziari esker…
Lehen diskoa grabatu nuenean, neure burua ez nuen musikaritzat artean. Lan hartako hiru kantaren musika Oriol Floresek sortu zuen. Beste abestietan, oinarrizko musika nik sortu nuen, baina Oriolek asko lagundu zidan egiturak txukuntzen, eta moldaketak ere beste musikari batzuek egin zituzten. Prozesu oso aberasgarria izan zen, eta oso nirea den zerbait besteekin partekatzen ikasi nuen, besteak kontzeptu horretara bideratzen. Ia hiru urte pasatu dira lehen diskotik, eta denbora tarte honetan esperientzia eta ezagutza musikala ere pilatu dut. Ausardia, ziurtasun eta ezagutza handiagoa izan dut ekoizpen-prozesuan parte hartzeko eta besteak bideratzeko. Uste dut nabaritzen dela denbora gehiago eskaini diegula kantei, behar duten espazioa, eta talde bat dagoela atzean.

Soinu aldetik pop estilokoa dela esan dezakegu, baina badaude ukitu elektronikoak, gitarra elektrikoaren nabarmentzea…
Nire erreferentzia musikalak aldatzen ari dira, eta kanta batzuekin gauza berriak probatzeko gogoa geneukan. Esanezin popean etiketatuko bagenu ere, guk ere baditugu beste tresna batzuk, gustatzen zaigu beste gauza batzuk probatzea eta hor eroso ikustea. Eta hori ere gurea dela sentitzea. Kantu batzuetan jolastu egin dugu, eta oso-oso pozik geratu gara emaitzarekin.

Hitzetan, aurrez egin bezala, zure paisaia emozionala erakutsi duzu, baina gai sozialagoetara ere jo duzu disko honetan.
Bai, hau ere pertsonala da, nigandik atera delako, baina disko honetan, nahiz eta bizipen pertsonalei lekua egin diedan, kanpora eta kalera begira jarri naiz. Erretratu bat egin diot bizi dugunari. Kantak kolektiboagoak dira, gai sozialek bestelako lekua eta pisua hartu dute, ni ez nago hain presente. Nahiz eta egia den arren kanpokoa gure barruan ere nolabait proiektatzen dela, gure etxeetan eta gure lau pareten artean.

Ezikusiak kantan zapalkuntzak aipatu dituzu eta horien aurrean zerbait egiteko beharra aldarrikatu duzu…
Bai, kafearekin egin dut metafora. Egoera pribilegiatuan bizi garenok, aspaldian lagun batekin kaferik hartu ez izana damu dakiguke, eta bien bitartean hoztutako kafeak bezainbeste bizitza galdu dira munduaren beste puntan. Ondokoari edo zure etxean bertan gertatu arte, ez gara askorik mugitzen. Horren aurrean geuk ere zer paper hartzen dugun pentsatu dut, ardurak nola banatzen diren, sarritan horri uko egiteko joera dugula. Neuk bakarrik ezer gutxi egin dezaket seguruenik, baina kolektibo eta gizarte modura, badaude zalantzan jarri beharko genituzkeen gauzak eta gutxieneko kontzientzia izan behar dugula. Musika ere horretarako bidea izan behar da. Naturalki atera zitzaidan, laguntzen didalako nire burua zalantzan jartzen, eta horren aurrean zer jarrera hartu dudan hausnartzen.

Erretratu bat abestian badago esaldi berezi bat: “Adorea falta zaigu, edo agian soberan dugu”.
Bizitzako edozein gatazka edo edozein gauzaren aurrean, ez dakit gure jokabideek ausardia faltari erantzuten dioten ala axolagabetasunaren ondorio diren. Ez diot jendeari errurik bota nahi, ezta geure buruari ere, ez baita erraza, baina etsipenak nolabaiteko arduragabekeriara eraman ohi gaitu eta gizartean sumatzen dut hori. Ulertzekoa da, egin beharko luketenek ez baitute ezer egiten, baina iruditzen zait kanta honek islatzen duela bizi dugun gizartea.

Oraindik izan zen lehen singlea. Hauskortasunari erreparatu diozu eta gauzak beti ondo ez egitearen aldeko jarrera erakutsi duzu. Beharrezkoa hori ere?
Atera baino lehen, kanta oso unibertsala izan zitekeen sentsazioa nuen. Guztiok hautsi gara bizitzaren momenturen batean, generaman zama guztiarekin gauzak ahal genuen bezala egiten saiatu gara. Akaso ez ditugu guztiz ondo egin, baina ez dugu hobeto egiten jakin izan. Gauzak beti perfektu ez egiteko baimena eman behar diogu geure buruari. Kanta hau iraganeko Ianireri begira idatzitakoa da, baina orainetik, lasaitasun horrekin. Hau zara, zure akats eta gauza guztiekin, eta ez da ezer pasatzen.

Zure zale batek aipatu du “tiritatxo bat bezalakoa” dela abesti hori, beste batek zure ahotsa “atximur egin eta ondoren sendatzea” dela. Zure kantak sendagarri dira askorentzat.
Ez dakit halakoak nola kudeatu. Ikaragarria da abesti batekin nola konekta dezakezun, abestiek nola eragin diezaioketen jendeari, eta zer leku har dezaketen. Uste dut Olaia Inziarteri entzun niola zuk kanta ateratzen duzula, baina ez dakizula kantak zer bidaia egingo duen. Topikoa dirudien arren, musika egitearen gauza berezienetakoa da.

Xabin Fernandez aukeratu zenuen bideoan agertzeko. Bistan da lotura emozionala dagoela zuen artean eta horregatik hautatu duzula…
Vivak, Bihar taldeak eta guk Plegu kanta atera genuen, eta handik egun batzuetara Xabinek idatzi zidan kanta entzun zuela eta berak bere burua ikusi zuela kontatuz, eta oso egokia iruditu zitzaiola Kanpora sartzen antzezlanean erabiltzeko. Guretzat kristoren oparia izan zen eta antzezlaneko soinu banda bihurtu zen. Ez nuen sekula imajinatuko musikak halako lekuetara eramango ninduenik. Horri esker, harremana estutu dut Xabinekin. Oraindik kanta Xabinen bizitzaren etapa horrekin bat zetorrela iruditu zitzaidan. Bera imajinatzen nuen bideoan. Bidaia oso hunkigarria eta polita izan da, batez ere eraiki dugun harremanagatik.

Bideoan Altzagarate azaltzen da eta baita zure lagunak ere. Lehen diskoan Altzagarate izeneko kanta egin zenuen, eta orain ere ez dituzu tokia eta zure ingurukoak bazterrean utzi.
Lehen diskoan modu oso esplizituan agertzen da Altzagarate. Ez diot beti kanta bat egingo, baina Esanezinen bidean beti egongo da. Ez dut imajinatzen Ianire eta Esanezinen bidea Altzagarate gabe eta, batez ere, haiek gabe. Auzo txiki batekoa izateak zure bizitza markatzen du nolabait, eta zure nortasuna eta izateko modua. Bertan jaso dudan dena jendeari erakustea gustatuko litzaidake, gauza txikiekin nahikoa dugula iruditzen zaidalako. Gehiegikeriaren beharrik ez izaten ikasi dut Altzagaraten, geneukanarekin moldatzen, sinpletasunean. Esanezin horren isla izatea nahiko nuke. Disko honetan kuadrillakoei kanta bat idatzi diet eta haiek koru batzuk egin dituzte. Altzagarate berezia da, baina Ordizia nire bigarren etxea da, bereziki Ordizian dudan kuadrilla.

Herri edo auzo txiki batetik musikaren mundura ateratzeko, nortasun handia behar al da, pasioa, ala biak?
Ez dakit… Musika presente egon da beti nire bizitzan, baina ez hainbeste nik orain jorratzen dudan tankerakoa. Etxean trikitixa eta panderoa entzun izan dugu asko. Nerabezaroan neure kabuz entzuten nuen musika, eta, halako batean, Lain taldearen Irudiak kantak bizitza aldatu zidan. Abesti horretatik aurrera, musikari begiratzeko modua aldatu zitzaidan. Orduan konturatu nintzen musikak leku berezia zuela niretzat. Abesti horrek gertatzen zitzaidana ulertzen lagundu zidan, eta horri nolabaiteko irtenbide bat ematen, sendatu egin ninduen. Hala ere, momentu hartan ez zitzaidan burutik pasatu ere egin nik ere hori egin nahi nuela. Gero, gitarra klaseetara joaten hasi nintzen, bertsioak egiten, baina nire etxean eta niretzat. Duela lau urte ez nuen imajinatzen neure burua idazten, oholtzara igotzen, abesten, gauzak azaltzen… Harrigarria da. Ez da gauza bera jendaurrean zerbait azaltzea edo oholtza batera igo eta zure abestiak aurkeztea. Bestelako zerbait dago, beste magia edo indar bat.

Esanezin bakarkako proiektua da, baina taldea beti hor dago, eta abestien sorkuntza-prozesuan ere parte hartu dute kideek. Taldeak asko emango zizun, ezta?
Esanezin izena du proiektuak, oso argi neukalako esan ezin nituenak azaldu nahi nituela musikarekin. Taldekideek badakite Esanezin uzten badut, bukatu egingo dela, baina taldekideak ez dira musikariak soilik. Kontzeptu aldetik-eta, agian ez dute nik dudan lotura bera, baina jende oso konprometitua da. Orduan, nire proiektu pertsonala da, baina haiena ere bada, neurri ezberdin batean bada ere. Kantak denonak dira, ez dira nireak bakarrik, eta diskoan nabaritzen da. Istorio hauek eta bidea haiekin partekatzea gozamena da.

Twitterren, aspalditxo, honakoa idatzi zenuen: “Egun hauetan asko gogoratzen naiz denari beldurra zion Ianirerekin”. Musika-ibilbidea hastea proposatu zizun Oriol Floresek, eta zuk urtebete hartu zenuen, ez zitzaizulako burutik pasatu ere egin. Urtebete horretan zure beldurrei eta segurtasun faltari aurre egin zenien?
Oriolek hori proposatu zidanean, burutik jota zegoela pentsatu nuen. Gitarra klaseetara joaten nintzen, baina gauza oso oinarrizkoak nekizkien. Ez naiz musikari oso teknikoa. Konposizio aldetik, ezagutza gehiago pilatu dut, baina senetik jotzen dut. Garai hartan kanta bat nola egiten zen ere ez nekien eta, horrez gain, momentu horretan pertsonalki bizitzen ari nintzenagatik, nik ez nuen neure burua jendaurrean ezer egiten irudikatzen. Urte hartan gauzak lantzen aritu nintzen, eta nire egoera pertsonala aldatu egin zen. Tarte horretan Oriolekin nuen harremana sendotu zen. Oso garrantzitsua izan zen berak nire espazioa errespetatu izana eta, aldi berean, nire ondoan egotea. Egoera pertsonala aldatzean, probatzea erabaki nuen. Oso barnerakoia izan naiz beti, oraindik ere banaiz, eta gauza asko ez ditut egin besteek zer esango ote zuten beldurrez. Neure buruari aukerak ukatu izan dizkiot segurtasun ezarengatik.

Elkarrizketaren batean aipatu duzu inguruko jendearekin konparatuta nahiko ezberdina sentitu izan duzula zeure burua, eta molde batean sartzen saiatu ohi garela, beste modu batekoa izaten, baina ez lukeela hala izan beharko.
Gizen dagoen edozeinek sufritzen du egungo gizartean. Ez dut eskola-jazarpenik eta halakorik jaso izan, baina konplikatua izan da. Ezberdin sentitu dut nire burua, bestelako gorputz bat izateagatik. Gizarteak alboratu egiten zaitu, lekurik ez duzula sentiarazten dizu. Besteek esandakoak modu batean ala bestean eragiten dizu, zure nortasunaren arabera, eta niri behar baino gehiago eragiten zidan. Zure burua gorrotatzera ere iristen zara, eta oso-oso gogorra da. Orduan erabakitzen duzu zerbait egin behar duzula. Aldaketak izan ziren gero, dezente argaldu nintzen, baina beti oso presente izan dut. Orain oholtzara igotzen naizenez eta gorputza jartzen dudanez bertan, noizbehinka bueltatu egiten da mamua.

Ordiziarrocken parte zara eta soinu teknikari lanetan ere aritzen zara bertan, ezta?
Soinu teknikari lanetan baino gehiago, bazterrak nahasten –barreak–. Bidean topatu dudan kolektibo zoragarria da Ordiziarrock. Lehenengo gauzak igotzen hasi eta berehala idatzi zidaten, kontzerturik egin nahi banuen, antolatuko zutela jakinarazteko. Zer egingo nuen jakin gabe egin zidaten proposamena, gaizki jo edo abesten ote nuen jakin gabe. Hasiera hartan asko lagundu zidaten. Musikak militantziatik eta borondatetik behar du, hori gabe ez goaz inora. Hiruzpalau urte dira Ordiziarrocken parte naizela, eta beste aldean zer dagoen ulertzen lagundu dit. Kontzertuak lotzen saiatzen ari gara diskoa aurkezteko eta, jendetza mugitzen duen norbait ez zarenean, edo musikaren munduan oso finkatuta ez bazaude, kosta egiten da. Jende berriari aukera gehiago eman behar zaizkiola esaten dugu, baina kontzertuak antolatzen aritzen zarenean konturatzen zara oso konplikatua dela publikoa erakartzea. Ez da antolatzaileen ardura soilik. Entzuleok ere hausnartu beharko genuke zergatik ez garen kontzertuetara joaten taldeek ospea izan arte. Ordiziarrockeko kideok musikarekiko errespetua eta duintasuna izaten saiatzen gara, baina ezin zaio gauza bera eskatu militantziatik lan egiten duen elkarte edo kolektibo kultural bati eta erakunde publiko bati. Gure ekitaldi gehienak doan direnez, guretzat beharrezkoa da jendea gerturatzea, etekin ekonomikoa ateratzeko modu bakarra barratik ateratzen duguna izaten baita. Ez da erraza jende berriari aukerak ematea eta, aldi berean, elkarte kulturalaren etorkizuna bermatzea. Haiek ere askotan laguntza behar dute eta guztiok hausnartu beharko genuke musikaren inguruan: musikariok, entzuleok, eta publikotik zein militantziatik aritzen garen antolatzaileok.

 

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.