entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2023-12-28

Belako

MUSIKA-LORATEGIA UREZTATZEN


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Mungiako taldeak bosgarren lana plazaratu du: Sigo regando. Belakok estilo bat, jarrera bat, egoteko modu bat erakutsi du orain arte Euskal Herrian zein nazioartean. Jo eta jo ari dira aspaldion, eta tarte bat hartu dute Entzun! aldizkarekin diskoaz berba egiteko, eta egungo euskal eszenaz aritzeko. Josu Ximunek (gitarra eta ahotsa) hartu du hitza. Pozik daude beraien ezlekuan, eta musika sortzeko eta zuzenekoak ematen jarraitzeko grina ondo ureztatuta daukatela dirudi. 



 

Testua: Patxi Gaztelumendi
Argazkiak: Lide Billelabeitia

 

Sigo regando izena jarri diozue disko berriari, zergaitik?

Metafora bat da. 12 urte daramatzagu elkarrekin eta, kanpotik begiratuta arrakasta handia izan dugula ematen duen arren, guk ez dugu horrela ikusten. Gauzak ondo joan zaizkigu, baina beti egin izan dugu nahi duguna. Estilo aldetik eta musikalki ere ez gara inoiz korronte batekin lerrokatu edo olatu baten gainera igo. Hasi ginenean, ez geunden orduko musikaren modan, eta garagemusika egiten genuen guk. Trapa hasi zenean, gu beste norabide batean genbiltzan. Beti gure bidea egiten aritu gara, eta beti ezleku batean kokatu dugu gure taldea. Punk izateko oso mainstream gara beharbada, eta mainstream izateko, ordea, punkegiak. Badirudi guretzako ez dagoela leku argirik, eta horregatik geure lorategia ureztatzen jarraitzen dugu.

 

Lehen entzunaldian, betiere zuen eklektikotasunean, disko lasaiagoa egin duzuela esan daiteke?

Beharbada bai; lasaiagoa da, eta makarreogutxiago dagoela argi dago; baina sartu dugun apurra askoz makarragoada. Sagre total abestia, adibidez, gaztelaniaz grabatu dugun lehen kanta hori, brutala da alde horretatik. Beste abestiak, lasaiagoak, entzungarriagoak direla esango nuke, bai.

 

Non eta zelan grabatu duzue lan hau?

Azken hiru diskoak Beran grabatu ditugu Iñigo Irazokirekin, gure zuzeneko teknikari izandakoa. Atala estudioa dauka eta zintan grabatzen du. Horrela grabatzea ez da izan guk geuk aukeratutako edo pentsatutako zerbait, baina pozik gaude Iñigoren lan egiteko moduarekin. 24 pistako zintan grabatzen du. Hirugarren diskoan egin genuen froga eta soinua eta, batez ere, bere metodologia maite ditugu. Aspaldi horrela grabatzen zen, eta guri ondo funtzionatzen digula esan nezake.


 

Instrumentazio aldetik ere berrikuntzekin dator. Gitarraz, baxuaz eta bateriaz gain, beti teklatu eta sinteak sartzen ditugu. Hori ohikoa da. Baina oraingoan biolinak ere sartu ditugu. Berritasuna hor dago. Hasiera batean midi soinuarekin sortu nituen, baina Iñigo Irazokik esan zidan benetako biolinekin frogatzeko, eta askoz hobeto geratu da. Pianoak eta sinteak etxetik grabatuta eramaten ditut. 



 

10 urtean kaleratu duzuen bosgarren lana izanik, erronka izango da oraindik gauza berriak egin nahi izatea Belakoren berezko izaera galdu gabe.

Hasieran horrela zen. Bigarren diskoarekin izan genituen zalantza handienak, segurtasun falta. Bigarrena zen… zer espero ote zuen jendeak... Orain, ordea, ez; gauza asko ikasita dauzkagu. Kantak nahi izan dugun eran sortu ditugu; badira, baita ere, Belako estilora konposatutako abestiak, baina beti argi daukagu gauza berriak egin nahi ditugula. Abesti berriei, harrikada berriei ere bidea eman behar zaie. Guri ezberdinak direnak gustatzen zaizkigu. Eta abiapuntu horietatik, etorkizuneko lanak izango diren horiek jorratzen ditugu.

 

Zer eskaintzen du disko berri honek orain arte landu ez duzuenik?



Beti konparatu ohi dugu aurrekoarekin. Plastic drama lokalean pentsatu genuen, egin genezakeena egin genuen: gordina eta zuzenekoetan oso antzekoa izango zena. Eta horrela atera zen. Honetan, aldiz, kontrakoa egin dugu. Berdin zaigu zuzenekoetan horrela jo dezakegun ala ez, edota lau lagun garen ala gehiago behar diren. Zazpi lagun beharko balira ere, guk geuk joko genukeela esan genuen. Biolinak eta beste elementu asko sartu ditugu. Baina gero zuzenean beste modu batera interpretatuko ditugu abestiak. Zuzenean sekuentziak-eta disparatzen ditugu, baina ahalik eta gutxien izan daitezen saiatzen gara. Ez dugu klaketa bati lotuta egon nahi. Abiadurekin jolastu nahi dugu, bat-batekotasunean aritu, giroaren arabera, espazioaren arabera… abestiekin jokatu. Instrumentuen gaineko ahalik eta kontrol handiena izan nahi dugu. Disko honetako abestiekin, pianoaren gauza batzuk gitarrak egiten ditu, eta zuzenekoa azpimarratu nahi dugu.

 

Zuzenekora eramate horretan ondo moldatu zarete?

 Bai eta, egia esateko, abesti batzuk asko aldatu ditugu. Interpretazio berriak dira, eta pozik gaude. Bertsioak direla esan daiteke. Abesti zaharrekin ere egin izan dugu horrelakorik, berriro zuzenekoetara moldatuz. The Clash taldeak asko egiten zuen hori; diskoetan instrumentu asko eta elementu berezi asko sartzen zituzten, eta gero zuzenekoetan dena zen gordinagoa, gitarreroagoa.

 

Musika eta soinua alde batera utzi barik, irudiari ere dexenteko garrantzia ematen diozue, eta bideogintzan ahalegin berezia egin duzue orain ere. 

 Beti egiten ditugu azken unean eta korrika. Promozio mundua oso beteta dago, irudia zaindu behar da, baina nahiko traketsak gara. Dena dela, gauza asko gure kabuz egiten ditugu, guk eta gure inguruko lagunekin. Bideoklipak, adibidez, guk geuk egiten ditugu. Arte Ederrak ikasita, lagun asko dauzkagu mundutxo horretan. Gauza hauek denak aurrera ateratzea lortu dugu.

 

Arropa batzuk beren-beregi sortu edo josi dituzue. 

 Horretan Crisen eskua dago. Asko gustatzen zaio modaren kontua, arropen alorra. Diseinatzaile askoren laguna da, arropa asko dauka. Gurekin Arte Ederretan aritutako askok bide horretatik jo dute, moda diseinatzaileak dira, eta beraiekin kolaboratzeko aukera izan dugu. Kaiku hauek, istorio hauek behar badituzue, erabili. Bideoklipa lantzeko aukera irekitzen digu horrek. Guztiarekin olgetan, gauzak sortu dira. Aurreko diskoetan ez dugu horrenbeste jagon hori, oraingoan ezberdina izan da.

 

Oholtza gainean urte parrastada bat daramazue, eta antzematen da eszenan oro har eta beste talde askorekin harreman oso ona daukazuela. 
 Beti izan dugu harreman ona inguruko taldeekin, oro har. Atzerrian ere bai: Cristal Figthersekin askotan jo dugu, gitarra-jotzailea beti egon da gurean. Australiako taldearekin ere, behin jo ostean, bira egin genuen elkarrekin Erresuma Batuan. Euskal Herriko eszenari dagokionez, sarritan gertatzen da kontzertu bat ikustera joan eta ikusleen artean, gehienak, beste talde batzuetako partaideak izatea. Harreman oso ona daukagu, hemen gaztetxe asko dagoelako, beti daude kontzertuak, astebururo. Euskal taldeen artean, azken bost-hamar urteotan, gauza oso interesgarriak sortu dira gainera. 



 

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.