entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2024-02-20

Asgarth

ZELDATIK ERREPIDERA


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Hamahiru urte, denbora gehiegi, pasatu zuten Asgarth talde añorgarraren zale fidelek haien berririk gabe. Errepideak eragindako neke eta ajeek pixkanaka-pixkanaka geldiarazi zuten makina. Seme-alabak etorri ziren, eguneroko ardurak… baina musikaren harra ez zen sekula joan. Itzalean jardun ziren lanean, zerotik hasita. Eta hala, joan den urte amaieran disko berri eta indartsu batekin itzuli ziren: Zeldatik. Baita bi taldekide berrirekin ere. Asgarth familia handitzen doan seinale. Axi Enbilekin hitz egin dugu.

 

Testua: Rafa Cabeza
Argazkiak: Aritz Larrea

2006. urtean plazaratu zenuten Garrasia! azken aurreko lana. Zer gertatu da ordutik hona?

Ba, umeak iritsi ziren, lana… geroz eta zailagoa zen elkartzea. Bestalde, Euskal Herria erre egin genuen. Zirkuitua hain txikia izanik, toki askotan bi aldiz jotzen genuen urte berean. Azkenean, aipatu ditudan kontu guztiak elkartu zitzaizkigun eta, ia konturatu gabe, taldea gelditu egin zen. Etenaldia iritsi zen.

Itzulera, baina, indartsua izan da eta sekzio erritmiko berriak ekarri dituzue. Oker ez banaiz, kide berriek zerikusia izan dute konposaketa horietan.
Bai. Zer edo zer egina genuen baina idei argirik gabe. Hasierako power-metalera itzuli nahi genuen, erritmo bizi eta ahots melodikoekin. Hori zen Ander, Unai eta hiruok hitz egiten genuenean gorputzak eskatzen ziguna. Baina, era berean, ideia asko alde batera utzi genituen ez zelako bilazen genuena. Ordurako jada gurekin zebilen Mikel baxujolea, eta berarekin hasi ginen piezei forma ematen. Hilabete batzuk geroago, Etxahun iritsi zenean, lana borobildu genuen. Etxahunek kristoren maila du: bonbo bikoitzak, teknika… oso erraz jotzen du eta bide berriak zabaldu zitzaizkigun nahi genuen hori lortzeko. Normalean, abestiak Unaik eta Anderrek konposatzen dituzte, baina disko honetako pare bat abesti nire ahots-ideietatik jaio dira eta beste pare bat lokalean denen artean sortu ditugu. Parasitoa piezak, adibidez, ukitu thrasheroa du eta partaide berriek jarri dute horretan berea: baxuaren marrazkiak, jokoak… bateria zer esanik ez…

Taldekide berriak talde beretik etortzeak gauzak erraztuko zituen agian…
Bai. Hilotz taldetik datoz biak eta oso ondo ezagutzen dute elkar. Base erritmiko gogorra eta trinkoa osatzen dute, eta asko nabaritu da. Eskutik doaz biak, eta kristoren indarra eta poza eman diote disko berriari.

 

Aurreko diskoekin alderatuta, Zeldatik gogorragoa da.

Bigarren gaztetasuna edo… –barrez–. Bai, oso argi genuen hori. 2006. urtean gorputzak zerbait hard rockeroagoa, lasaiagoa, eskatzen zigun bezala, oraingo honetan hau nahi genuen. Aken finean, gehien entzuten dugun musika da eta natural konposatzen dugu. Oso pozik gaude emaitzarekin, bilatzen genuen hori islatzea lortu dugulako.

 

Pandemiak baldintzatu zituen Zeldatik diskoaren grabaketa, argitalpena eta baita aurkezpen kontzertuak ere.

 Bai. Data berri bat jarri orduko, beste itxialdi bat etortzen zen. Abestiak Haritz Harreguyrekin grabatuta genituen jada, martxoa eta iraila artean. Baina, hainbeste urte eta gero, itzulera %100ean egin nahi genuen, ez genuen nahi jendea eserita egoterik, ezta musukoa jantzita ere. Hamahiru urte eta gero, berdin zitzaigun hamalau edo hamabost izatea. Gure zaleek betiko Asgarth ikus zezaten nahi genuen, eta esperanza horrekin eutsi genion bai diskoaren atzerapenari, baita kontzertuen atzerapenari ere. Eta… egoera zein zen ikusita, diskoa autoekoiztea erabaki genuen.

Ez zen erraza izango…

Iker Bengoetxea añorgarrak diseinatu eta maketatu zigun azala, eta Haritzek bidali zuen masterizazioa egitera. Egia esateko, esperientzia txarrak eta arazoak izan ditugu aurreko diskoekin eta diskoetxeekin; badirudi beti musikariak direla beren diskoetatik etekin txikiena ateratzen dutenak. Autoekoizpenarena baloratu genuen eta aurrera egin dugu bide horretatik. Gaur egun baliabide desberdinak daude: Bandcamp, plataformak… disko fisikoak ateratzea gu zaharron gauzak dira –barrez–. Gazteek beste era batera lan egiten dute, munduko edozein txokotara hel zaitezke eta ez da diru asko behar.

 

Panorama asko aldatu da.

Zalantzarik gabe. Gure garaietan ez zegoen kasik sare sozialik. Lan egiteko beste modu bat zen. Beste bizimodu bat. Gaur single bat ateratzen duzu eta, bi edo hiru egunera, jada zahartu da. Gazteek dena abiadura bizian kontsumitzen dute. Pentsa: guk disko bat erosten genuenean, urte osoa ematen genuen hura entzuten, bueltak eta bueltak ematen. Hori gaurko gazte batek ez du ulertzen. Alde batetik, oraingo moldea ondo dago jendearengana iristea erreza delako; abesti bat, argazki bat… Baina, aldi berean, bi egunera dena zaharra da eta desfasatuta dago.

 

Diskora itzuliz, Abdoulayren agurra eta Abdoulay kantek atentzioa eman didate. Balada lehena eta kanta indartsua bigarrena, baina gai bera.

Hemen, Pasai San Pedron, bizi den senegadarra da Abdoulay. Duela bost-sei urte azaldu zen herrian eta herritarrek asko maite dute. Arrantzalea da eta harrapatzen duena herrian banatzen du. Tipo oso jatorra da. Bere historia kontatu zidan. Afrikar asko bezala, patera batean etorri zela eta kamioi baten azpietan ezkutatuta iritsi zela herrira. Historia oso gogorra eta, aldi berean, kontatu beharrekoa. Berak esan zidan ama Senegalen daukala eta ez dakiela berriro ikusiko ote duen. Orduantxe sortu zen abesti bat egiteko ideia. Bestalde, gogoa nuen disko honetan soilik gitarra eta ahotsa izango zituen abesti bat egiteko. Biluzia. Eta, era berean, abesti indartsu batekin lotzeko. Behin, lokalean geundela, Ander hasi zen melodia berri bat jotzen, eta bidaltzeko eskatu nion. Hamar minututan etorri zitzaizkidan ahotsaren melodia eta hitzak. Kristoren inspirazio-kolpea etorri zitzaidan bat-batean. Nik, ordainetan, abesti kañeroaren hitzak eta melodia pasatu nizkion Anderri, eta berak burutu zuen kanta gogorra sortzeko prozesua. Gitarra sartu zion. Kontzertuetan jendeak gehien estimatzen dituen kanten artean dago.

 

Abestia, soloa, produkzioa… dena da bikaina, magikoa…

Gitarra bakarrik gelditzen den momentu bat dago… sirena-hotsa ematen du. Irudikatzen du Abdoulay lehorrera iritsi zenean polizia zuela zain. Haritz Arreguyren eskua nabarmena da. Hasiera-hasieratik inplikatu zen, argi ikusten genuen diskoaren parte izango zela. Ideia pila bat proposatu zituen, aldaketa txikiak… oso gustura aritu ginen, egia esateko.

 

Nahi nukeen herria kanta ere badago tartean. Disko honetan asko inplikatu zarete gai sozialetan.

Zoritxarrez, nik ez daukat beste batzuek idazteko daukaten dohain hori, hitz gutxirekin asko esateko. Gauzak kaleko hizkuntzan kontatzen ditugu, lagun artean hitz egiten dugun bezala. Egungo gizarteari egindako kritika da Nahi nukeen herria eta, era berean, gure ideala zein den kontatzen du: ez dago bortxatzaileentzat lekurik, erabakitzeko eskubidea…

 

Abestiz abesti gogortuz doan diskoa da Zeldatik. Amaierara arte.

Konposatzen ari ginela, maketa batzuk egin genituen eta argi ikusi genuen Parasitoa kantak itxi behar zuela diskoa. Asko gustatu zitzaigun hasieratik. Denak geunden ados. Bukaera lehorra, kolpe bat mahaiaren gainean. Badaude abesti lasaixeagoak baina, Abdoulaytik amaierara arte, indar handia hartzen du diskoak bai.

 

Bukaera lehor horrek gehiagoren zain utzi gaitu. Ze asmo duzue?

Ez gara hain gazteak eta, guretzat, diskoa oso frexko dago oraindik. Pila bat disfrutatzen ari gara zuzenekoez. Gauzak ongi egiten ari garen sentsazioa dugu. Kontzertuek soinu ona dute eta dena bere lekuan dago. Azkenean, urte asko daramatzagu nork bere instrumentua jotzen, eta badakigu zer egin dezakegun, zer ez, eta egiten duguna ondo egiten saiatzen gara. Abesti zaharrekin, berriekin… asko disfrutatzen ari gara, jendeak gustura entzuten ditu, eta badirudi dena erraz doala aurrera, hau ez dela geldituko. Kontzertuen erritmoa jaisten denean abesti berrietan pentsatzen hasiko gara. Gaur egun ez du zertan disko oso bat izan. Abesti pare bat zintzilikatu edo ikusiko dugu. Kontzertu pare bat akustiko formatuan egiteko proposamena luzatu digute, baita ere. Agian, hainbat hilabetez erregistroa aldatu eta berriro gurera itzuliko gara, baina oraindik ez dugu burua horretan. Musikaz gozatzea da gure helburua momentu honetan.

 

Eta zu, Axi Enbil, disfrutatzen ari zara? Bai, inoiz ez bezala. Aurreko etapetan agian ez nuen ahotsa hainbeste zaintzen; gazteagoa nintzen, burua mila gauzatan nuen, parrandak, mila historia… baina etapa berri honetan musika deskonpresio aukera bat bezala ulertzen dut. Egunerokotasunetik pixka bat aldentzeko eta ondo pasatzeko nire txokoa.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.