Angerreko taldekideak.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Bost urte pasa dira Biluztu kaleratu zutenetik, taldearen estreinako lan luzea. Baina ez dira geldirik egon: kontzertuak, MusikHerria, Ikasle Abertzalearen 20. urtemugako abestia... Horrek taldearen doinuetan aldaketa ekarri du eta bilakaeraren fruitua dugu Sedukzioaz.
Zer seduzitu nahi du Angerrek? Edota zerk seduzitzen du Anger?
Diskoaren izenburuak badirudi harreman pertsonalei egiten diela erreferentzia. Baina berez, gizarte honetako pertsonak modu konkretu batean egotea komeni zaion botere horrek erabiltzen duen sedukzioari buruz hitz egiten dugu diskoan.
Biluztu zuen aurreko diskoan gizartea larrugorritan utzi zenuten. Oraingoan ere ildo horretatik jarraitu duzue abestien hitzak sortzerako orduan.
Bai, bizi dugun errealitatearen isla dira gure kantuen hitzak, ikusten baitugu gure gizartea ez dagoela egoera onean. Guzti horren azterketa bat egiten dugu baloiak kanpora jaurti gabe, guztiok baikara bere parte.
Biluztu-n egin bezala, kantu bakoitzaren hitzen ondoan, idazle, abeslari edo bestelakoen aipu ezberdinak sartu dituzue.
Liburu askotan datoz horrelako aipuak. Gainera, bere garaian Corazon del Sapo taldeak liburu edo artikulu batekin erlazionatzen zituen bere kantuak. Beraz, literaturan dagoen zerbait da aipuak sartzearena eta beste talde batzuetan ere ikusi izan dugu.
Diskoaren grabaketa egunak jasotzen zituen blog bat ere zintzilikatu zenuten interneten bitxikeria gisa. Nola otu zitzaizuen? Zergatik?
Ez dago arrazoi berezik. Uste dugu polita dela egiten duzuna nonbaiten dokumentatzea, iritzi eta egoerak kontatuz. Nahiz eta musikaz baino, bestelako egoeretaz hitz egiten genuen, kar, kar.
Esan daiteke Sedukzioaz diskoan aurreko lanetan baino musika estilo ezberdin gehiago jorratu dituzuela, hardcoreak eta metalak jarraitzen badute ere izaten bizkarhezurra.