entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Inaxio Esnaola 2013-06-04

Kudai Aldarte sendoena

Kudai taldeak zure herriko eszenatokia kiskali nahi du. Kudai taldeak zure herriko eszenatokia kiskali nahi du.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Jaiotzaren ondorio naturala da heriotza. Bitarte horretan sortzen denak, eraisteko mehatxuak ditu etengabe. Eraisten dena berriz sortzen dugu, eta horrela zikloa itxi bitarte. Gizakiok osatzen dugun munduaren hausnarketa zorrotza da Harezko Dorreak (autoekoizpena) diskoa. Gipuzkoako Kudai taldearen laugarren lanak, bestelako heldutasuna erakusten du, doinuz eta hitzez. Borja Fernandez gitarra jotzaileak azaldu dizkigu xehetasunak.



Egungo sistema kolokan jarri duzue, eta metal doinuak ederki baliatu dituzue horretarako. Ezkor zaudete?
Gehienetan ingurura begiratu eta ikuspegi ezkorra erakusten dugu, musikak hala eskatzen digulako. Baina diskoan pasarte positiboagoak egon badaude. Nire ustez, musika estilo bakoitzak sentimendu ezberdinak eragiten ditu, eta hitzak estilora egokitu behar dira. Metal musikan haserrea eta gorrotoa dira nagusi, eta gizarteari begira errez ateratzen zaizkigu.

Denbora hartu duzue abesti bilduma berria osatzeko. Tarte horretan, laukotea finkatu eta zuen proposamena biribiltzeko ahalegina egin duzue. Eta lortu ere?
Bai, orain dela urte pare bat atseden bat hartu genuen eta diskoa prestatzen ia urtebete eman genuen. Emaitzarekin oso pozik gaude eta, egia esan, talde bezala ere oso gustura gaude. Hamar urte pasatxo daramatzagu taldearekin eta orain inoiz baino erosoago gaudela esan dezakegu.


"Metal musikan haserrea eta gorrotoa dira nagusi, eta gizarteari begira errez ateratzen zaizkigu"

Euskarazko metal industriala aldarrikatuz agertu zineten eszenan. Gerora proposamena bera findu duzue abesti pausatu eta gordinak tartekatuz. Oreka horretan zaudete gustura?
Diskoan behin eta berriz errepikatzen dugun bezala, ezer ez da finkoa eta gustuak ez dira salbuespena. Azken diskoa beti gustukoena bihurtzen da, eta Harezko Dorreak gure oraina ondoen deskribatzen duena da, dudarik gabe. Diskoan lasaitzeko momentuak badaude ere, eta horri esker, pasarte indartsuak indar gehiagorekin sartzen dira.

Oraingoan ere, letrek musikak baino indar gehiago dute. Aipaturiko izaera kritikotik harago, erreferentziaz beteriko diskoa da. Horren zale zarete?
Bai, askotan hartzen ditugu beste batek idatzitako hitzak eta ez dugu deus ere ulertzen. Mezua pixka bat izkutatzea edo janztea asko gustatzen zaigu, baina testuingururik gabe maiz ezin da ulertu. Horregatik, kanta bakoitzari argazki eta esaldi bat jarri diogu. Hitzak gehiegi azaldu gabe, zertaz ari garen hobeto ulertzea dagoelakoan gaude.

Lautik lau. Diskoaren grabazioa berriz ere Nafarroako Sonido XXI estudioan egin duzue. Ez duzue sekula pentsatu beste lekuren bat probatzea, edo dirua zor diezue?
Dirua baino gehiago zor diegu San Martin anaiei (barreak). Urtzi eta biok Hira taldean jotzen genuela ezagutu genituen Javi eta Juanan, eta behin ere ez dugu pentsatu beste estudio batera joatea. Guk ez dugu munduko estudio, bateria edo gitarra onena behar. Ordea, ezinbestekoa dugu gustuko dugun eta errespetatzen dugun jendearekin lan egitea, eta San Martin anaiak lagunak izateaz aparte, oso zintzoak dira. Eta kasualitatez, oso tekniko onak dira.

Zuzenerako proposamena ere egokitu duzue. David abeslariak gitarra utzi du eta Urko bateria bere gain hartu. Programazio landuagoak ere erabiltzen dituzue. Zuzenekoak hobetzeko erronka zenuten?
Bai, hori zen gure helburua. Trantsizioa aurreko diskoaren kontzertuetan hasi genuen. Davidek gitarra utzi eta nik koroak utzi nituen, nahikoa dugu musika tresna bakar bat defendatzearekin. Oraingoan, musika idazterakoan ere, kontutan hartu dugu eta ez gara saiatu egiten zuzenean behar bezala egin ezin duguna.


bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.