Iragan udaberri aldera iragarri zuen Lide Hernando (Liher taldeko gitarra eta ahotsa) musikari donostiarrak ibilbide berri baten hasiera. Bakarkako proiektua hastera zihoan, Bele, hain “bere” sentitzen zituen sustrai beltzetara itzultzeko.
Ekainaren 8an sareratu zuen lehen singlea –Zerua Irabazi–, eta orain bigarrena kaleratu du: Beruna Urre. Kanta entzun ez ezik, bideoklipa ikus daiteke Beleren YouTube kanalean.
Oraingoan ere, Liher bandan taldekide duen Iñigo Etxarriren IN Estudioa arduratu da abestiaren ekoizpenaz. Bideoaren zuzendaritza, aldiz, Holi Fire Studio-k hartu du beregain. Bigarren alea zabaltzearekin batera, aurrerantzean %100ean musikatik bizitzeko erabaki edo apustuaren berri eman du Hernandok, eta kanta honen hitzen artean ere antzeman daiteke halako mezurik. Giro urbanoetan grabatu dituzte irudiak, eta doinuak, eklektikoak, ezin indartsuagoak dira.