entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Kronika Zuzenak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Urko Ansa 2015-9-11

Txorrutako Txiringitu (Markina-Xemein) 2015-9-11 Asmo Txarrak

Asmo Txarrak. Argazkia: Urko Ansa. Asmo Txarrak. Argazkia: Urko Ansa.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Berandu, baina hemen doakizue pleistozenoan Urko Ansak idatzi zuen kronika eta txintxo garaiz entregatu zuena. Zoritxarrez, Entzun! liburu berria egiten  harrapatu gintuen bete betean eta kajoi batean gorde genuen kronika. Hortaz, barka ezazue atzerapena.


Hiru urte neramatzan Ondarroako laukote hau ikusi gabe, entsegu lokalean ikusi nituen hura kontuan hartzen ez badugu, noski (hortik elkarrizketa bat atera zen, laster argitaratzea espero duguna). Hiru urte askotxo dira hainbeste pasioz entzuten duzun talde bat ikusi gabe egoteko.
Ez dut horrelako beste talderik ezagutzen. Egon, agian egongo diren arren, ez dut hard rocka ulertzeko duten modu hau beste Euskal Herriko inongo taldetan topatu oraindik. Rock jostaria egiten dute, eta hainbat pasarteetan estilo beltzeko sustraietan murgiltzen dira, funk musikara hurbilduaz. Honela, euriagatik hiru aldiz bertan behera gelditu zen kontzertua, azkenik, irailaren 11n ospatu zen.
Txorrutako txiringitu udarako txiringitoa da, eta aurtengoan kontzerturen bat edo beste egitera animatu dira. Leku ezin politagoan dago, parkearen erdian, eta bere mahai eta aulkiekin. Alde batean, Asmo Txarrak taldeko mutilak instrumentuak berotzen hasiak ziren. Ni neu jada urduritzen hasia nintzen, hainbeste itxarondako momentua gertu neukala ikustean. Ez genuen munduko soinurik onena izango, espazio librean baikinen, eta gero taldekideek aitortu zidaten bezala, monitorerik ez zeukaten, horrek sortzen dituen arazo guztiekin. Baina gauza bat alde zeukaten: abestiak eta teknika instrumentala.

Gautxoriak zain
izan zen lehena, bere garaian maketan argitaratu zutena, eta jada urte mordoa daukana. Benetan abesti borobila eta gorpuzduna. Asmo Txarraken izaera ezin hobe definitzen duen Laztan pottolarekin jarraitu zuten: letra bihurria, riff zorrotzak, bateria erredoblea Eta segidan, Ezin zaitut ase, oraindik hard-rockeroagoa. Udako gau polit honetan sartzear geundela, abesti berri zoragarri bat geneukan zain: Ilunabarra, laster argitaratzea espero duguna, edo nahiko genukeena. Popa bistan abestian argi ikus daiteke nola jolasten duten erritmoarekin, guztiz adiktiboa den mozkorraldi instrumentalean.
Musikari apartak dira guztiak. Jose Ramon Etxebarria (gitarra eta ahotsa) eta Patxi Alkorta (ahotsa eta gitarra) taldearen sortzaileak eta beti egon diren partaideak dira. J.R.k estilo handia dauka, pose paregabea eta, besteek bezala, kultura musikal oso aberatsa eta teknika instrumental bikaina. Beste hainbeste esan genezake Patxiri buruz. Abesteaz gain, sei sokei ederki eragiten die eta egiten dituen soloetako askotan rock gogorrera jotzen du. Eragin beltza lehenak, eta soinurik gogorrena bigarrenak. Horrela deskribatu genezake, asko sinplifikatuta, taldearen muina. Noski, askotan bien gustuak gurutzatzen dira.

2010
disko bikain hura (taldearen benetako bizkar hezurra) ia osorik jo arren, 2013 izeneko E.P.-tik Amets bat joko zutenaren dudarik ez neukan. Taldearen abestirik gogorrena izango da seguru aski. Intentsua da eta gitarra distortsionatuez betea dago. Aparta. Horren aurretik, 2013ko beste bat: Rock In. Onartzen dut 2010 dela gehien gustuko dudana, horregatik hurrengo set-ean asko gozatu nuen: Elkar ezagutu nahian (gogorra! A zer gitarrak!), Intro instrumentala eta Dirua. Maketara itzulera ondoren, Korretan-ekin. Berriz ere, oso gozagarria.
Bateria izan zen kontzertuak iraun zuen denbora guztian ondo entzun zen instrumentua. Honek ez zuen mikrofonorik eta beste ezer behar. Sufo
crack hutsa da. Erritmo aberatsak, abardura ugari han eta hemen, gustu bikaina Errepertorio osoa begiak itxiekin egingo lukeela dirudi. Estilo hau sakonki menderatzen du, baina edozer gauza jotzeko gai dela uste dut. Eta Fran Batista baxu jolearen papera ere oso garrantzitsua da. Bere estiloa asko gustatzen zait. Taldearen esentzia ezin hobeto asimilatu du, bere ekarpena ere egiteaz gain, eta baxua nola maneiatzen duen ikustea plazer hutsa da. Horregatik pentsatzen dut Asmo Txarrak oso momentu onean dagoela, eta soilik errodaje apur bat falta zaiela beren balioa edonon frogatzeko. Ez dut pentsatu ere egin nahi areto batean eta soinu on batekin nolakoa izan daitekeen beraien deskarga!!
Sorgin gaua
(brutala), Zilbor hestea, eta Jimi Hendrixen Fire-ren ondoren, Rock and roll etorri zen, agur esateko aukeratu zutena. Bisetan bi errepikatu zituzten: Galdu zaitut eta Elkar ezagutu nahian.
Motza egin zitzaidan arren, giroa ezin hobea izan zen, eta laukote hau ikuste hutsak pilak kargatzen ditu. Baliteke ikuslego zabalak estilo hau ez ezagutzea, baina aurkikuntzarik onenetako bat izan liteke euskal rock mundurako. Ez dakit eskualde honetatik kanpoko promotoreek talde honen berri duten ala ez, baina hala ez bada, ez dakite ondo zer galtzen ari diren.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.