entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe 2007

We Are Him Angels Of Light

Askotarikoa CD
Michael Gira-ri abestiak sabeletik, giharretatik, darizkiola dirudi, horren sakonak, horren biluziak, horren gordinak dira min ere egiten dutela. Eta berak ere antzerako min askatzailea jasaten duela iruditzen zait barnetik ateratzen dituen bakoitzean. Mina, eragin handiko Swans, bere lehen taldearen garaian. Mailu moduko erritmo errepikakor eta astunen zigorraren erdian Giraren oihu katartikoak leku bat bilatzen zuenean. Mina orain, Angels Of Light-en buru moduan bere aitorpen ilunak itxuraz (eta bakarrik itxuraz) doinu gozoagoez janzten dituenean.
Akron Family-ko musikariak dira (Young God diskoetxean lan oso interesgarriak plazaratu dituzte hauek ere) soinu horren iturri. Folk azido ukituak daude, rock elektrizitate txinpartak, pop sixties apur bat, piano eta akordeoien malenkonia, hari-instrumentuen moldaketa dekadente zoragarriren bat ere. Une horretan, Berlin garaiko Lou Reed datorkit burura, beste batzuetan Ian Curtis, Birthday Party-tik Nick Caveren bilakaera ere erreferentzi erabilgarria izan daiteke. Baina Giraren beste mundu bateko ahotsa eta melodiak predikatzaile zoro eta hipnotizatzaile baten hitzak bailiran azaltzen direnean, ez dago beste ezertan pentsatzerik. Aztikeriaren menpe gaude. Beharbada horregatik Star Chaser azken abestia da biluziena eta bere arimaren amildegia erabat irekitzen duena. Une horretan, artista paregabe baten lan oso-oso handi baten aurrean gaudela konturatzen gara. Bere diskorik hoberena? Ez dakit, 2007ko hoberenetakoa zalantzarik gabe, bai.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.