Untamed Beast.
Portland-eko laukotearen
Not an Animal aurkezpen EP-ari entzunaldi pare bat eman eta hor hasi nintzen ingurukoei egundoko talde bat entzun beharra zutela gomendatzen. Eta ondorengo
Dirty Radio lan luzea ere izugarri gustatu zitzaidan, soinu ezberdin bezain bereizgarriak dituzten taldeak maite ei dituzte eta nire belarriek. Bejondeiela! Orain, betaurreko kuriosoen atzean ezkutatzen den despistatu aurpegiko Sallie Ford eta bere hiru lagunek,
Untamed Beast kaleratu dute, aurrekoak baino gordinagoa, basatiagoa akaso, diskoaren izenburuari kasu egiten badiogu. Hamaika abesti gozagarrietan, Ford anderearen ahots zoro bezain pertsonala gidari, amerikana zein rockabilly moldeetatik harago, disko zinez borobil bat sinatu dute. Honen hiru adibide: aurreneko diskoan tokia lukeen
Devil, Bad Boys garageroa eta laukotea erabat pizten den
Rockability laburra, ulu beldurgarri zein gitarrei su dariena. Baina, badira bestelako kantu interesgarriak ere. Diskoa irekitzen duen
They Told Me itsaskorra da gero, zerrendatik hoberenetakoa. Edota, Ford erabat biluzten den
Paris, Shivers eta Roll around lasaiek, oreka bat ematen diote diskoari, zurrunbilo eta barealdiaren artean. Gustura dabiltza Sallie Ford eta bere lagunak melodia goxo eta garratzen artean, zuritik beltzera pasaz, oharkabean, basapiztiek egin antzera. Berriki jakin dugu taldea desegin egingo dela 2013 amaitzear dugun honetan eta bakoitzak bere bideari helduko diola. Sallie Ford-ek abesti berriak omen ditu eta soilik emakumez osatutako banda bat sortzekotan dabil