entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Urko Ansa 2014-11-18

Noraezean Su Etena

Metal, Punk, Trhash CD/DIGITALA
Diskoaren azala. Diskoaren azala.
Lekaroztik, Baztango bailara aldetik, datorkigun hirukote honek zalaparta ederra sortu du bere bigarren grabazioarekin. Zuzen zuzenean eta txorakeriarik gabe egurra ematera doazenen ausardiak definitzen ditu, eta bertute handia izan daiteke hori. Bestalde, ukitu amateur horrek halako xarma bat ematen diela ere ezin nezake uka. Ez dakit zer nolako konexio mota baten bidez, 90. hamarkadako euskal eszenako grabazio batzuk etorri zaizkit, berehalakoan, burura. Eta, partikularki, Beltzez talde ahaztezina. Haiek beste maila batean jarriko nituzkeen arren, badaukate Lekarozkoek aire lotsagabe hori. Orobat, arazoa beste bat da: abestiak landuak izatetik oso urrun baitirudite.
Estudioko lana falta da, orduak sartzea. Hitzak hain zuzenak izateak aldeko puntuak ematen dizkieten arren, zertxobait gehiago falta delakoan nago. Antzeko zer edo zer gertatzen da ahotsarekin: hainbat momentutan topera bortxatzea positiboa eta eskergarria da, baina linea bokalak osatzen denbora askorik egin ez dutelakoan nago. Abestiak oso motzak dira, bat izan ezik, 2 minutura ez baitira iristen. Baliteke denbora gutxiegi izatea helburu handiagoak lortzeko orduan. Dena den, Noraezean, Dimisioa edota Zertarako bozkatu? abestiek nolabaiteko lilura dutela bistan da. Bonus tracka, U.P.N. (Utzi Pakean Nafarroa) ere onenen artean dago, ez nuke jakingo esaten Ufestuek taldeko Xabiren kolaborazioagatik edo zergatik, baina osatuagoa dirudi. Finean, zuzeneko jaialdi baterako talde ona izan liteke, hor erakutsi baitezakete zertarako diren gai: abiadura, punka eta thrash metal eztanda. Baina paraleloki, momentuan behintzat, lokalean ordu gehiago sartzeak asko lagunduko liekeela uste dut.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.