Estreinako lanaren ildo berean eta distortsioetatik urruti, gorroto zein
amodioz idatzitako zapore garratzeko 10 kanta eder jaso ditu Fiachrasek bere
bigarren lanean. Fiachras ezagutzen ez duten haientzat, jakin, Bizardunak
nafarren anaia zaharrak direla. Anaiak diogu bi taldeen artean partaideak
konpartitzen dituztelako eta lantzen duten musikak jatorri bera duelako.
Zaharrak berriz, Fiachras lehenago sortu eta lehenago kaleratu zuelako
aurreneko diskoa. Alta, ulertzea kosta egiten zaidan arren, komunikabideek
batzuei egin diete kasu, besteak ahanzturan galduz. Baina itzuli dira, eta odol
egarriz gainera. Karlos 'Txap'en agindutara grabatutako Hiltzera goaz diskoan, gitarra akustikoa, baxua, bateria,
eskusoinua, klarinetea, hammonda, armonika, flauta eta ahots landuen babesean,
euskaraz eta gaztelaniaz, maitasun zein guda kantuak entzungo ditugu. Heroi
zein antiheroiei abesten diete, egun dituzten desio eta kezkak azalduz. Beharbada
ez da estreinako diskoa bezain borobila, baina zinez da disko eder eta
gomendagarria.