Ttipitan ez nekien kulunkatzea hain arriskutsua zenik. Baina ez zitzaidan hilgarria suertatu. Disko honek ez zaitu azken egunetara hurbilaraziko nahiz eta, ganibeta baten gisakoa izan: lehen kantuarekin hipnotizatu ondotik, zizta, zizta. Letra mingots eta ez ohikoak (eskertzekoa den heinean), eta talde honen marka diren in crescendo-ak nabarmentzen dira. Melodia eta hitzen esperimentazioa. Zizta eginen dizu. Ironia, sentsualtasuna, eta garraztasuna alde guztietarik dario disko honi. Rockaren esparruan ez dela esperimentatzen? Doinu elektronikoak? Popetik baduela? Bai noski, sar itzazu guztiak, eta nahasi. Ez ohiko taldea duzu, arlo guztietan gainera. Lehen entzunaldian, gogorra suerta dakizuke, behar bada. 2006ean gaztelaniaz aurkeztu lanen artean distiratsuena izanen da, ziur aski. Izakera, originaltasunaz lepo baititugu. Zizta, zizta eginen dizu. Eta hortaz ez duzu ahantziko.Oroit zaitezen. Aurtengo soinu bandetako bat: El Columpio Asesino. Baitaezpada ere jakinaren gainean zaude.