entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Antton Iturbe 2016-02-14

Blackstar David Bowie

Diskoaren azala. Diskoaren azala.

Heriotzak dena aldatzen du. Ikuspegi ezberdina dakar berarekin. Pertsonak bizirik diharduen bitartean, bere pentsakeran eragina izan dezakeen bitartean, besteenganako txantxak egin ditzazkeen bitartean eta bere benetako izakera ezkutatu dezakeen bitartean, ez dago egia zein den jakiterik. Behin hilda, dena murrizten da. Pertsonak geldi dirau eta bere irudia modu berri batez ikusten dugu. Bere benetako dimentsioa hartzen du

Jean Genet. 1975ko elkarrizketa batean.

 

Blackstar iruzkintzeko orduan nire lehen burutapena, Bowieren heriotzaren inguruko kontuak alde batera utzi eta soil-soilik musikaz aritzea izan da. Baina laster jabetu naiz asmo horren ezintasunaz eta hutsaltasunaz. David Bowieren heriotza Blackstar-en osagarri bat da, gertaera hori kontutan hartu gabe ez dago diskoa ulertzerik. David Bowieren heriotza bere artelanaren pauso bat da, bere bizitza osoa izan zen bezalaxe.

Aldi berean, eta horrexegatik ere, orain jakin ahal izan dugu zein modu zehatzean zegoen dena antolatuta Bowieren buruan. Lazarus kantuaren bideoa bere heriotzaren aurretik eman zen ezagutzera, azken agur baten moduan, eta disko osoa heriotzaren ondoren plazaratu da, Jean Genet-ek aipatzen zuen ikuspegi eta dimentsio berri horretatik irakurri eta goza dezagun.

 

Izar Beltz bat naiz. Oso altu nago
Hau nire madarikazioa dela suposatzen dut.

Gorantz begira ezazu. Zeruan nago
Ikusezinak diren zauriak ditut

Drama dut nirekin, ez dit inork hori lapurtuko
Guztiok ezagutzen naute orain

Gorantz begira ezazu, arriskuan nago
Ezer galtzerik ez dut,

Era honetara soilik eta ez bestera
Badakizu, libre izango naizela

(Blackstar kantuko hitzak)

 

18 hilabetez minbiziaren aurka borrokatu zuela eta Blackstar bere azken diskoa izango zela garbi zuela jakitea ezinbestekoa da musika eta hitz hauen botereak zeure erraiak nahastu eta zeure eztarria behar bezala estutu dezaten. Esperientzia mingarria izan daiteke Blackstar entzutea. Bowieren borroka, heriotzaren onartzea, eta heriotz horren ondoren hitz egiten digula sentitzeak zeure heriotzaren aurrean ipintzen baitzaitu. Ikaragarria da hori, baina beharrezkoa ere. Beharrezkoa, bizigarria eta inspiragarria, Blackstar-ek ezin ederrago erakusten duen moduan; bizi, sortu eta eman zure azken hatsa botatzen duzun arte.

Bowieren borroka, heriotzaren onartzea, eta heriotz horren ondoren hitz egiten digula sentitzeak zeure heriotzaren aurrean ipintzen zaitu. Ikaragarria da hori

2003an bihotzekoak eman zionetik low profile moduan bizi izan zen Bowie. Medioetan ia atera gabe eta musikarik argitaratu gabe. Ustekabean harrapatu gintuen beraz, 2013an The Next Day plazaratu zuenean. Disko bikaina zen, baina bere ibilbidearekiko autoerreferentziez josita zegoen ere, artista paregabea zela, baina agian ezer berririk esaterik ez zuela iradokiz.

Blackstar beste gauza bat da erabat. Minbiziaren detekzioa eta bilakaera negatiboak epe mugatu bat jarri zion bere bizitzari eta horrek inoiz baino ausartago eremu berrietan sartzeko kemena eman ziola pentsarazten dit. Gaur eta orain, informazio guztia gure eskura daukagunean eta Sue-n, hirugarren pertsonan bada ere, antzeman daitekeen moduan:


Sue, medikuak telefonoz deitu nau
X-izpiko azterketaren emaitzak onak dira.

Etxera ekarri zaitut, etxera esan dut...

Zure aurpegia ukitu dut

Agur Sue.

Sue, zure nota aurkitu dut

Bart idatzi zenuena

Ez da posible zuzena izatea

Berarekin joan zinen

Sue, ez nuen inoiz ametsik egin,

Zein tentela naizen

Hasieratik, pailazo horrekin joan zinen

 

Sue (Or in a Season Of Crime), Bowieren haragitze berri honen adierazle ezin hobea da. Ordura arte izandako musikari laguntzaileez erabat aldatzeko asmoz New Yorkeko jazz inprobisazio mundura jo zuen azken urte horretan Bowiek, eta bertan Donny MCCaslin saxojolea, Jason Lindner pianojolea, Tim Lefebvre baxu jolea eta Mark Guiliana bateria jolea aurkitu zituen. Eta haiekin, milaka inprobisaketa saio luzeen emaitzekin eratu zuen diskoaren egitura txundigarria. Orain ere jakin ahal izan dugu, kimioterapiaren eragin suntsigarriaz saio horiek pixkanaka murrizten eta denboran zehar aldendu behar izan zituela, baina ez zuela inoiz etsi. Ezta gutxiago ere. Sortzen ari zena oso handia zela bazekien ondo berak. Blackstar-eko doinuen artean, jazz goxotasun epelean gordeta, metal kutsuko gitarra eta baxu sendoak ezkutatzen dira eta drumnbass-en oihartzuna duten erritmo bitxietan elektronikazko geruza liluragarriak tartekatu ere, ehundura ikusgarri eta benetan zirraragarriak sortuz. Bowieren soinu berria da, azkena, definitiboa, inoiz baino imitaezinago eta bereziagoa.

Beti alienigena baten moduan ikusten genuen artista helduezin hori pertsona arrunta zen, gu bezala

Baina hori ez da dena, ezta kontu esanguratsuena ere. Ahotsa baita, nire ustez behintzat, disko hau egiazki beste planeta bateko mailara eramaten duena. Black Star diskoak Bowiek inoiz egindako interpretazio ikaragarrienetako batzuk dakarzki, Dollar Days edo 'Tis a Pity She Was a Whore-ren kasu. Garbitasun osoz eta ekoizpen lan izugarriaren ondorioz abardura nimioenak ere bikainki grabatuta daude, eta Bowie berak, modu guztiz kontziente batean ziurrenik, inoiz baino garbiago ahozkatzen ditu kantu guztietako hitzak. Garrantzitsua da oraingo honetan esan nahi zuena eta utzi gintuen igande hartatik aurrera betirako esango diguna:


Nora ostia joan da astelehena?
Gaztainondo gainean nago eserita
Nor arraio ausartuko da niri potroak ukitzera etortzea?

Nire helburu diren Ingalaterrako larre berdeak ikusten ez baditut ere
ez da ezer. Niretzako iada ez da ezer.
Korrontearen aurka egiten laguntzeko irrikan nago

Eta behin eta berriro engainatu
Ez sinistu ezta segundu batez ere ahaztu zaitudanik

Saiatzen ari naiz, irrikan nago (*)

Ezin dut dena oparitu dio azken kantuan. Berak bakarrik daki bere barnean gordeta zer eraman duen eta zer ez digun erakutsi, baina oparitu dizkigun abesti guztiak eta bereziki azken bilduma honetakoak hemen geratu dira gurekin. Bere heriotzak ikuspegi berri bat ematen digu kantu guzti horiek berrentzun eta berrinterpretatzeko eta haien atzetik zegoen pertsona horren atsekabe, poz eta kezkak ezagutu ahal izateko. Inoiz baino pertsonalagoa eta gizatiarrago dakusat bere obra guztia orain. Beti alienigena baten moduan ikusten genuen artista miragarri helduezin hura, pertsona arrunta zen, gu bezalaxe. Baina horrek bere mitoa txikitu baino, handiago egiten duela uste dut. Heriotzak Bowie gizatartu du, edo agian kontrakoa da, bere heriotzak gure bizitza puska txikien heroiak bihurtu gaitu, eta ez egun batez bakarrik, betirako baizik.

 

 (*) Bowiek hemen itzuliezineko hitz joko bat egiten du. Jatorrizko hitzetan dying to dio, die to-k irrikan egotea esan nahi du, baina, aldi berean, die hiltzea esan nahi du ere.

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.