entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Daniel Martirena 2005-02-16

XABI SAN SEBASTIAN iraganari orainetik leihoak zabalduz

Xabi San Sebastian Xabi San Sebastian
Nire iritzi apalak ez du musikaren unean uneko arrakasta zerrendaren balantzarik bazter batera ala bertzera okertuko. Alabaina, eta honen jakitun izan arren, aditzera eman beharrean aurkitzen naiz: Xabi San Sebastianen Orai diskoa irratiaren sabelean sartu nuen unetik bertatik bere zizta belarrietan gozo somatu nuen, hainbertze, ezen apaingarri daramadan zirtzilua dantzara libratu baitzen. Adierazi nahi baita gozagarri egin zitzaidala tinpano eta entzumenaren gainerako gihar, hari eta barne-zuloetan.
Eskarmentu handiko musikaria zaitugu. Urtetan jardun duzu Izotz taldearen lerropean. Hurren, Alboka taldeko partaide gisa eta Kepa Junkeraren zuzeneko emanaldietan musikari ibili zara. Zergatik, bada, Orai zure gidaritzapeko lehen diskoa?

Aspaldikoa nuen horrelako disko bat gauzatzeko beharra eta grina, baina ez naiz orain arte ausartu. Alboka daraman Syntorama etxea ezagutzeko aukera izan dut talde honetan ibili naizenean eta nire ikuspegia azalduko lukeen disko bat egitea eskaini zidaten bertatik. Ordura arte euskal musika jorratzen ibilia nintzen, egia da, baina beti bestelako egitasmo batzuren menpe.

Hartara, zein da Xabi San Sebastianen ikus-pegia?

Zerbait heterodoxoa egin nahi nuen. Nolabait esateko, bateria, baxua, bestelako instrumentu batzuk sartu nahi nituen. Kanta herrikoiak hartu ditut, egia da, baina bakoitzari bere balorerik handiena antzematen ahalegindu naiz, modu batera edo bestera hau nabarmentzeko. Abesti batzuei indarra ikusi diet, beste batzuei nostalgia. Gainera, askotan iruditzen zait gauza zaharrek eta berriek ukitu egiten dutela elkar.

Folk musika da zurea. Aldi berean, ukitu eguneratua dario. Zentzu honetan, kontserbadurismoa eta modernitatearen arteko lehia nola gainditzen duzu?

Naturala egin zait. Adibidez, australiar aborigenek erabiltzen duten didgeridoo tresnarekin gertatutako paradoxa aipatu nahi dut. Milaka urte ditu tresna honek. Munduko zaharrenetarikoa da. Aldiz, instrumentu honen modulatzeko modu batzuk izugarri elektronikoak egiten zaizkit. Efektu digital eta elektrikoekin lortu ahal ditugun soinu batzuk ekartzen dizkit gogora.

Zuk zeuk errana da euskal musikatik kanpora diharduten musikarien ekarria baliatu nahi izan duzula gurearekiko maitasuna eta kanpoarekiko irekieraren arteko oreka osasuntsuaren irrikaz. Zertan datza hau?

Euskaldun bezala gurearekiko maitasuna sentitzen dut. Gurea babestu eta gordetzeko beharra nirea egiten dut. Aldi berean, baina, garrantzitsua da bestelako musikekin nahastea. Arriskutsua litzateke gurea isolatzea. Beste musika moduekin jolastu behar dugu.

Eta nora jo duzu kanpoko doinuen egarrian?

Noski, beste askok bezala, Inperioaren musikara jo dut, rock eta pop inperio amerikarrera alegia. Bateria eta baxua musika anglosaxoitik ekarritakoak dira, baina jada guztiz barneratuak ditugu. Gero, greziar jatorria eta musika irlandarrean dagoeneko sustraituta dagoen boozokia erantsi nahi izan dut musika zeltikoaren eraginez. Asko dugu musika zeltikotik ikasteko izugarrizkoa baita Irlandan edota Eskozian musika herrikoiaren eremuan egiten den lana. Didgeridooa aipatu dut eta hau erakusgarria da, munduaren beste muturrean jatorria duen tresna den aldetik. Kulturalki bederen, munduari itzuli osoa eman diogu. Noski. Txalapartari ezin genion bizkarra eman. Gainera, teknikak ekarritako programazio elektronikoak erabili ditugu, halabeharrez. Munduko bazterretan barrena tresna asko dago euskal musikarekin ongi josten dutenak. Bide honetan, askotan, bihotzak ematen dizu lehendabiziko bultzada.

Fusioa, exotismoa, modaren agindupeko bideak dira?

Galdera potoloa da. Saiakera batzuen arrakastaren ondoan besteen porrotak topatzen ditugu. Zentzu honetan, musika flamenkoaren egoerak enbidia ematen dit. Alde batetik, talde eta kantari ortodoxoak dituzte euren tradizioa oso ondo gordetzeko. Bestetik, berriz, arrakasta ikaragarriarekin fusio handia egiten dute bestelako musika motekin. Aldiz, euskaldunok atzean ez dugu ez erreinurik ez inperiorik eta, ondorioz, gauzak askoz ere zailagoak zaizkigu. Beste gauza askoren artean, gure publiko naturala oso mugatua da. Hori bai, fusioari dagokionez, guk ere gauzak tentuz egin behar ditugu. Izan ere, nire kasuan bederen, gauzak kanpotik ekarri arren, diskoaren muinean euskal musika dago. Diskoak agerikoa du euskal erroa.

Propio idatzitakoak kenduta, abestiak aukeratzeko tenorean doinu herrikoiak hautatu dituzu, Maritxu nora zoaz kantaren bertsioa eta guzti.

Lehendabiziko hautaketa Alan Griffinekin egin nuen. Alboka taldetik ezagutzen dut. Irlandarra da berez eta izugarri ezagutzen du euskal musikaren putzua. Dena dela, abestiak aukeratzeko tenorean, ez dugu irizpide finkorik jarraitu. Kasu batzutan letrarekin maitemindu nintzen. Beste batzuetan, erritmoarekin. Maritxuri dagokionez, kantaren zentzu erotikoak harrapatu ninduen. Iturrian topo egiten omen zuten gazteek euren arteko harremanak bideratzeko. Eta hemendik heldu nahi izan diot.

2005, OTSAILA - MARTXOA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.