entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
I 2004-12-01

TT. L.T. insert Coin?

Jokoak aurrera darrai Jokoak aurrera darrai

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Martxan hasten den talde orok badaki, lehenago edo beranduago, eten hitzarekin egingo duela topo. Bideojokoekin ere antzera gertatzen da, amaieran beti irakurri ahal izango dugu Game Over. Baita Tetris joko ezagunean ere. Baita Pi L.T.-ren azken lanaren azalean ere. Izenburu labainkor hau dela eta, zurrumurru ugari sortu dira mungiarren inguruan. Taldearen amaiera iritsi dela diote gehienek, gutxik pentsatu dute ordea aro baten amaiera izan daitekeenik, edo agian ez. Zalantza guzti hauei erantzun sinesgarri bat emateko, 3,14 Lapsus Tenporaleko Rafa Rueda bozeramailearekin egon ginen.


Duela hiru urte Minus kaleratu zenutenetik, askok eta askok gogotsu espero genuen bosgarren diskoa. Azkenean iritsi da gure artera eta bere izenburuaren arabera, ongi ulertu nahi ez dugun mezu bat irakur dezakegu: Game Over. Pi L.T.-ren jokoaz ari ote zarete?

Bueno, izan liteke. Disko hau oso berezia izan da guretzat. Diskoa prestatzen hastea erabaki eta aste pare batera Aitorrek taldea utzi nahi zuela esan zuen eta hori guretzat kolpe latza izan zen. Diskoa ez egitea ere bururatu zitzaigun, baina azkenean aurrera egitea erabaki genuen. Guk musika egitearena beti jokatzea bezala hartu dugu. Aitorrek utzi behar gintuenez nolabaiteko partida baten amaieran geundela ikusi genuen. Honek ez du esan nahi Pi L.T.-ren partida bukatzen denik, baina aukera bat da, oraindik ez baitugu erabaki zer egin behar dugun. Baliteke hirukote bezala jarraitzea, azken batean diskoa Xanpe, David eta hiruron artean egin baitugu eta oso gustura aritu gara.

Epe luze honetan, taldekide bakoitzaren izenak beste hainbat saltsatan ikusi ditugu. Bide berriak bilatzeak Pi L.T.-ri denbora gutxiago eskaintzea suposatu al du?

Musikalki beti izan gara oso irekiak eta proiektu batek oso gutxitan ematen dizu aukera garatu nahi duzun guztia garatzeko. Pi L.T. bezalako talde batek, denbora uzten du nahi duenak beste bide batzuk jorratzeko taldeari oztoporik egin gabe. Ondo antolatzearen kontua da, lehentasunak denboran banatzea eta bere momentuan dagokionari eman. Gainera, proiektu ezberdinetan ibiltzearenak haizea ematen dio taldeari, bestela itotzeko arriskua ere badago.

Etorkizunaz hitz egin baino, mintza gaitezen lan berriaz. Diskotik diskora izan duzuen eboluzioa kontuan hartuta, bosgarren urrats gisa uler genezake?

Bai, horrela hartu daiteke. Aurreko bi diskoetan lan egiteko modu berdintsua jarraitu dugu baina honetan disko zuzenago bat atera zaigu. Denborak gauzen erresumena egiteko baliabide gehiago ematen dizu eta nahiz eta ohikoena freskotasuna galtzea den, gure kasuan kontrakoa gertatu dela uste dut. Oso lan freskoa atera zaigu, ez du ematen bosgarrena denik. Abesti bakoitzaren muinera jotzea izan dugu helburua eta neurri batean lortu dugula uste dut.

Stoner doinuak eta musika esperimentala gehiago lantzera pasa eta ukitu metalikotik urrundu zarete. Emaitza berri honetarako, zein eragin berri eta ezberdinetatik edan duzue?

Xanpe, David eta hirurok asko aritu gara musikan Pi L.T.-ik aparte azken urte hauetan eta hori nabaritu da disko hau egiteko batu garenean. Bi talde aipatzearren, At The Drive In edo Mars Volta-ren lanak oso gustukoak izan ditugu, baina bakoitzak bere betiko gustuak izaten jarraitzen du, normala denez, eta nahiko eklektikoak gainera. Horrek aberastasun handia ematen dio emaitzari.

P i L.T.-ren diskoetan hitzek izen eta abizenak izan ohi dituzte. Lan berri honetan zein autoreren letrak erabili dituzue?

Oraingo honetan, testu guztiak nireak dira. Hiruron artean diskoa egitearena argi izan genuen hasieratik eta horrela ekin diogu. Arlo hori niri tokatu zait eta kalitateaz aparte garrantzitsua ikusten genuen sortze prozesuan hirurok bakarrik parte hartzearena, gu geu garena sendotzeko batez ere.

Lan berria osorik entzun orduko, hamaika abestiak ziztu bizian igarotzen dira. Gehiago nahi izatearen sentsazioa uka ezina da. Laburtasun honen barnean, elementu ugarik osotasuna ematen diotela esan daiteke edota ideia faltak behartu du hala izatea?

Disko hau lan zuzen bat da eta bide zuzenekin gertatzen den bezala, motzagoak ematen dute. Grabatu gabeko hiru edo lau kanta utzi ditugu, eta zuk aipatutako osotasun horren onerako ez sartzea erabaki genuen. Gehiago nahi izatearen sentsazio hori ondo antolatu dugunaren seinalea da, iraupen aldetik estandarra baino pixka bat luzeago atera zaigu eta.

Taldekide klasikoez gain (Aitor, Xanpe eta zu), David Gonzalez baxu jolearekin kaleratu duzuen bigarren lana da. Abestiak arretaz entzun ezkero, baxuak bideratutako abesti batzuk entzungo ditugu. Zer gaineratu dio Davidek taldearen musika eta nortasunari?

David oso musikari freskoa da. Aurreko diskoan gurekin hasi zenerako kanta guztiak eginak zeuden eta agian ez zen horrenbeste nabaritu bere ukitu hori. Oraingoan aldiz, sortze prozesuan hasiera hasieratik egon da eta egia da kantek beste dimentsio bat hartu dutela. Freskoagoak alegia.

Ibilbide errespetagarri honen ondotik, heldutasun musikalaren ateak zabaldu dituzuela uste duzu?

Heldutasuna konturatu gabe heltzen den gauza bat da, ekinaren ekinez. Heldutasuna bidea da eta ez du helmugarik. Atea irekitzen lehenengo urratsetik hasten da eta guk behintzat urrats batzuk eman ditugu ibiliarekin ikasteko, baina zorionez oraindik hamaika gauza daude ikas eta ikusteke.

Ildo beretik, ipin dezagun sokaren mutur batean hasiberriaren ilusioa eta urduritasuna; eta beste aldean, musikari helduaren segurtasuna eta konfiantza. Taula gainera igotzerakoan non kokatuko luke Pi L.T. taldeak bere burua?

Nik uste dut ezberdintasuna taula gainean egon daitekeela. Behar bada hasi berria zarenean ilusioa eta urduritasuna ez da desagertzen behin saioa hasita. Heldutasunarekin aldiz, lehenengo akordea jotzen duzunerako urduritasunari agur esaten ikasten da, nahiz eta aurretik hasiberria eta helduaren arteko ezberdintasun handirik ez egon; behintzat ilusio eta urduritasun aldetik. Agian disimulatzen jakitean dago gakoa.

Galdera nahiko erlatiboa izan arren, zein izen edo leku lortu du Pi L.T.-k euskal musikan? Eta musikazaleen artean?

Ez dakit galdera hau ondo erantzuten, baina jendearen aldetik nolabaiteko onespena lortu dugula uste dut, eta euskal musikari dagokionez guk zintzotasunarekin lan egiteari ekin diogu beti eta horrek ekarria izan badu, poztekoa baino ez da guretzat.

Solasaldi honi amaiera emateko, agur edo gero arte esan beharko genizueke?

Beti gero arte.
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.