entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Omero 2005-06-12

THE LINN YOUKI PROJECT Animaziotik esperimentaziora

Marrazki biziduna eta esperimentazioa Marrazki biziduna eta esperimentazioa
Azkenaldian Bartzelona ingurutik datozkigun taldeen artean gure arreta bereganatu du proiektu honek. Alde batetik erabiltzen duen formazioagatik: bi baxu, bateria eta sanplerrak. Bestetik sortzen dituzten doinuengatik: post-rocketik esperimentaziora doazenak, hardcore edo pop doinuak ahaztu gabe. Txabi baxu jolearekin mintzatu gara #2 (Bcore/Cydonia 2005) bigarren diskoa gertutik ezagutzeko asmoarekin. Gainera, udaran hirugarren diskoa grabatuko dute.
Zein izan da taldearen ibilbidea bigarren diskoa argitaratu duzuen arte?

Marco Morgionek sortu zuen taldea duela urte pare bat. Bera Glissando pop taldeko partaide zen orduan eta doinu berriak lantzeko asmoarekin bere etxean duen estudioan maketa batzuk grabatzen hasi zen. Ondoren taldea sortu zuen eta Cydonia diskoetxearen eskutik lehen diskoa argitaratu genuen. Kontzertuak eskaintzeari ekin genion eta Bcorekoekin kontaktuan jarri ginen. Hauek bigarren diskoa kaleratzea proposatu ziguten Cydoniarekin batera.

Taldearen formazioa ez da oso ohikoa: bi baxu, bateria eta sanplerrak.

Niri ez zait horren arraroa iruditzen. Hasieratik argi izan genuena gitarrarik ez edukitzea zen. Marcoren baxua, hala ere, askotan gitarra baten moduan entzuten da, baina hau izan zen ideia nagusia taldea sortu genuenean.

Eta ahotsik ez erabiltzearena?

Lehen ahaztu egin zait hau komentatzea. Taldea sortu zenean marrazki bizidun batzuentzat soinu banda bat egiteko sortu zen. Honela gure kontzertuetan proiekzioak erabiltzen ditugu lokalaren arabera. Hau horrela izanda ahotsik ez sartzea pentsatu genuen.

Diskoa Jens Neumaier-ekin (12Twelve) grabatu duzue.

Oso erlazio ona dugu berarekin eta 12Twelve-ko gainontzeko musikariekin. Lehen diskoa jada berarekin grabatu genuen gainera. Lan egiteko duen moduak gurearekin zerikusi handia du, baita soinua ulertzeko erak ere. 12Twelve Steve Albinirekin grabatzen aritu zen gu estudioan sartu baino pixka bat lehenago eta ideia ugari ekarri zituen Jensek. Oso gustura gelditu gara emaitzarekin, ahal badugu hirugarren diskoa ere berarekin grabatuko dugu.

Post-rockean jende askok zuzenean joaz grabatzen ditu bere lanak.

Oso gustuko dugu zuzenean jotzea, baina gure kasua ez da horrela izan. Zatika grabatu dugu bigarren diskoa. Alde batetik gure lokalean grabatu genituen oinarri elektronikoak eta ondoren horren gainean estudioan bateria eta baxuak. Azkenik tronpeta, ahotsak edo efektuak gaineratu dizkiegu.

Harritu nauen beste gauza bat hamalau abesti ordu erdian entzutearena izan da.

Post rock ugari entzun dugu taldekideok. Gaur egun horren luzeak izaten diren kantu askorekin nekatu egin gara. Horregatik hasieratik ez aspertzeko ideia bilatu genuen abestiak ahalik eta gehien kontzentratuz, alperrik luzatu gabe.

Post rockaz ari gara, baina diskoan bestelako doinuak ere entzun daitezke.

Hamalau abesti azaltzen dira kantu zerrendan, baina berez horietatik kantuak zazpi edo zortzi dira bakarrik, besteak bereizleak eta introak baitira. Minimal vs. Linn Youki abestia adibidez, Bartzelonako Minimal taldearekin egindako kolaborazioa da. Diskoko abestirik popzaleena da gainera.

Diseinua ere oso landuta aurkitu dugu.

Lehen diskoko animazioak egin zizkigun pertsona berak egin digu bigarreneko diseinua. Komiki formatuan, hasiera eta amaiera bat duen istorio bat kontatu nahi genuen.

2005, EKAINA - UZTAILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.