entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
ION + GORKA + OMERO 2003-02-10

SHIPPING NEWS irudimenaren sonoritatea

Shipping Newsen lana: "Three-Four" Shipping Newsen lana: "Three-Four"
Jeff Muller Estatu Batuetako musika alternatiboak eman duen musikari handi horietako bat dugu. Bere irudimenak soinuaren mugak zeharkatu zituen June of 44 taldean. Hura deseginda buru-belarri dabil Shippin News-ekin, eta inoiz baino gusturago nabari zaio. Bere mundura hurbiltzeko aukera izan dugu.


Nola sortu zen Shipping News?

90eko hamarkadaren erdialdera elkartu ginen, lagun batek National Public Radio-rako musika egiteko eskatu zidanean. Jason eta biok ibili ginen pieza batzuk prestatzen, ondoren Kyle etorri zen bateria sartzera. Duela gutxi arte hirukote bezala aritu gara, baina orain Tod Cook ere gurekin dator eta laukote izatera pasa gara. Lousvillekoa da taldea, Kentuckykoa, nahiz eta ni orain Chicagon bizi naizen, Illinoisen.

Zer gorde duzu zure aurreko esperientzietatik, June of 44 eta Rodan?

Shipping News denbora guztian hazten ari dela uste dut. Orain arte, agian jada esploratuak genituen ideiekin ibili gara, baina testura berriak ematen saiatzen gara, gure soinuari dimentsio berri bat ematen saiatzen gara. Oso kreatiboak garela uste dut, lan asko egiten dugu aterako denari mugarik jarri gabe, eta horrek Shipping News-ek betirako iraun dezakeela pentsarazten dit. June of 44ek ziklo oso bat izan zuen. Gure azken kontzertua eskaini eta gero (Leuvem, Belgika, 1999ko azaroaren 18a), June of 44-en nire bizitzako momenturik kreatibo, dibertigarri eta ederrenak bizi izan genituela konturatu nintzen. Baina, era berean, taldearen amaieran inoiz bizitako momenturik gogorrenak ere bizi genituela iruditzen zait. Rodan-en berriz dena azkarragoa izan zen, eroegia, disko bat kaleratu genuen eta hortxe gelditu zen dena.

Nola antolatzen duzu zure bizitza birak egiteko, lana egiteko edo entseatzeko?

Dena asko diferentziatu behar da, musika egiteko sasoian nagoenean, %100 musika da. Shipping News bi hiritan bizi da, eta horrek asko laguntzen nau Chicagoko bizitza edo Lousvillen lanean nabilenekoa banatzerakoan. Birak egiteari dagokionez, birak antolatuko dizkigun agentzia bat kontratatu ezin dugunez, gure aldetik moldatu behar gara Europan zehar gauzak bilatzeko. Hala ere, Shipping News kontzertuak eskaintzeaz gain lagun talde batekin bizitzeko eta gauzak elkarrekin ezagutzeko aukera aparta dela uste dut.

Gerora begira nola ikusten duzu zure burua musikaren baitan?

Musika konstantea da nire baitan. Momentu bakoitzean nola doan pentsatzen jarri gabe, denbora guztian musika egiten nabil, berdin dio nire neskalagunarentzat, familiarentzat edo niretzat izatea sortzen nabilena. Euskal Herrian eskainiko dugun kontzertura bertaratzen den jendearentzako joko dugu, eta guretzat, edo zer dagoen ikustera hurbiltzen den kuriosoarentzat; musika beti hor izango da.

Ze musika mota entzun duzu zure bizitzan zehar?

Lone Ranger telebista serieko musika izan zen lehendabizi entzun nuena edo gustuko izan nuena. Institutuko garaietan glam-metalean sartu nintzen: Montley Crue, Def Leppard etab... Pixkanaka Willy Wonka and the Chocolate Factory bezalako taldeetara hurbildu nintzen gero. Punka berriz, Bad Brains edo Big Black taldeak Talkin Heads edo Cure bezalako bandekin nahastuz ezagutu nuen. Lousvilleko taldeak etorri ziren gero, eta haiek eragin handia izan zuten nire gain: King Horse eta Slint. Beranduago denetarik entzuteari ekin nion: Ray Charles, Miles Davis, Tom Waits... Gaur egun Nina Simone, Blonde Redhead, Jesus Lizard etab entzuten ditut. Azkenaldian ezustekorik ederrenetarikoa eman didan taldea Radiohead izan da.

2003, OTSAILA-MARTXOA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.