entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Myriam Garzia 2013-02-21

Borja Estankona "Musika egiteak sendatzen du"

Borja Estankona. Argazkia: Jamie Gartzia. Borja Estankona. Argazkia: Jamie Gartzia.
Borja Estankonak betidanik esan du poeta baino musikaria sentitzen dela, nahiz eta berea arretaz entzuteko musika den, bai musikalki zein hitzei dagokionez. Fruitua (Baga-Biga, 2012) da bakarkako ibilbideari ekin zionetik bere bigarren lan luzea, non hasieratik lagundu dioten musikariak ondoan izan dituen: Itxaso Etxebeste baxuan eta Jimmy Arrabit baterian. "Nire lanik borobilena da, hortik Fruitua izenburua" esan digu abeslariak.


Lan berri honek geruza gehiago ditu, ahotsa indartsuago ageri da eta abestiak, oro har, positiboagoak dira. Pertsonala, gordina, baina ederra da. Hona Arratiako musikariak esan diguna.

Nola definituko zenuke zure azken lan hau, Fruitua (Baga Biga, 2012)?
Esan daiteke disko berri batek aurreko diskoak bete ez zuena betetzera datorrela, eta disko honetan bilatu nahi izan dudana borobiltasuna izan da. Nik espero ez dudan generoren bat ere landu dut, eta umorea ere agertu da, eta honek arnas puntu bat eman dio diskoari tentsioak askatzeko orduan. Oso tresna inteligentea da umorea, aurrera begira ere landu nahi dudana. Pop abestiak ere badaude, baina orokorrean oso disko klasikoa da, entzutea ez da oso konplikatua, abestiak ondo eusten dira lau hanketan. Beraien artean kontrasteak badiren arren, enbor beretik sortzen dira guztiak.

Country amerikarrarekin lotzen zaituzte askotan, horiek al dira zure eraginak?                                                                                           
Arean taldean nengoela, post-rockaren barruan kokatu gintuzten eta nik asko edan dut hortik. Ez ginen ohiko rockaren egiturekin asetzen. Baina, egia esateko, egun ez dut musika zaratatsua entzutzen, aldiz, bere garaian eta egun ere, aztarna utzi duten klasikoak nahiago ditut, hala nola, Neil Young, Bob Dylan edota Leonard Cohen. Asko eskertzen dut Cohenen garbitasuna, adibidez. Sortzeko orduan, abestiak nire egiten baditut ere, asko edaten dut klasiko hauetatik, soinu klasiko hori gustokoa dudalako. Musika tradizionala entzuten dut gehienetan, flamenkoa oso gustokoa dut ere, musika arabiarra, tangoa... Baina, nahita nahiez, egiten dudana rocka da.

Azken lan hau positiboa dela esango zenuke?
Bai, egia da. Aurreko diskoan ahalegin berezia egin nuen diskoan argia egon zedin, garai ilun baten bukaera izan arren. Diskoaren estetika ere ilunagoa zen, baina gaur egun beste egoera batean nago eta aldatzea gustokoa dudanez, orain kolorea sartu da eta abestiak, orokorrean, bitalistagoak dira. Horrek esan nahi du musika egiteak sendatzen duela.

Urte ta gutxi pasatu da aurreko diskotik...
Aurreko diskoa grabatu nuenetik bigarren hau grabatzera bi urte igaro dira. Arin etorri da eta dagoeneko martxa hartu dut hirugarren baterako. Dagoenean aprobetxatu egin behar da.

"Musika tradizionala entzuten dut gehienetan, flamenkoa oso gustokoa dut ere, musika arabiarra, tangoa... Baina, nahita nahiez, egiten dudana rocka da"

Itxaso Etxebestek baxuan eta Jimmy Arrabitek baterian laguntzen zaituzte berriro ere lan honetan.
Estankona proiektua sortu zenean bertan zeuden eta lanean jarraitu dugu elkarrekin zuzenekoak ematen, gure arteko harremana musikalki ere sendotu da eta, azkenean, disko berria egiterakoan, zure lanaren isla bat izanik, eguneroko gauza baten laburpena, Jimmy eta Itxaso hor egon dira. Oso eroso nago beraiekin... Itxaso oso pertsona jakintsua da eta oso gustokoa du baxua jotzea, bersatila da, edozein proposamenari heltzen dio, eta Jimmy oso kontendentea da, oso oinarri sendoa dauka eta hori, niri, ondo datorkit, ni apur bat hegalaria naiz eta Jimmyk kontrapuntua jartzen dit.

Geruza gehiago ditu azken lan honek, esango nuke...
Bai, grabatzerakoan saiatu izan naiz diskoa gehiago jazten, oraindik ez naiz barrokoa, baina dudan oinarri horretatik aurrera egin dut. Gitarra gehiago sartu ditut, akustikoa eta elektrikoa, eta badaude solo batzuk beste gitarra batzuekin lagunduta.

Oraingo disko honetan hitz denak dira zureak...
Aurreko diskoan nire anaiak, Igorrek sartu zituen hitzak abesti batean, baina oraingoan, nik idaztea erabaki dut. Plazer handiena niretzat musika egitea da, musika konposatzea eta ahots abstraktuaz marraztu melodia, hori da gehien gozatzen dudana. Hitzak, batzuetan zortea badago, etortzen dira, abestia egiten duzun bitartean, eta oraingo disko honetan horrela izan da. Hala ere, kostatzen zait idazle bati hitzak eskatzea, niri gustatzen zait nire bizipenetan oinarritutako hitzak izatea, nire barruan murgiltzea hitz hoiek. Horregatik, letrak oso sakon sentitu behar ditut, eta beste norbaitek idazten baditu, ezin dut horrenbeste gozatu, salbuespenak salbuespen.

Lan pertsonala da?
Estankona proiektuarekin hasi nintzenetik, egile sentitu naiz, nire gain hartu dut ardura hori, nire estiloa lantzea eta eskaintzea, desberdintasun hori jendeak ikustea nahiko nuke.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.