entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Arkaitz 2004-12-04

MIKEL UHARTE: Melodia gordinak

Urte askotan zehar hainbat taldetan ibilitakoa da Mikel Uharte hernaniarra. Gaur egun lagun artean sortu berri duten proiektu batean ibiltzeaz gain bere kabuz sortutako abestiak konposatzen ditu. Bakarkako lanaren berri Gaztemaniak 8 maketa lehiaketan izan dugu, hiru abestik osatutako lana aurkeztu duelarik bertan. Gitarra hutsaren laguntzarekin eta ingelesez abestuz, pop eta country bezalako erritmoetara gerturatzen da. Berarekin hitz egin dugu egiten duena hobeto ezagutu nahian.
Noiz hasi zinen musika egiten?

Duela hamar bat urte gitarra ikasteari ekin nion. Handik urte batera lehen taldea sortu genuen lagun artean. Beranduago Cactus Flower izeneko taldea egin genuen 70. hamarkadako rock gordina landu nahian eta hainbat kontzertu eskaini genituen. Hori deseginda gaur egun anaia eta beste kide batzuekin batera Lazy Lizar sortu berri dugu, tarteka nire abestiak lantzen ditudalarik.

Denbora asko daramazu zure kantuak sortzen?

Betidanik egin dudan zerbait da, hobby antzerako bat. Talde batean jotzeaz gain nire abestiak egitea gustuko izan dut beti. Entsegu askotan taldekideren bat falta zela eta ekin nion gauzak grabatzeari eta horrela sortu da maketa honena.

Zein ezberdintasun ikusten dituzu talde batean edo bakarlari moduan ibiltzean?

Taldean lan eginda beste instrumentu batzuen laguntza aurkitzen duzu eta konposaketaz gain beste doinu batzuk sartzeko aukera gehiago dituzu. Askotan eztabaidak idei ezberdin gehiegi nahastean izaten dira arazoak ere sortuaz.

Zer nahiago duzu taldearekin edo bakarlari moduan aritzea?

Taldean gusturago aritzen naiz besteengandik energia gehiago jasotzen dudalako.Hala ere nire gauzak egitea asko gustatzen zait eta hori mantentzeko egiten ditut nire kantu propioak.

Ibili zaren taldeetan joera rock-eroagoa duzu bakarlari moduan baino. Orain badirudi pop eta countryra ere hurbiltzen zarela.

Egia da. Akustika hutsarekin egiteko gai naizen bakarra delako gertatzen zait hori. Taldearekin joera rockeroagoa dut, elektrikoa delako. Eraginak berdinak dira: Neil Young eta doinu amerikarrak. Horregatik saiatzen naiz doinu gordinak sortzen melodikoagoak baino. Doinu leunetatik ihes egiten saiatzen naiz.

Idazterako orduan ingelesa aukeratu duzu.

Eraginen kontua dela uste dut, betidanik entzun ditut ingelesez abesten duten musikariak. Saiatu naiz beste hizkuntza batean idazten, baina ez zait ateratzen. Momentu honetan letrei baino melodiari ematen diot garrantzia handiagoa.

Grabaketa zure etxean eta zure kabuz gauzatu duzu.

Zortzi pistako mahaia eta mikrofono aereo batekin egin dut. Soinu aldetik ez zaizkit doinu perfektuak edo standar-ak gustatzen, horregatik grabatzerakoan ere soinu gordinak bilatzen nituen. Kantu bat duela denbora grabatu nuen eta beste biak gustuko nituelako sartu ditut.Hala ere aitortu beharra daukat grabatzea ez zaidala asko gustatzen.

Bakarlari moduan zuzenean ikusteko aukerarik izango al dugu?

Orain arte ez dut bakarlari moduan kontzerturik eskaini. Hala ere uste dut orain momentu egokia izan daitekeela. Nahiko basikoa izango den zerbait egitea gustatuko litzaidake, hau da, akustikoan eta bestelako laguntzarik gabe. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun proiektuak?

Gehien gustatuko litzaidakeena kontzertuak eskaintzea da. Kontzertu batean egiten duzunak zenbat balio duen edo nolako erantzuna duen ikusi dezakezu. Taldearekin jarraitasuna izatea gustatuko litzaidake. Orain arte aritu izan naizen taldeetan trabak izan ditugu aurrera egiteko.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.