entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
ARITZ SOUND SYSTEM 2004-08-07

LONE ARK reggaearen altxorrean harribitxi berria

Lone Ark kantabriarrak Lone Ark kantabriarrak
Lone Ark izenpean arimaren kutxa zabaldu eta barruan duen onena dakar Roberto Sanchezek. Urteetako esperientziak eta maila altueneko musikariak lagunduta, irribarrea ahoan duela, hirietako plastiko eta porlan itogarritik nekazal guneko freskotasunera garamatza.


Nondik datorkio Santanderreko gazte zuri bati reggae musikarekiko maitasun handi hori (gure buruari behin baino gehiagotan egin diogun galdera da eta oraindik ez dugu erantzunik aurkitu)?

Egia esan, ez dakit. Bob Marleyren musika entzuten hasi nintzen eta azkenean pasioa bihurtu da. Musikarien sendi batean hezitakoa naiz eta reggaea ezagutu nuenetik mundu honetan sakontzen joan naiz, diskoak erosten, informazioa eskuratzen eta azkenik musika egiten.

Musikari lanetan proiektu desberdinetan aritu zara. Gure artean Loud & Lone izenarekin kaleratutakoa da ezagunena (BDF-rekin batera azken diskoan) baina badira beste batzuk eta guztietan Lone hitza erabili duzu.

Bai, asko gustatzen zaidan soinua du.

Lone Ark izena Lee Perry-ren Black Ark estudioari erreferentzia eginez agian?

Horrela da, Lee Perry izan da nire erreferentzia nagusienetakoa. Congoes, Junior Marvin eta antzeko musikari eta abeslariak eta Black Ark estudioaren garaia eta soinua magikoa izan dira niretzat eta eragin izugarria izan dute egin dudan guztian.

Diskoa osatzerako garaian ez zara edonolako musikariekin elkartu. Gainera, gehienak aurreko proiektuetan modu batera edo bestera aritutakoak dira.

Bai, azken finean ia-ia kolektibo bati buruz hitz egin daiteke. Hamabost musikari biltzen gara kolektibo honetan eta honen barruan bakoitzak bere proiektua du eta gero diskoak grabatzeko eta zuzenekoak eskaintzeko elkartzen gara. Proiektuaren arabera zuzendari lana batek edo besteak egingo ditu eta Lone Ark izenekoan ni naiz zuzendaria.

Eta nola egiten duzue elkartzeko? Kolektibo horren barruan Euskal Herriko, Santanderreko eta Londongo jendea zaudete eta ez du batere erreza izan behar entseatzeko geratzeak.

Oso zaila da. Gutxitan elkartzen gara. Normalean diskoa grabatu behar denean edo zuzenekoak eskaintzeko biltzen gara eta aurretik entsegu bat edo bi egiteko astirik baino ez dugu. Dena den, reggaeak musikari bakoitzak bere aldetik gauzak prestatzeko aukera asko ematen dizkizu eta honela, kantuaren basea erabakita dagoenean, grabatu eta CD-an besteei bidaltzen diogu gero bakoitzak bere instrumentua egokien deritzon moduan sartu dezan. Modu honetan, entseatzeko geratzen garenean bakoitzak oso garbi du zer egin behar duen. Dena den, nahiko genuke astean behin edo bitan elkartu ahal izatea.

Diskoaren izenburua ikusita ez dirudi hiriak asko maite dituzunik, ezta?

Hiriak ez dute errua, bertan bizi den jendea baizik. Urte batzutan hiri handi batean bizi izan naiz eta herri txiki edo komunitate txikietako bizimodua aldarrikatu nahi dut; naturarekiko gertutasuna eta jendearen arteko harreman estuagoa.

Diskoarekin batera datorren liburuxkan kantuen letrak azaltzen dira eta nahiz eta ingelesa ez dugun menperatzen, guztietan, sentimendu positibo handia antzeman diegu.

Bai, letra guztiak eta kantuen melodiak eta konponketak nik konposatutakoak dira eta egia da guztietan sentimendu positibo hori zabaltzen saiatu naizela. Egia esateko, rastafarismoaren ezaugarrietako bat dela esan daiteke. Nik ez dut nire burua rastatzat hartzen, baina errespetu handia dut Rasta kulturarekiko. Kultur honek musikaren bidez mezu positiboa zabaltzen erakutsi dit eta horrek asko betetzen nau.

Sentimendu positibo honekin agurtzen dugu oraingoz (elkarrizketa askoz ere gehiago luzatu zen arren) Roberto berak eta bere lagunek egindako lan izugarria eskertuz eta hemendik gutxira gure artean berriro izango direnaren esperantzaz. Gaur egun Europan egiten den maila altueneko roots reggaea zalantzarik gabe. Begirunea eta maitasuna.

2004, ABUZTUA-IRAILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.