entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
I 2004-08-18

KUDAI urrats modernoa metalean

Kudai taldeko partaideak Kudai taldeko partaideak

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Laukote donostiarra ez da hutsaren hurrengo, ezta Euskal metalak eman dezakeen talde arrunt bat ere. Berritzaile izena ipini diezaiekegu, talde berria izateaz gain euren proposamena nahiko berri eta bitxia delako. Komunikabideen jarrera gogor salatzeko, Hutsa izeneko lehen lana kaleratu berri dute Oihuka diskoetxearekin. Taldearen eta diskoaren inguruan hitz egiteko, telebista itzali, komunikabideetatik urrundu eta Donostiako Egia auzoan bildu gara Bortx gitarra jolearekin.


Talde gaztea zareten arren, zein izan da taldearen orain arteko ibilbidea?

Kudai taldea, 2002. urtean sortu zela esan daiteke. Hasiera batean, Ekaitz eta biok osatzen genuen, nik gitarra joz, Ekaitzek abestuz eta gainontzeko instrumentuak ordenagailuarekin programatzen genituelarik. Epe laburrera, abeslari bila hastea erabaki genuen Ekaitzen ahotsa egokiena ez zela ikusita. Bilatzen hasi bezain laster, Bletz taldea banandu zela jakin genuen, eta denbora galdu gabe taldeko abeslari ohiarekin harremanetan jarri ginen. Berarekin hitz egin ostean, Davidek baiezkoa eman eta Kudai taldeko abeslaria bilakatu zen. Beranduago, Tito sartu zen taldean, bateria jotzailearen postua betez. Gauzak honela, egun David (gitarra eta ahots nagusia), Ekaitz (baxua), Bortx (gitarra eta programazioak) eta Titok (bateria) osatzen dugu taldea. Eta tira, momentuz laurok elkarrekin jarraitzeko asmoa dugu.

Zer ezkutatzen da Kudai izenaren atzean?

Egia esan, ezer gutxi. Jainko tartalo baten izena izan arren, izen bat besterik ez da eta guretzat ez du zentzu berezirik. Kasu gehienetan, talde baten izenak bere istorio propioa dauka, gurean ordea ez.

Ekaina aldera, Hutsa izeneko lehen lana karrikaratu zenuten. Zer adierazi nahi duzue izenburu esanguratsu honekin?

Diskoaren kontzeptu orokorra da. Lan honekin adierazi nahi duguna, hein handi batean azalak islatu nahi duena litzake, hau da, komunikabideen menpe aurkitzen garela. Egun jasotzen dugun informazioa ez dugu ez pentsatzen ez kontrastatzen, eta ondorioz datorkigun bezala irensten dugu. Komunikabideen eta geure buruen erruz, garunak erabat hutsik ditugu eta aurrera jarraitzen dugu besterik gabe.

Beste hainbat metal taldek hartutako bide bera hartuz, grabaketak Sonido XXI estudioan burutu dituzue.

Bai halaxe da. Hira taldearekin Nortasuna diskoa grabatu nuenean, oso eroso sentitu nintzen bertan eta estudioa ondo ezagutzeko aukera izan nuen. Esperientzia positiboa izan zenez, taldekoak konbentzitu eta bertara joan ginen grabatzera. Bigarren egonaldia ere aurrekoa bezain ona izan zen, bilatzen genuen soinua lortu eta grabaketak guk espero bezala burutu baikenituen. Argi dago, San Martin anaiak pertsona bikainak izateaz gain, profesionalak direla beren lanean.

Diskoari dagokionez, zer aurkituko dugu bertan eta nola definituko zenuke Kudairen musika?

Diskoaren hamar abestietan heavy metal, metal industriala eta thrash metal doinuak uztartzen dituen musika entzun ahal izango da. Honez gain, bi kolaborazio interesgarri izan ditugu. Alde batetik, Eraso! taldeko Sergiok ahotsak sartu ditu Hutsa abestian eta bestetik, Albert Nekrotech (Bounzin) musikariak samplerrak sartu ditu Ni Naiz kantuan. Kudairen musikari dagokionean, definitzeko erraza ez den arren, metal musika egiten dugula uste dut, samplerrek ematen dioten ukitu modernoa adierazgarria izanik.

Eraginen artean Fear Factory eta Ekon euskaldunak azpimarratuko nituzke.

Erabat ados. Fear Factory taldearen eragina nabarmena da. Beste taldeen kopia soila izatetik haratago joaten saiatu gara, baino argi dago erritmo batzuk Fear Factoryren eskolakoak direla. Bestalde, Ekon taldea, sampler egilea naizen aldetik, beti izan dut talde gustukoenen artean. Aipaturikoez gain, Rammstein, Pantera, Eraso! eta Su Ta Gar taldeen eragina ere jaso dugu.

Azkenaldian, metala jorratzen duten hainbat euskal taldek bideoklipak egiteari ekin diote (Eraso!, Hira, Su Ta Gar, ...). Zuek ere Ni Naiz abestiaren bideoklipa prestatzen ari zarete. Noiz ikusi ahal izango dugu?

Ba oraindik apur bat itxaron beharko da. Eszena bat grabatzea falta den arren, ondorengo post-produkzio lana izugarria izango da, eta egia esan burutu behar duenak nahiko mugatua du bere denbora. Gauzak honela, dena guk espero bezala ateratzen bada, irailean ikusi ahal izango da.

Amaitzeko, zein asmo ditu taldeak etorkizunean?

Bideoaren prestakuntzaz gain, ahalik eta kontzertu gehien ematea da asmo nagusia. Honez gain, irratirako birnahasketa batzuk prestatzeko asmoa dugu, era honetan techno ukituei garrantzia emanez. Azken batean, gure xedea taldearen musika geroz eta gehiago zabaltzea da.

2004, ABUZTUA-IRAILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.