entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Omero 2005-02-10

KARIDADEKO BENTA tradizioaren trobadoreak

Karidadeko Benta Karidadeko Benta
Urte bat besterik igaro ez den arren zumaiarren lehen diskoa ezagutu genuenetik, Karidadeko Benta bueltan dira bigarren lanarekin: Amore amore (Gaztelupeko Hotsak, 2004). Aurrekoan egin zuten moduan, doinu tradizionalak eta munduko musikak nagusi dira bigarren lan honetan ere. Bertsoaren presentzia albora utzi gabe, hazi egin da taldea, sendotasuna dakartelarik abesti berriek. Jon Maiarekin hitz egin dugu kaleratu berri duten diskoak utzi dizkien bizipenak ezagutzeko asmoz.
Hasiera batean kasualitatez sortutako proiektua bazirudien ere, denbora laburrean kontzertu ugari eskaintzeaz gain, bigarren diskoa kaleratu duzue.

Lehenengo diskoa baino lehen ia bi urte pasa genituen emanaldiak egiten. Denbora hori kantu berberekin burutu genuen eta guzti hori nonbait islatzearen ondorio izan zen diskoa. Bigarrenaren kasuan gauzak ezberdinak izan dira. Kantu guztiak diskoari begira intentzioz egindakoak dira. Emanaldi ugari egin ditugu lehen diskotik eta eskarmentu handia hartu dugu. Diferentzia handienak denbora honetan gure burua ezagutu eta gure soinua zein den ikusi dugula dira. Lehen diskotik bigarrenera salto handia dago, kontzeptuz garbiago eta definituago dago Amore amore.

Sendotasuna nabari da, batik bat kantuen soinu eta egituretan.

Hasiera batean guk ere ez genekien zer nahi genuen. Elkarren artean oso ezberdinak ziren kantu pila bat genuen. Ez da genero batean sailkatu dezakezun musika. Gure burua emanaldietan ezagutu dugu eta taldea ere bertan bilakatu da. Honela, lehen baino gehiago kontrolatu dugu bigarren diskoa, kalitate eta soinu aldetik ere teknikoki hobea atera delarik.

Lehen diskoa grabatu zenutenean estudioan nahiko berde sentitzen zinetela komentatu zenuen. Nola izan da bigarrenaren grabazioa?

Prozesu azkarra izan da. Jon Manzisidorrek konposatu ditu kantu gehienak. Maketa bat ekarri zigun abuztuaren erdialdean eta urrian jada estudioan ginen. Bi hilabete ingurutan egin dugu dena eta grabatu hiru egunetan besterik ez. Disfrutatu egin dugu eta oso erraza izan da, lekuak ere asko lagundu digu horretan. Instrumentu denak batera grabatzen genituen goiz partean eta ondoren arratsean sartzen genituen ahotsak. Kantuaren bertsio ona bilatzen genuen ondorengo sofistikaziorik gabe.

Xenpelarren bertso bat Leonard Cohen-en doinuekin musikatu duzue eta Amuriza eta Maialen Lujanbioren laguntza ere izan duzue beste kantu batean.

Bertsoa eta bertso doinuak hasieratik daude taldearen baitan. Ni bertsolari naizelako kantari baino lehen eta Jon Manzisidor bertsotan ibilitakoa delako. Gainontzekoek ere erlazio dezente izan dute bertso munduarekin. Hori hor dago eta nik uste dut ikur identitate bat dela taldearentzat. Hor badugu kantu bat Xabier eta Maialenek abesten dutena. Menorcako doinu bat da bertako bertsolariek erabiltzen dutena. Zuzenekoetan inprobisatzeko erabiltzen dugun abestia da eta ez genion zentzurik ikusten letra finko bat jartzeari. Xenpelarren Ia gureak egin du bertso famatua aspaldi konturatu nintzen Leonard Cohen-en Take this waltz abestiaren doinuarekin ondo uztartzen zela. Nahasketa indartsua sortzen da gure instrumentuekin, oso koherentea dena. Mundu aberatsa dago horrelako nahasketetan.

Behin baino gehiagotan aipatu duzu disko honetakoa dela zure literatur lanik osoena.

Nik daukadan sentsazioa da hori. Azken hamabost urteetan letra ugari idatzi ditut, Negu Gorriak-en Gure jarrera diskoan hasi eta talde eta estilo ezberdinentzat. Lan asko egin arren, guztiak sakabanatuta daude, ez duzu lan oso bat egiten. Solteak dira, ez duzu dena zure kontrolpean. Bigarren diskoan hasieratik izan ditut doinuak eskuartean eta ze istorio mota kontatu nahi nuen doinu edo melodia bakoitzarekin jakin izan dut. Pozik nago kantu eta letrokin, horregatik esaten dut hau dela orain arte kaleratu dudan literatur lan bilduma osoena eta gehien bete nauena.

Horrelako estilo ezberdinak nahastu eta sortuta, zein motako musika eta taldeak entzuten dituzu etxean?

Belarria nahigabe letretara joaten zait. Ulertu egin behar dut entzuten dudana eta gustatu egin behar zait esaten dena edo nola esaten den. Letragile handiak iruditzen zaizkidan horiek entzuteko joera izan dut. Gaztetan hasi eta bidean orain arte nirekin iraun dutenak: Xabier Lete eta Benito Lertxundi (asko gustatzen zait aspaldian hartu duen eboluzioa). Aspalditik asko gustatu zaizkit: Andres Calamaro, Franco Battiato, El Drogas-ek idazten duena, Barricada bera ere... Evaristo ere autore handia iruditzen zait. Gero, denborarekin kanpoko musika ere entzuten ikasi dut: Led Zeppelin, Italiako musikariak... denetarik entzuten dut baina beti letragileenganako joera horrekin.

2005, OTSAILA - MARTXOA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.