entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Aritz Iba 2005-05-13

JABIER MUGURUZA Liverpool-Gernika esperientzia

Zuzeneko esperientzia Zuzeneko esperientzia
Modan izan dira orain gutxi arte telebistan musika akademietan oinarritutako Reality Showak. Baina badira telebisten eraginetik urrun, serioski, lan egiten duten musika eskolak ere. Paul McCarthneyk sortutako Liverpool Insititute for Performing Arts (LIPA) eskolaren kasua dugu. Duela hilabete batzuk bertan izan zen gonbidatu Jabier Muguruza, bertako ikasleekin batera bere kantuak beste modu batez janzten.
Nola suertatu zitzaizun Liverpool-Gernika diskoa grabatzeko aukera?

LIPA musika eskolak gonbidatu ninduen bertako ikasleekin lan egiteko. Kontzertu batzuk egin behar genituen eta grabatzea pentsatu nuen, behintzat dokumentu hori izateko. Ongi grabatua egon ezkero diskoa ere izan zitekeen. Martxan jarri genuen kontua, errepertorioa Liverpoolen prestatu genuen, kontzertuak ematen hasi ginen... Grabaketa entzun eta baziren ongi zeuden hamar-hamaika abesti, beraz, diskoa ateratzea erabaki nuen. Elkarlanean egindako bidea biltzen duen dokumentua da disko hau.

Aipatu duzu LIPAk gonbidatu zintuela. Ohorea da hori!

Baietz uste dut. Nik poza handia hartu nuen, iaz, gonbidatu nindutenean. Aipatu zidaten ni hautatu nindutela nire obra lantzeko, nire hainbat kantu prestatzeko bai eta gero zuzenean emateko ere, eta pentsatu nuen, hau ez da txantxetako kontua. Gero, Liverpoolgo eskola ikusita, ikasleen maila ikusita, are pozgarriagoa suertatu zitzaidan gonbidapena.

Zer da LIPA zehazki?

Batez ere, musika, dantza eta antzerkia lantzen dituzte bertan. Sartzeko ikasleek froga batzuk gainditu behar dituzte. Maila ona edukitzeaz gain elkar lanerako gauza direla erakutsi behar dute. Profil psikologikoa oso garrantzitsua da haientzako. Programa ezberdinak lantzen dituzte. Nire kasuan, autore baten obra hartu eta lantzean datza programa. Musika zuzendari batek gidatuta (Tim Pike) hainbat kantu jorratu zituzten.

Diskoa zure aspaldiko abestien bertsioekin osatu duzue. Gustura bertsio horiekin?

Nahiko gauza bitxia gertatu zitzaidan. Beldur nintzen ez ote zituzten nire abestiak erabat aldatuko, popa hain sakon jorratzen duen eskola izanda... Sorpresa izan zen Liverpoolera ailegatu eta ikustea oso fidelki jarraitu zutela gure diskoetan jorratutako ikuspegia eta moldaketak. Orduan, kontrako norabidea egin genuen. Libreago ibiltzeko esan genien, abestiak haien esparrura eramateko, pop kutsua emateko, finean. Nik pentsatzen nuenaren kontrakoa izan zen.

Diskoa alde batera utziko dugu. Nosotrash taldearekin kolaboratu berri duzu.

Iazko udan Xixonen izan nintzen kontzertu bat ematen. Emanaldiaren ostean Nosotrash-eko kideak hurbildu zitzaizkidan. Nire lana interes handiz jarraitzen zutela esan zidaten eta nirekin kolaboratzeko aukera ere aipatu zidaten. Duela bizpahiru hilabete deitu zidaten konkretuki eskaintza eginez, esanez diskoa grabatzen ari zirela eta nahiko luketela duoren bat egitea. Xixonera abiatu eta kolaborazioa egin nuen. Kanta batean duoa egin nuen abeslariarekin batera, eta beste batean eskusoinua sartu nuen.

Epe motzerako beste proiekturik?

Udazkenean beste disko bat karrikaratuko dut. Disko berezia izanen da, oso biluzia. Gitarra era ahotsa baino ez. Niretzat jauzi bat da hori. Beti intimistak izan dira nire lanak, baina honako honetan lana oso soila izanen da, oinarrizko elementu horiekin egina.

2005, APIRILA - MAIATZA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.