entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Ome 2007-04-01

ITAKA intentsitatearen heldutasuna

Itaka Itaka
Zumaiako taldeak Nerabe izeneko lehen diskoa argitaratu du Baga-Biga diskoetxearen eskutik. Rockaren bidetik stoner-eraino gerturatzen diren doinu indartsuak eskaintzen dituzte, nahiz eta ezin ditugun estilo bakarrean sailkatu. Mikel Kazalis arduratu da diskoaren ekoizpenaz intentsitate berezia lortuz soinuari dagokionez. Nerabe garaiak atzean utzi gabe heldutasuna modu naturalean lortzen dabilen taldea da Itaka. Horregatik, aurrerantzean kontuan hartu beharreko taldea da. Doinu gogorretan zer esana eman lezake.
2005 izan da taldearen ibilbidea markatu duen urtea: lehen maketa, Euskadi Gazteako maketa lehiaketan hirugarren postua, Volcom lehiaketan garaile... Kontaidazue nola izan zen taldeak izandako eboluzioa.

Hasieratik gaur egun arte aldaketa batzuk jasan ditugu gure ibilbidean: hainbat kontzertu eman ondoren Aitor abesten hasi zen eta maketa grabatu aurretik gitarra jotzen zuen Unaik bateria postua hartu zuen. 2005ean kaleratu genuen maketa, hainbat kontzertu eskaini genituen eta aldi berean kantu berriak sortu genituen. Disko bat grabatzea pentsatu genuen eta 2006ko azaroan kaleratu dugu.

Lehiaketetan parte hartzeak askotan ez al du taldeen dinamika nolabait behartzen?

Gure kasuan ez dugu aldaketa handirik ikusi, lehiaketetan parte hartu genuen gure musika ezagutarazteko, emaitza onak lortzeak motibazioa handitu gintuen. Guk beti bezala jarraitzen dugu: gustuko dugun musika egiten.

Mikel Kazalisen alboan lan egin duzue maketa eta diskoan. Anestesia, Kuraia etab. bezalako taldeetako kidea izanda, bere musikaren aztarna nabari da zuen abestietan. Nola baldintzatu edo lagundu du horrek diskoaren ekoizpenean eta taldearen soinuan?

Gustuko ditugun taldeak dira Anestesia eta Kuraia, eta horrek eragina du gure musikan. Hala ere, egiten dugun musika gure eraginen nahasketa bat da eta ekoizpenean Mikelek beti laguntzen gaitu azken ukituak ematen kantuei, soinuan, etab...

Zein alde nabaritzen dituzue maketa eta disko berriaren artean?

Disko hau rockzaleagoa dela uste dugu, grabazio prozesua ere oso ezberdina izan da. Diskoaren prozesua luzatu egin zitzaigun, lana eta oporrak direla eta, Mikel ere lanpeturik zebilen... Baina bestela ere, bietan oso gustura geratu gara emaitzarekin.

Disko gogorra da zuena, stoner eta rocka bezala aurkezten duzuena, baina momentu batzuetan urrutirago doa eta hardcoreraino ere gerturatzen da. Estilo ugariren eragina duzuela dirudi. Non moldatzen zarete hobekien edo gusturago?

Bai, bueno, aurkezpen hori diskoetxeak egindakoa da. Lehen esan bezala, gure musika nahasketa bat da, stoner-rock-punk-hardcorea eta metala nahasten dituena. Taldekide bakoitzak bere gustuak ditu eta hori dena elkartzean ateratzen dena gustuko dugu.

Nerabe lehen diskoan garai bateko kezkak eta eguneroko bizitzan izan ditzakegunak biltzen dituzue. Tituluak baldintzatu al du idazterako orduan erabili duzuen metodologia?

Ez, hasieran kantuen hitzak egin genituen eta bukaeran jarri genion Nerabe izena diskoari.

90. hamarkadako soinua gogorarazten dit zuen musikak: Dut, Helmet edo Kyuss bezalakoen doinua. Hamarkada hori al da zuen abestietan gehien eragin duena?

Baietz esan daiteke. Dut, adibidez, gure eragin nagusietako bat da. Hala ere, aurreko hamarkadako musika ere gustukoa dugu.

Baga-Bigan diharduten talde batzuek diskoetxearen beraren estudioan bertan grabatzen dituzte diskoak. Zuek ordea, ez. Zerbait baldintzatu al du horrek haiekin lan egiteko moduan?

Ez, ez du ezer aldatu, guretzat erosoagoa zen Zarautzen grabatzea Bilbora joan behar izatea baino. Horregatik eta argi geneukalako Mikelekin grabatu nahi genuela, ez ginen Baga-Bigaren estudiora joan.

Kontzertu ugari eskaintzen ari zarete azkenaldian. Zer moduzko harrera izaten ari zarete?

Oraingoz ondo goaz, kontzertuetan guztia ematen dugu, diskoak baino bizitasun gehiago du zuzenekoak eta musika talde batentzat azken finean hori da garrantzitsuena, kontzertuak eskaintzea. Nahiz eta jende askok gure musika ezagutu ez, ikustera gerturatu direnen artean harrera ona izan dugu.



2007, apirila- maiatza
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.