entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Xebax 2004-12-10

IBAN NIKOLAI naturaren hotsa

Iban Nikolai Iban Nikolai
Gure belarriek didgeridoo-a entzuten dutenean, gure neuronak martxan jartzen dira gu Australiara eramateko. Baina ez da beharrezkoa haraino joatea didgeridoo-a entzuteko. Iban Nikolaik musika tresna berezi honen doinuak dakarzkigu Didgeridoo hotsak izenburuko diskoan, Ibanen bakarkako bigarren lanean hain zuzen. Europan eta Australian hartu ditu eskolak Ibanek, Europako musika jaialdi entzutetsuenetan aritu da eta Australiako aborigenek antolatutako Garma jaialdira gonbidatu dute ere. Gainera, Iban beste zenbait proiektutan aritu da: Banja Lukaren The scandal is inside your head diskoan eta Javier San Sebastianen bakarkako lehen lanean, besteak beste.


Zer sentitu zenuen lehen aldiz didgeridoo-a entzun zenuenean?

Musika tresna honen behe-soinuak, soinu sakonak eta soinu elektrikoak erakarri ninduten. Musika tresnaren formak ere erakarri ninduen. Kontzertu batean entzun eta ikusi nuen lehenengoz.

Horregatik joan al zinen Londresera?

Ez. Esperientzia berri bat izatera, independentzia apur bat lortzera eta ingelesa ikastera joan nintzen hara. Didgeridoo-arekin kasualitatez egin nuen topo. 20 urte bete nituenean oparitu zidaten nire lehen didgeridoo-a eta jotzen hasi nintzen.

Autodidakta moduan hasi zinen. Lehenengo saioetan lortzen al zenuen didgeridoo-a jotzea?

Lehen egunean ozta-ozta lortu nuen soinuren bat eta arnasketa egokia nola egin jakin gabe urtebete eman nuen. Hala ere, asko ikasi nuen nire kasa. Baina arnasa nola hartu erakutsi zidatenean, aurrerapausoak nabarmenak izan ziren.

Ikasle izatetik irakasle izatera pasatu zara?

Bai. Hainbat irakaslerekin ikasi nuen Madrilen, Amsterdamen, Italian, Belgikan, Frantzian eta baita Australian ere maisu aborigenekin. Euskal Herrian klaseak eta ikastaro trinkoak eskaintzen ditut. Donostian lokal bat dut eta mota guztietako jendea joaten da bertara ikastera.

Garma jaialdiaren modukoa antolatu al liteke Euskal Herrian?

Bai, noski, egin daiteke didgeridoo-arekin lotutako jaialdia. Nik hemengo maisu eta taldeekin egingo nuke. Garma oso polita izan zen, aborigenek beraien kultura, dantza, pintura, ohiturak eta yidakia (didgeridoo) erakutsi ziguten modu sinple eta naturalean.

Nolakoa da Iban Nikolairen zuzenekoa?

Didgeridoo eta perkusio soinuen bidez dantza egiteko eta gorputza mugitzeko kantuak eskaintzen ditut. Naturaren doinu oinarrizkoetara eta zaharretara hurbilpena.

Zenbat didgeridoo dituzu?

Hamahiru. Gehienak egiazko didgeridoo-ak dira, hots, Australian termitek hustutako eukaliptozkoak. Hainbeste ditut bakoitzak tonu bat duelako. PVC, banbu, teka eta beste hainbat materialez eginiko didgeridoo-ak ere baditut. Normalean eukaliptozkoen soinua hobea da eta horregatik dira garestiagoak. Benetako didgeridoo-en gauzarik politena denek soinu ezberdina dutela da, bakoitzak bere berezko soinua du.

Zer moduzko harrera izan du zure diskoak?

Euskal Herrian ohikoa ez den musika entzutea erakargarria da jendearentzat eta harrera ona izaten ari da. Disko bitxia da. Bertan Vietnamgo aho-harpak, gitarra flamenkoak eta beste hainbat tresna entzun ditzakegu, Maria Simonson kantariaren ahots bikainarekin batera.

2004-05, ABENDUA - URTARRILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.