entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Joxi Ubeda 2015-12-11

Morau ta Beñardo “Hobe disfrutatzea, bestela zertarako arituko gara honetan?”

Ilustrazioa: Mattin. Ilustrazioa: Mattin.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Moraurekin eta Beñardorekin ederki eta gustura mintzatu gara haien Arrainentzako Himnoak diskoaren inguruan. Atsegin handiz kantatu dute jarri dizkiegun gaien inguruan.


Zer dela eta bururatu zaizue Morau ta Beñardo bezala jotzen hastea eta disko bat egitea?
Morau (M): Arrainentzako himnoak proiektuari ekin baino lehenago hitz egina genuen biok, artean izenik eta egiturarik ez zuela, hurrengo diskoan biok elkarrekin arituko ginela. Urte asko dira elkarrekin hainbat formatutan aritu garela, baita bikote moduan ere zuzeneko emanaldi askotan, baina sekula ere ez espresuki bikote moduan aritzeko sortutako kantuekin. Bazen garaia. Behin hori erabakita, naturala izan da izenean ere bikote izaera azpimarratzea, izenarekin hainbat gora-behera izan baditugu ere. Kosta zaigu izen egokia topatzea eta, azkenean, jefearen inposaketa moduko bat izan dela.


Nolakoa izan da bidea edo lan prozesua: doinuak sortu, hitzak idatzi, moldaketak egin, grabazioa, diskoa argitaratu eta banatu... Bion artean egin duzue eta egiten ari zarete dena? Zeintzuk aritu dira zuekin?
M: Lana hainbat fasetan antolatu dugu. Hasieratik partekatu nahi izan dut kantuen sorrera prozesua, edonork eman ahal izan ditu bere ideiak, egin ahal izan ditu bere ekarpenak, horretarako espresuki sortutako blog/webgunean, eta horrela gorpuztu ditugu hainbat hilabetetan zehar kantuak. Neuk nire asmoak eta sortzen nituen zirriborroak konpartitu eta ekarpenak jasoz gorpuztu ditugu 16 kantu. Ondoren, kantuak mahai gainean jarri eta Beñardorekin batera, ekin genien moldaketei. Bai hitzei zein musikari dagozkien moldaketak izan dira. Komunean egindako lan horri esker kantuak gorpuztu, hazi eta diskoratzeko moduan utzi ditugu.
Diseinuari dagokionez ere, laguntza handia eduki dugu, alde batetik, Mattinek lan grafiko ederra egin du eta proiektu osoaren itxura erditu du. Jabi Espartak webgunea eta diskoa bera diseinatu ditu, Conny Beyreutherrek argazki mordoa egin dizkigu... Hein handi batean auzolanean ondutako diskoa dela esan daiteke. Auzolanean osatu, auzolanean egin, auzolanean zabaldu... Horrela lortu dugu horrelako proiektu bat aurrera ateratzea. Bai, horixe da, auzolanean egindako proiektua da
Arrainentzako Himnoak.



"Auzolanean ondutako diskoa dela esan daiteke: auzolanean osatu, auzolanean egin, auzolanean zabaldu"
Nola lor daiteke diskoa?

M: Hasieratik, eta auzolanaren zentzua jarraituz, edonork edukiko du kantu bilduma Internet bidez eskuratzeko aukera, CC lizentziarekin argitaratuko baitugu. Horretarako aski du arrainentzakohimnoak.org helbidera jotzearekin. Hori bai, disko fisikoa nahi duenak zuzeneko emanaldiren batera etorri beharko du ez baita izango beste modurik diskoa eskuratzeko.


Bi gitarra akustikorekin jotzen duzuenean soinu trinkoa eta indartsua lortzen duzue, eta Beñardok gitarra elektrikoa jotzen duenean bere marrazkiek eta ñabardurek ederki apaintzen dituzte Morauk gitarra akustikoaz jotzen dituen doinuak. Ordu asko egingo zenituzten biok elkarrekin jotzen, hori guztia zehazteko...
Beñardo (B): 2013ko urritik 2014ko martxora, ia astebururo. Eta datorrena...
M:
Bai, egia da, ordu mordoxka sartu dugu, baina elkarrekin eman ditugun urte guztiak, dugun elkar ezagutzarik gabe, ez litzateke posible izango halako lana hain azkar egitea. Alde horretatik, inoizko prozesurik emankorrena gertatu da niretzat, gozagarria izan da kantuak heldutasunera nola iristen ziren ikustea, eta horretan Beñardoren pazientzia eta metikulosidadeak ezinbestekoak gertatu dira, nahiz eta batzuetan antzarak ferratzera bidaltzeko gogoak eduki (kar, kar, kar).


Moraurena da ahots nagusia, baina Beñardok ere kantatzen du. Bion ahotsak ongi batzen edo osatzen dira. Horrek ere lan handia eskatu dizue?
B: Kantuak ikasi ahala naturalki ateratzen da zati batzuk sendotzeko edo gozotzeko beharra (gitarra eta bertze apaingarrien ordez, ahots apaingarriekin-edo saiatu behar...). 16 urteren ondoren elkarren ahots ñabardurak ongi ezagutzen ditugu.
M:
Beñardo kantari bikaina da, baina gainera sekulako sena du, normalean kantua pare batean entzunda badaki zer egin, eta hori sekulako lasaitasuna da niretzat.


Hitzetan, gai batzuk bereziki landu nahi izan dituzue?
M: Beno, ez eta bai. Uste dut betiko klabeak daudela, umorea, kritika soziala, kalea, kronika... Baina esan daiteke, orokorrean, maliziarik gabeko pop kantu sorta bat dela, agian. Aurrekoetan baino amodio, beno desamodio/nostalgia kantu gehiago daude, zahartzen ari garenaren seinale, ziurrenik.


"Kantuez eta musikaz gain, elkarren arteko tragikomedia jokoak ere funtzionatzen badu, geu ere izugarri kontent!"

Egin dituzuen emanaldiak zer moduz? Gustura? Giro ona?

B: Beeeeno, hasierako sasitik ateratzen ari gara poliki-poliki, 16 kantuko oihanean argia ikusten hasi gara eta arituz hobera joanen garelakoan... aitzinera! Etortzen den jendeak eta sortzen den giroak horretara animatzen gaitu. Leontsioren erantzuna ezberdina, segur...

M: Normalean esango nizuke kasurik ez egiteko ezkor kroniko horri, baina hitz hauetaz inoiz damutuko banaiz ere, ados nago Beñardok dioenarekin. Kantu berriak hasieran arrotzak gertatzen zaizkizu, oso arrotzak, beste batek egindakoak bezala. Zuzenekoen bidez barneratzen dituzu, gero eta zureago eginez, eta horretan ari gara. Prozesu horretan garrantzia handia du lagunekin eta ezagunekin konpartitzea, haien ekarpenak jaso, lagun zaharren iritziak entzun, erreakzioak ikusi, eta horretan aritu gara udara arte.


Umorea, ironia, nork bere buruari barre egitea erabiltzen duzue. Jendaurreko saioetan ikus-entzuleek ederki pasatzen dute, eta zuek ere bai, ezta?
B: Jakina, kantuez eta musikaz gain, elkarren arteko tragikomedia jokoak ere funtzionatzen badu, geu ere izugarri kontent! Inportanteena kantuak eta interpretazioa dira, baina musika jotzaile pobre eta teknikoki itsusiok eta txarrok bertze dohain batzuk ere erabili behar ditugu...
M:
Gainera nahikoa sufritu dugu, jada, taularen gainean, beraz, hobe disfrutatzea, bestela zertarako arituko gara honetan? Uste dut horixe dela hain zuzen ere Arrainentzako Himnoak honen irakaspenik nagusiena, disfruta dezagun, zenbat eta gehiago, orduan eta hobe. Ez itxaron, diskoa atera arte, kantu arrakastatsuren bat lortu arte, inork kalean autograforen bat eskatu arte disfrutatzen hasteko. Musikari pobreen gidaren lehen atalean dator eta hori transmititzen saiatzen garela uste dut.


Kantuen artean egiten dituzuen solasaldi-eztabaida barregarriek giroa alaitzen dute. Modu natural batean ateratzen zaizkizue, eta lagun handiak zaretela eta konfiantza handia daukazuela sumatzen da. Leontsio eta Trizton gisa, zuek esaten duzuen bezala.
B: Bikote kontrastatua izaten saiatzen gara, bai musika jotzean, bai umorean. Ematen du jende gehienak gustuko duela, nahiz eta tarteka kalaka arriskutsua izan daitekeen. Badakizu, Tip eta Coll, Faemino ta Cansado, Epi ta Blas edo Leontsio ta Trizton.
M: Hernandez eta Fernandez, Tarzan eta Cheeta, Mitxelena VII eta Yoda, Xalbador eta Mattin... Badugu nondik ikasi.


Zuen hitzetan, musikariak baino gehiago musikazaleak zarete, musikazale amorratuak.
B: Halaxe, horretan eta arno kontuetan, Morau eta Beñardo (ia beti) bat gatoz. Musika maitale sutsu diren bi musika jotzaile gara, onerako eta txarrerako.
M: Onerako, batez ere, oso erraz konektatzen dugun alorra baita, horri eskerrak! Esan daiteke musikazaletasuna eta ardozaletasuna direla gure harremanaren iraunkortasunaren bi zutabe estrategikoak.


Gehienetan bi gitarra akustikorekin, edo gitarra elektriko batekin eta gitarra akustiko batekin jotzen duzue, baina doinu edo kantu mota aldetik saio bariatuak eta entretenigarriak izaten dira. Horretan saiatzen zarete, edo kantu bakoitzak eskatzen dizuena egiten duzue besterik gabe?
B: Kalaka guztiak Morauren esku daude eta gehienetan antzekoak direnez, ez beti, baina nire parte-hartzeetan inprobisatzen saiatzen naiz. Ateraldiak harrera ona baldin badu, errepikatzeko aukera dago. Hala ere, kasu, kantuetan drama ere badago eta.
M: Ados, baina, egun,
Arrainentzako Himnoen harira, protagonismoa askoz ere gehiago banatzen dugu alor horretan, leku gehiago uzten diot Beñardori, eta hori bada nobedadea, eta berri pozgarria askorentzat. Baina garbi utzi nahi dut ez naizela, dioten bezala, munduan gehien hitz egiten duen kantautorea.


Kantu batzuk jo baino gehiago, saioak hari bat badauka, ezta?
M: Bai, zuzenekoetan oso garrantzitsua da errepertorioa ongi antolatzea, eta horrela sortzen dituzu hari berriak kantuen artean, edo agerian uzten dituzu, jabetu gabe, lehendik ere bazeuden batzuk. Beldur ginen hainbeste kanturekin ez ote zen oso emanaldi dispertsoa gertatuko, baina uste dut ezetz, azkenean pentsatu baina lotura handiagoak zeuden kantuen artean, nahiz eta batzuetan guri ere ihes egin.


Areto, taberna eta toki txikietan egiteko saio egokiak dira, bi bakarrik izanda toki handirik ez duzue behar, baina toki handiagoetan ere egiten ahal dira, ezta?
B: Baliteke, antolatzaile eta arrakastaren arabera, tarteka ur handiagotan aletak mugitzea ere ongi dago. Hala ere, taberna-zulo eta areto txiki zaleak gara, arrainontzi txikiko espezieak, alegia.
M: Marrazoak zaratatsuagoak baina gure tamainakoak izan ohi dira bertan.


Besterik esan nahi baduzue...
B: Urpean plazer duten guztiak ongi etorri izanen dira gure folk eta pop arrainontzi xelebre bezain arriskutsura... glup-glup
M:
Eta ez daitezela gehiegi larritu, glup-glup, disgustuak arrainoi gehienez 10 segundo irauten digutela eta nahiko arerio badugula kanpoan, glup-glup, gure buruarekin etsaitzeko.


Oharra: Artikulu hau Entuzn! aldizkariaren 64. zenbakian argitaratu zen lehen aldiz.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Azken arrain-besta

  • Abenduak 12, larunbata
    SORALUZE  -  Gaztelupe taberna 23:00etan
    MORAU ta BEÑARDO

"Erabaki dugu nola amaituko dugun kontua, eta azken arrain-besta antolatu dugu guretzat eta lagunez inguratuta (ez ez da party itxia).
Taberna giroan (inor ez dadin gose edo egarri geratu), eta ahalik eta erarik naturalenean egiteko"

 
Bai, laster iritsiko da amaiera, eta ez dakit arindua den somatzen dudana, ezinegona, beldurra edota nekea. Ziurrenik denetik apur bat, baina beno, azkenean pizten den guztia amatatu beharra dagoenez, lortu dugu ideiak antolatu eta zentzuzko amaiera bat irudikatzea arrainontzat.

Aitortzen dut errazagoa izan zela nola hasi erabakitzea, eta temazoa izan naizela amaiera "ofiziala" egitearekin. Baina, behingoagatik, zikloa publikoki ixtera behartu dut ene burua. Halako kaka eman dizuet azken hiru urte eta erdian; arrainak gora eta behera, kantuen prozesua, zuzeneko emanaldiak, zuzenekoen kronikak, diskoa... Nola desagertuko ginen bada, argia itzali eta atzeko ate txikitik, inori ezer esan gabe?

Are gehiago, ez dut ikusmiratik kendu, sekula, kantuen sortzea/hazitzea/heldutasunera iristea/ azaltzea izan dela egitasmo ero honen funtsa, beraz, prozesu horren azken atala falta da, kantuak eskutik utzi eta bere kaxarako bidean jartzea, agur esatea alegia. Une hori non pentsatzen duzun ezin diezula kantuei onura gehiagorik ekarri, eta beraz, hobe dutela entzulearen baitan geratzea. Nolabait azaltzeko; kantuen azken larrua erakutsi beharra daukagu, eta gorde, Arrainentzako Himnoen azken gorpuzkera.

Beraz, bai, erabaki dugu nola amaituko dugun kontua, eta azken arrain-besta antolatu dugu guretzat bereziki maitea den leku batean (ez, ez da sekretua) eta lagunez inguratuta (ez ez da party itxia). Noski, taberna giroan (inor ez dadin gose edo egarri geratu), eta ahalik eta erarik naturalenean egiteko.
(Andoni Tolosa dixit)

Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.