entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2022-12-06

Mikel Acosta, Hegoa Diskak EUSKAL MUSIKAREN B ALDEA

Testua: Antton Iturbe

 

Atzoko eta gaurko ezkutuko euskal musikaren kronista baten modura, Mikel Acosta, Hegoa diskoetxetik, Londrestik, altxor-bilduma ederra plazaratzen ari da pixkanaka eta maitasun osoz. Bere istorio pertsonala eta diskoetxearena bat eginez, abentura musikal txiki honen sekretuak kontatu dizkigu.

 

Noiz eta nola jarri zenuen martxan Hegoa Diskak proiektua? Zerk bultzatu zintuen?
Londresera iristearekin batera, niretzat ordura arte ezezaguna izan zen euskal musika aurkitzen hasi nintzen. Amaia Zubiria eta Pascal Gaigneren diskoarekin topo egin eta aho bete hortz geratu nintzen! Hari horretatik tiraka, Kaki Arkarazoren Matxinadak moduko altxorrak aurkitzen hasi nintzen, esate baterako. Hemen klubetan egiten dut lan, soinu teknikari eta DJ moduan, eta disko bildumagilea naiz gainera.

Baina, zerk bultzatu zintuen?
Kontua da Atanas Akerstraren diskoa aspalditik begiz jota neukala. Iñigo Ugarteburu Londresen bizi zen eta, garaian diskoa argitaratu zuen Talo diskoetxearen jabea zela probestuz, berarekin geratu nintzen diskoari buruz hitz egiteko. Valentziako tipo batek 70 ale erosi zizkiola kontatu zidan, eta berak bakar bat ere ez zuela. Tipoa disko espekulatzailea zela aurkitu nuen gerora; kopia guztiak erosi eta gero 200€-tik gora eskatzen duten horietakoa. Prezio normalago batean saltzeko eskatuz ibili nintzen tarte batez, baina ez zuen inolaz ere amore eman. Esango nuke justu une hartan erabaki nuela Hegoa Diskak martxan jartzea. Atanas-en diskoa atera eta tipo hari muturreko eder bat eman ahal izatea izan zen nire motibazio nagusia. 

Zeu Hegoa Diskak sortzera bultzatu zintuen doinu eta artista ugari dago iaz plazaratu genuen ‘Katebegiak 1972-1985’ bilduman. Zein iritzi duzu planteatzen dugun Ez dok Amairu eta Rock Radikal Vasco arteko “B mailako” euskal musika ahaztu edo ezkutu horren ideiari buruz? 
Bilduma zoragarria da, baina pixka bat deseroso sentiarazten nau Elkar diskoetxeak orain planteamendu horiek egiteak. Disko haiek guztiak plazaratu ziren garaian diskoetxe bera izan baitzen merezi zuten bultzada eman ez ziena. Garaiko artista batzuek komentatu didatenez, musikari horiek guztiak King Crimson, Pentangle edo Fairport Convention moduko taldeen zaleak ziren eta atzerrira begiratzen zuten, nola musika entzuteko hala sortzeko. Baina diskoetxeak berak sarritan nahi horiek murriztu eta zapuzten zizkien. Pascal Gaignek kontatzen zidanez, atzerrian kontzertuak eman eta diskoak saltzeko asmoa erakusten zuten bakoitzeko guztiz kontrako erantzuna jasotzen zuten: “Londresera? Zoratuta zaudete?...”

Zein da diskoak plazaratzeko erabiltzen duzun irizpidea? Zure gustu musikaletan oinarritzen da ala plan bati erantzuten dio? Hasiera batean, bazirudien 70 eko, 80ko eta 90eko hamarkadetako diskoen berrargitalpenean sakontzeko asmoa zenuela. Gerora etorri diren diskoak berriagoak eta garaikideak dira, ordea.
Sortu nuenean disko zaharrak berrargitaratzeko asmoa nuen, baina gaur egun antzeko milaka proiektu sortzen ari dira etengabe, aurkiezinak diren diskoak argitaratu eta bildumagileei prezio oso altuak ordainaraziz. Helburu guztiz ekonomikoa dute, inolako asmo edo jakinmin artistikorik gabea. Nik, aldiz, musikatik haratago joan eta antzeko gustu eta interesak dituen jende euskalduna ezagutu eta haiekin elkarlanean aritu nahi dut. Irizpidea neure gustu musikala da jakina, ez dago besterik, nire kabuz eta guztiz bakarka kudeatzen baitut zigilua, zuzendaritza artistikotik hasi, ekoizpenetik pasatu eta eduki grafikoaren hautaketara. 


“Hau nire ogibide bihurtu nezakeela uste nuen, baina orain garbi dut erabat ezinezkoa dela. Hobby bat da, ez beste ezer, eta horrek ez du zertan negatiboa izan behar”

 

Eta nolako harrera dute zigiluaren proposamenek? 
Gustura nago harrerarekin, ale guztiak saldu dira eta gastuak ordaintzeko adina eman didate; baina hori da guztia. Buruan ditudan diskoak atera ahal izateko Britaniar Gobernuaren finantzaketa eskatu behar izan dut. Hasiera batean hau nire ogibide bihurtu nezakeela uste nuen, baina orain garbi dut erabat ezinezkoa dela. Hobby bat da, ez beste ezer. Eta horrek ez du zertan negatiboa izan behar. Ongi dago mugez jabetzea eta nahi duzuna egitea beti, artistikoki ezertan amore emateko beharrik gabe. Hori da nire kolaboratzaileengan bilatu eta aurkitzen dudan jarrera ere.

Plazaratutako diskoen ildoa jarraituz, diskoetxearen eta zure bilakaeraren kontakizuna egin daiteke. Ezta?
Hala da bai. Ia urtebete kosta zitzaidan Roge Atanas-ekin kontaktuan jartzea berrargitalpena martxan jarri ahal izateko, ez baita batere erraza. Bitarte horretan, behin Irunen bisitan nintzela, Txap topatu nuen eta bere lagun Angel Katarainen musika gomendatu zidan. Erabat liluratu ninduen. Une horretan bi diskoek bat egin zuten nire buruan, eta Londresen nituen hainbat laguni, DJak eta irratiko esatariak etab., zein interesgarria izango litzaiekeen pentsatu nuen. Orduantxe jaio zen Hegoa Diskak. Ia aldi berean, Iñigo Ugarteburuk argitaratzeko prest zegoen grabaketa masterizatu bat ekarri zidan: atera berri dudan Carcascararen II diskoa, hain zuzen ere. Epe oso motzean hiru diskotzar iritsi ziren nire eskuetara eta, era batera edo bestera, argitaratu behar nituela erabaki nuen. 

Zer moduzko esperientzia bizi izan zenuen Katarainekin? 
Zoragarria izan zen, maila musikalean nahiz pertsonalean. Euskal musikaren historiaren saltsa guztietan ibili da eta ehundaka artistaren grabaketak zuzendu ditu. Izugarrizko pertsonaia da, zentzurik hoberenean esanda. Estreinako diskoa izanik, ikasketa itzela izan zen, denbora asko behar izan nuen negozioaren barne-funtzionamendua ondo ezagutzeko. Azala nork egin zezakeen ideiarik ez nuen, eta Jon Zabaleta ezagutzea eta berak egitea izugarrizkoa esperientzia izan zen. Jonek, beste askoren artean, Haizea taldearen azalak diseinatu izan zituen eta haien kontzertuetan mimo-performance saio bat ere egiten zuen. Erantzun ikaragarri ona jaso nuen, EITB eta Argia moduko hedabideek elkarrizketak eskatu zizkidaten! Zapore oso ona utzi zidan disko hark. Lehen unetik maitemindu nintzen Katarainen musikarekin, agian aipatutako Kaki Arkarazoren diskoa salbu, sintetizadore analogiko eta erritmo kaxekin era hartan lan egiten ari zen beste inor ez zegoelako Euskal Herri osoan. 

Zer etorri zen gero?
Angelen diskoaren ondoren, Carcascara eta Atanas-en diskoak argitaratzeko asmoa nuen baina, biniloen fabrikazio epeak hain luzeak zirela ikusita, bitartean Estralurtarren kaseta ateratzea erabaki nuen. Egia esateko, gaur egun oraindik ere ez dakit Estralurtarrak nor den edo diren. Orain dudan informazioarekin, 90eko hamarkadakoa baino gehiago iruditzen zait gaur egun egindako musika dela, baina ez nago guztiz ziur. 

Nola iritsi zen zure eskuetara?
Martin Zulaikak, Zumaiako laguna, bidali zidan Estralurtarren YouTubeko esteka. 10 maketen kalitatearekin eta misterioarekin flipatu egin nuen. Berehala kontaktuan jartzen saiatu nintzen eta, handik gutxira, taldearen jarraitzaile-elkartearen zuzendariak erantzun zidan esanez musika guztia berak igotzen zuela, eta kasetean atera dudan musika bidali zidan. Urte hauetan guztietan Iruñean musikari moduan aritu direnen artean galdezka ibili naiz, baina ez ditu inork ezagutzen. Argitaratu dudanetik, jendea niri galdezka hasi zait, baina benetan ez dut beste informaziorik. Bandcampean dagoen testua da guztia. Berriki jakin dut etengabe musika berria igotzen duela, bere etxetik, bai estralurtarrena eta baita Dj Baratxuri edo DJ Kipula moduko musikariena ere; denek musika-estetika oso antzekoa jarraitzen dute. Pertsona bakarra dela susmatzen dut, baina ez dakit. Bestalde ez dit kasete bat bera ere eskatu. Misterio hutsa da dena. 

 

“Sinpleena dirudien hori da, hain justu, sortzen zailena: osagai gutxirekin asko eta sakon kontatzea”

 

Verde Pratok ere gatibatu zintuen... 
Bai, lehen unetik harrapatu ninduen. Euskal eszenaren baitan, aparteko goi-mailan diharduela uste dut. Bere sentsibilitate musikala duen beste inor ez dago. Musika entzuten eman ditudan urte hauetan guztietan funtsezko gauza bat ikasi dut: sinpleena dirudien hori dela, hain justu, sortzen zailena. Verde Prato entzuten duzunean, bizpahiru elementu besterik ez dituzu identifikatzen, eta horrexegatik dirudi erraza; baina oso zaila da hain osagarri gutxirekin hainbeste eta hain sakon kontatzea.  Errazena milaka elementu ezberdin nahastea eta aberastasun itxura zaratatsu eta antzua ematea da. Verde Pratoren hautu bakoitzak bere arrazoia du eta izugarrizko mimoz egina dago. Nire lehen asmoa bere estreinako LPa ateratzea zen, baina diskoetxea martxan jartzea nahi baino gehiago luzatu zen eta bitarte horretan beste zigilu batekin argitaratzea erabaki zuen. Hala ere, kontaktua mantendu genuen eta hilabete batzuren ondoren 7” bat, Jaikiera, ateratzeko aukera ikusi genuen. Oso gustura nago emaitzarekin, formatu ezberdinak probatu nahi ditut eta Verde Pratori askatasun osoa eman nion nahi zuen erako musika sortzeko.

Eta zer gehiago?
Ba, OL UZ diskoa atera berri dut eta horrekin makinaria guzia berriz martxan jarri dela dirudi. Demo moduko proposamen pila bat jasotzen ari naiz eta haien artean Ibon Rodriguezena zegoen. Egia esateko, ez du zerikusi handirik argitaratzera noan hurrengo diskoekin. 

Izan ere, ‘OL UZ’ diskoarekin egungo musika esperimentalari atea guztiz ireki diozula dirudi. Zeintzuk dira, ba, etorkizunerako argitaratze planak? 
Oraintxe bertan esku artean dudan diskoa azken urteotan bereziki gustuko dudan musika elektroniko abstraktu eta anbientalaren ildotik doa. Alberto Lizarralde da egilea. Ekoizpen lanetan nabil eta datorren udaberrian plazaratzea espero dut. Itzalpean disko pila batetan lan egin duen musikari aparta da Alberto. Disko honen ondotik, bere musika gehiago argitaratu nahi nuke, 80ko eta 90eko hamarkadetan kasete formatuan asko utzi baitzuen grabatuta. Horren aurretik kasete batzuk plazaratuko ditut, gaur egungo gauzak izango dira, eta baita binilotik kanpo geratuko diren Albertoren pieza batzuk ere LP-aren hitzaurre modura. 

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.