entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
I 2004-10-04

DROWNED SCREAM RECORDS apostu irmoa

Tribute at the gates lanaren azala Tribute at the gates lanaren azala

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Azkenaldian, musikak bizi duen egoera gatazkatsua alboratu eta benetan taldeengan pentsatzen duten zigilu txikiak sortzen ari dira. Euskal Herriko metal musikan ere, eredu berria dugu: Drowned Scream Records (DSR) diskoetxea. Proiektu ausart honen gurasoak, Aritz (Numen) eta Asier (Odd Heathenish) musikariak ditugu. Esperientzia berri hau dela eta, beraiekin izan gara hizketan.
Noiz erabaki zenuten Drowned Scream Records diskoetxea sortzea?

Drowned Scream Records-en hasiera orain dela urte eta erdi inguru eman zela esan genezake. At The Gates talde suediarraren omenez egin nahi genuen CDa abiapuntutzat hartuz. Guretzat, death metal melodikoa deritzon estiloan talderik handiena da, eta ezinbestekoa ikusten genuen hainbeste talderen eredu den honi omenaldi bat egitea. Lehen ekoizpena izateko, emaitza ezin hobea lortu dugula esan genezake eta aurrera begira urrats handia suposatzen du. Egia esan, diskoetxea sortu genuenetik, gogor aritu gara lanean, buruhauste handiak izan ditugu, denbora eta diru nahiko inbertitu dugu, baino esperientzia oso baikorra izan da.

Ofizialtasuna edo underground-a. Non kokatzen da zigilua eta zergatik?

Erdi eta erdi. Bultzatu nahi dugun musika underground mailakoa da, baina aterako ditugun edizioak ofizialak izango dira. Gure zigiluak bultzatuko dituen taldeak, Euskal Herrikoak izango dira gehienbat eta beraien artean, gure gustuekin batera datozenak. Badaude gure herrian soberako maila duten hainbat talde eta guk talde hauei promozio eta banaketan lagundu nahi diegu. Bestalde, gure taldeak eta produkzioak aurrera eraman nahi ditugu. Gainera, talde hauek atzerrian arreta handiagoa lortzen dute eta kasu askotan disko gehiago saltzen dituzte.

Metal musika da ardatza, baina zehazki zein ildotakoa?

Metal musika dugu ardatz, bi ildo nagusitan; batetik euskal taldeak bultzatu nahi ditugu, edozein estilotan, taldea eta egindako lana ona dela uste badugu. Bestetik, guk hobeto ezagutzen dugun estiloa, thrash/death melodikoa, alegia. Urte askotan musika estilo hau jotzen eta entzuten aritu ondoren, gure inguruko eta atzerriko talde asko ezagutzen ditugu eta estilo honetan aritzen diren taldeak ezagutarazi nahi ditugu. Momentuz euskal taldeak ditugu bakarrik, baina aukera egon ezkero atzerriko taldeak geureganatzeko aukera ere aztertu daiteke.

Diskoetxearen arduradunak izateaz gain, musikariak ere bazarete. Bietatik zein da erosoena edota konplexuena? Eta zein interesgarriagoa?

Ez da oso galdera erraza, baina musikari gisa erosoago sentitzen naiz. Musika egitea eta zuzenean jotzeko aukera izatea, ezagutzen dudan gauzarik onenetarikoa dela esan daiteke, barrutik ateratzen zaizuna kaleratzeko aukera. Zigiluaren lanari dagokionez, orain arteko esperientzia ona dela esan dezakegu. Taldeekin eta musikak inguratzen duen hainbat arlorekin (aldizkariak, irratiak, ekoizleak, estudioak, banatzaileak, etab.) harremanetan jartzeko aukera izan dugu, eta orain arte ondo moldatu gara guztiekin.

Aurrera begira, zeintzuk dira zuen jomugak?

Diskoetxeak gero eta handiago bilakatzerakoan gero eta lan gehiago eramango du, dudarik gabe. Baina ez daukagu epe labur edo ertainean edizio gehiago egiteko asmorik.



LEHEN EKOIZPENAK DSR-KO ARDURADUNEN HITZETAN

Slaughterous Souls A Tribute to At The Gates
Drowned Scream diskoetxearen lehen ekoizpena genuke. Bertan, herrialde ezberdinetako hamabost talderen moldaketak bildu ditugu; Israel (bi talde), Suedia (sei talde), Holanda (talde bat) Alemania (talde bat), Frantzia (talde bat) Danimarka (talde bat), Polonia (talde bat), Euskal Herria (talde bat), Estatu Batuak (talde bat). Irailaren bigarren astetik aurrera dendetan topatu ahal izango da, banaketaz Beasaingo Goi Music zigilua arduratuko delarik. Bestalde, aipatzea azala Igor Mugerza marrazkilariak egin duela.

Odd Heathenish
Thrash/death metala jorratzen duen taldea da. Lehen agerpena, Algortako Gazte Asanbladak ekoiztutako Esanak Esan bilduman egin zuten Ez Ahaztu abestiarekin. Inolako influentziarik aipatu beharko balitz Entombed, The Haunted eta The Crown taldeak aipatuko genituzke. Orain, beren lehen diskoa izango dena prestatzen dabiltza buru belarri, nahasketa lanetan hain zuzen ere. Laster plazaratuko dugu.

Darkness By Oath
Taldeak death metal melodikoa jorratzen du, metal arloan hain ezaguna den suediar soinua ardatz hartuta. Dark Tranquility, Sacrilege eta antzeko taldeak etorri ahal zaizkigu burura. Taldearen lehen promoa aterako dugu laster, bertan At The Gates-en moldaketaz gain beste bi abesti sartuko direlarik. Dagoeneko, lehen diskoa prestatzen ari dira, 8-10 abesti bitartekoa izango delarik.

2004, URRIA - AZAROA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.