entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
OMERO 2004-02-11

ASIER SERRANO desilusioa eta esperantza

Asier Serrano, musikari eta idazlea Asier Serrano, musikari eta idazlea
Polemika sor dezakeen titulua aukeratu du Asier Serrano idazle eta musikariak bere bigarren diskoa kaleratzeko: Gerrari bai. Disko berrian bere buruari gerra deklaratu dio eibartarrak, autokritika eta desilusioan nabigatzen dutelarik abestiok. Hala ere, esperantzak badu bere tokia lan honetan.


Kaleratu duzun bigarren diskoak titulu esanguratsua du, jendea ere nahasi dezakeena.

Titulu honek bere atzean badu beste esanahi bat. Gaur egun mundua ez doa oso bide onetik eta berez jendeak nahi izaten duen morbo horrekin jokatzea nahi izan dut, hor probokazio puntu bat dagoelarik. Bestalde, ez dut biolentziara eramaten duen gerra bilatzen, kontrakoa baizik: norberaren gerrari, gerra pertsonalari, autokritikari esaten diot baietz. Berez, aldarrikatzen dudana erratzeko eskubidea da, norberak bere buruaren autokritika egitea eta bere buruaz hitz egitea, bakea lortzekoa. Norbera gerra pertsonal baten bitartez ezagutzea eta gero kapaza izatea era sozial batean gizarte guztira zabaltzea.

Zure kasuan autokritikak abertzaletasuna eta maitasuna izan ditu jomuga.

Bai, baina ez hori bakarrik. Abertzaletasunari dagokionez, inoiz ez dut sinetsi politikariengan, baina bai gizartea osatzen duten pertsonengan, eta pertsonek bakarrik aldarrika dezaketen eskubideetan. Ez dut sinesten sinbolo batzuk eramateagatik aske izango denik herri hau, uste dut norberak ikerketa bat egin behar duela eta jakin bere abertzaletasuna nondik nora joaten den, ekintza pertsonal eta baketsua eskatzen dut zentzu horretan. Maitasunari dagokionez, ez da bakarrik bikote arteko erlazioa, inguruan maite izan dugunagatik desilusioa ere sartzen da. Desilusioa ilusio bat izaten dugulako sortzen da. Honela ikusten dut Gerrari bai, borroka pertsonal bat beste gune sozial batera eramanda.

Barruko kontuei buruz idazteko kanpora jo duzu. Kanada eta Quebec aldean izan zara disko berriko letrak sortzen.

Distantzia bat behar izaten dut idazterakoan. Aurreko diskoa sortzerakoan Afrika aldean ibili nintzen. Urruneko perspektiba baten beharra izaten dut, ikuspuntu hotza. Hori distantziarekin lortzen dut, gero bueltatzean ikuspuntu hori gertutasunaren berotasunean bihurtzeko eta balorazioak egiteko. Honela nire abertzaletasunaz, bizitza pertsonalaz, desilusioaz eta abar mintzatzen naiz. Nahiz eta diskoan desilusioa nagusi izan, amaieran Aneren kantuarekin esperantzari ateak irekitzen dizkiot.

Kanpoan idatzitakoak efektu bera mantentzen du bueltan edo gero aldaketak egin behar izan dituzu?

Beharrezkoa izaten da niretzat kanpoan idatzitakoa behin eta berriz irakurtzea, borrokan sartzea daukazuna benetan baloratzeko eta zergatik. Horregatik kanpoan hartutako apunte horiek bueltan gero mantendu egiten dira. Zentzu horretan idazten dudanaz ez naiz sekula damutzen, ezta duela hamar urte idatzitakoaz ere, orduko sentimenduekin bideratuta dagoelako.

Grabatzerako orduan estudio batera jo beharrean zuek muntatutako estudio bat erabili duzue.

Oso inseguru sentitzen naiz nire buruarekin grabatu behar izaten dugunean. Horregatik estudio bat muntatzea erabaki genuen bertan entseguak eta diskoa grabatzeko. Bestalde, musikari eta diskoei beti eskatu diet nire ezagutzak handitzea, eta zentzu horretan guk geure estudioan grabatzea apustu bat izan zen. Bost hilabete eman ditugu grabaketa lanetan eta egia esan nekagarria izan da, baina era berean esperientzia aberatsa ere izan da prozesu guztia guk gauzatu dugulako. Lan egiteko modu honek dena grabatzerako orduan askatasun gehiago eman digu.

Zure lagun batek zaldi basatia otso bakartiari bidea emateko desagertzen zihoala esan zuenean, otso basatia etorriko zela erantzun zenion zuk, lan honekin itzuli dena.

Hori prentsaurrekoan gertatu zen anekdota bat da. Nahiz eta kantuak konposatzeko formula berdina erabili, konponketa aldetik indarra sartu diogu. Aspaldi nuen gogoa horrelako jarrera kontzertuetan islatzeko, diskoak eta sentimenduek horrela eskatzen zidatelako: distortsioak sartzea eta abar... Faltan botatzen nuen aspaldiko hitz soziala bideratzeko luma, eta momentu honetan indartsu nagoelako egokia dela uste dut. Aldarrikatzen dudana zera da: nire agresibitatea baketsua dela edo biolentziarik gabea, baina hor dagoela.

2004, OTSAILA-MARTXOA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.