entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
I 2008-02-10

ARBASO Hastapenean

Kostaldean sortzen diren haize boladen parekoa da gure lurraldeko musika eszena. Aldakorra. Erreferente nagusirik gabe, musika talde gazteek bide ezberdinak hartzen dituzte. Ezagunak eta arriskatuak. Kasu honetan, Ondarroan, Bizkaiko kostaldean kokatuko gara Arbaso taldea ezagutzeko. Sei bat urteko ibilbidearekin gazte hauek beraien ilusioa pixkanaka eraikitzen joan dira.

Ez dira gehiegi arriskatu eta entzuleengana jo dute sortutako abestiekin. Honela, duela bi urte Gazteako maketa lehiaketan entzulearen bigarren saria lortu zuten. Alegia, gazte jendearen portzentaje jakin bat harrapatzea. Horretarako, rock eta metalaren artean kokatzen den egitura ezaguna josi dute. Bizitzaren Helmugan diskoan hasieratik bukaeraraino entzuten dena. Baina entzun ez ezik, taldekoen hitzak ere bildu nahi ditugu.

Euskal musikaren azken aroan zenbait talderekin gertatu den bezala musika lehiaketa batek emandako aupadari esker aurreneko lana kaleratu zenuten. Euskadi Gazteko XVI. maketa lehiaketako entzuleen saria irabaztea erabat erabakigarria izan da aurrera egiteko?

Egia esan ez genuen uste saria irabaziko genuenik. Orain arte maketa bat genuen grabatuta eta bat batean diskoetxea zein diskoa iritsi ziren eta oso pozik gaude. Beraz, esan daiteke nahiko erabakigarria izan zela.


Musika lehiaketek izaten duten etorkizuna baliagarria dela uste duzue edo hobe da pixkanaka joatea?

Musika lehiaketek zure musika zabaltzeko aukera handia ematen dute eta hasiera batean laguntza hori aurkitzea pixkanaka joanda zaila da. Hala ere, musika lehiaketa irabazteak ez du esan nahi zure musika jendeari gustatuko zaionik. Horregatik, lehiaketa irabazi arren lan handia egin behar da. Baina lehiaketa irabazteak ere ate asko zabaltzen ditu eta horiek aurkitzea pixkanaka joanda zaila da.


Kontuak kontu Babel Musik diskoetxe bizkaitarraren babesa jaso eta Bizitzaren Helmugan izeneko diskoa atera zenuten iaz. Aitortu, maketa izatera zihoana disko bilakatu zen, ezta?

Gutxi gorabehera. Bost urte pasa ondoren, gure lana grabatzea erabaki eta maketa lehiaketara bidali genuen. Ez genuen espero, ez 22 finalisten barruan sartzea ez eta entzulearen bigarren saria irabaztea ere. Gerora hasierako lan hori diskoa bilakatu zen, Babel Musik diskoetxearen babesa lortzean.


Estreinako diskoan 8 abesti topa daitezke. Horietatik zenbait zuen bi maketetan ere aurki genitzake. Urte hauetan konposaketa gutxi egin dituzue edo berriro ere grabatzea erabaki zenuten?

Estudiorako kantuak hobetzen saiatu eta denbora tarte bat hartu genuen horretarako. Hasierako maketako kantuak hobetu genituen eta berriekin batera diskoan sartzea erabaki genuen.


Musikalki, rock eta metal doinuak uztartzen dituzue, baina azken boladan atera diren antzeko taldeekin ezberdintasun bat duzue. Heavy izaera. Gitarra punteo eta melodietan nabari daiteke hori. Korronte berriekin mozorrotzen zareten heavyak zarete?

Egia esan, gure taldea osatzen dugunok oso musika estilo ezberdinak ditugu eta guzti horretatik sortu da Arbaso. Guztioi ez zaigu gustatzen heavya, baina bai Landerri, eta berak gitarra jotzen duenez, igartzen da heavy ukitu hori.


Ezinean bortitz zein melodikoa, Bizitzaren Helmugan singlea, Euskara aldarrikatzailea, Herrien Oihua epiko zein heavya edo Lehena, oraina eta geroa bikaina aurki ditzakegu zuen lehen lanean. Denetarik apur bat. Disko anitza bilatzen zenuten?

Kantu ezberdinak egin genituen, esan bezala, taldekook oso gustu ezberdinak ditugulako musikari dagokionez. Gainera, hori zen gure helburuetako bat, ez baitzaigu gustatzen diskoko kantu guztiak estilo berdinekoak izatea.


Grabaketak etxetik gertu, Mutrikun, egin dituzue Axular musikariaren AME estudioetan. Nola joan zen grabaketa?

Nahik ondo. Ez genuen arazo berezirik izan grabatzerako orduan. Etxetik gertu zegoen eta bertan ere Axularrek asko lagundu zigun. Honekin batera, onartu behar da grabaketa luze joan zitzaigula. Izan ere, talde barruan arazo bat izan baikenuen. Estudioan, ordea, oso gustura aritu ginen. Ondoren, masterizatzera Berrizko Lorenzo Records estudioetara eraman genuen lana eta bertako emaitzarekin ere oso pozik geratu ginen.


Diskoko abestiak albo batera utziaz, 2007ko Eskola Publikoaren festako abestia ere egin zenuten, agian Arbasoren musika estiloa egokien definitzen duena. Nolatan sortu zitzaizuen aukera?

Festa, Ondarroan egin zen eta horretarako kantu bat behar zutela esan ziguten antolatzaileek. Guk oso pozik hartu genuen aukera hori eta kantua egiten hasi ginen. Harro gaude sortutako abestiaz. Oso epe laburra izan genuen kantua egiteko, jaialdia gainean baikenuen. Dena dela, dena oso ongi atera zen eta asko eskertzen diegu antolatzaileei erakutsitako interesa eta erantzunagatik. Aldi berean, Kauta taldeko Mikel abeslariari esker kantua borobildu genuen.


Talde txiki baten prismatik nola ikusten duzue Euskal musikaren osasuna? Talde txiki batek panoramako zein beste taldeetatik ikasten du?

Euskal musika zail ikusten dugu aurrera egiteko. Oso zaila da gaur egun toki bat aurkitzea musikaren munduan. Gainera, jendea gero eta gutxiago mugitzen da kontzertuetara. Hala ere, uste dugu egoera honek aldaketa bat behar duela. Gainera, Internetek hartu duen garrantzia dela-eta, diskoak saltzea ere geroz eta zailagoa da. Aspaldiko talderik deigarriena gure ustez Berri Txarrak izan da egin duen eboluzioa ikusita. Disko ugari saldu ditu eta kanpoan ere bere musika zabaldu du, soilik euskaraz abestuz.


Arbasok zein asmo berri ditu urtea amaitu baino lehen eta aurrerantzean?

Dagoeneko hasi gara abesti berriak egiten, urte amaieran bigarren diskoa grabatu eta kaleratzeko asmoa baitugu. Dena dela, kontzertuak eskaintzen jarraituko dugu Bizitzaren Helmugan diskoa Euskal Herrian hedatzeko.



2008KO OTSAILA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.