entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
2019-10-16

Musika Bizian, seigarrenez

Estaturik Gabeko Herrialdeen Arteko VI. Musika Jaialdiak Frisia, Eskozia, Man uharteko nahiz Euskal Herriko taldeak elkartuko ditu urriaren 25ean eta 26an Galdakaon. Nazioarteko luthier azoka bat ere antolatuko dute aurtengo berritasun nagusi gisa.

Baldrs Draumar Baldrs Draumar folkmetal talde frisiarra

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Jaialdi gaztea izan arren, seigarren ekitaldia baita aurtengoa, honezkero udazkeneko erreferentziazko hitzordu bilakatu da Musika Bizian festibala; folk-rock generoko onenetako bat, punta-puntako proposamenak ekartzen baititu urtero Galdakaora.


Orotara bost taldek osatuko dute aurtengo kartela.
Urriaren 25ean –ostirala–, 21:00etatik aurrera, Galdakaoko Iturrondo plazan, MEC LIR (Man uhartea) eta ALBOKA (Euskal Herria) ariko dira.
Urriaren 26an –larunbata–, aldiz, leku eta ordu berean, BALDRS DRAUMAR (Frisia), SKIPINNISH (Eskozia) eta MODUS OPERANDI (Euskal Herria).

Musikari lotuta, baina beste formatu batean, jaialdiak nazioarteko luthier eta artisau azoka bat dakar aurtengo berritasun gisa. Hilaren 26an izango da –larunbata–, Iturrondo plazan bertan, 12:00–14:00 bitarte.
Yan Cozian (Okzitania), Andrea Pisu eta Giancarlo Seu (Sardinia), Carlos Do Viso (Galiza), Osses (Otazu, Araba), Jotzen (Zeanuri, Bizkaia), Jose Adarrak (Zumaia, Gipuzkoa), Katxarrismos (Portugalete, Bizkaia), Ezpela (Berriozar, Nafarroa) eta Sospalak (Lemoa, Bizkaia) maisu-maistrak jarriko dute euren postua, eta musika erakustaldiak ere egingo dituzte.

Programa osatzeko, kale animazioak girotuko du Galdakao bi egunetan.
Ostiralean, 19:00–21:00 bitarte, Taberna Ibiltaria ariko da.
Larunbatean, ordu berean, Xixtra de Coruxo (Galiza), eta umeentzako tailerra Txema Perezen eskutik.

 

MEC LIR (Man uhartea. Urriak 25, 21:00)
85.000 biztanleko irla bat, Irlandako Itsasoaren erdian, nazio bat, munduko legebiltzarrik zaharrena. Mec Lir taldekideen asmo nagusia dibertitzea da, ongi pasatzea, eta ikus-entzuleak dantzan jartzea. Man-go musika tradizionala eta zelta ere jotzen dute; melodia da protagonista, nahiz eta modernitateari ere egiten dioten tartea. Tomas Callister, Greb Barry, David Kilgallon, Adam Rhodes

ALBOKA (Euskal Herria. Urriak 25, 21:00)
Taldeak bere 25. urteurrena ospatzen du aurten. Sona handiko hiru euskal musikari eta musikari irlandar bat elkartu zirenean sortu zen Alboka (Txomin Artola, Josean Martín Zarko, Joxan Goikoetxea eta Alan Griffin). Musika tradizionala, %100 instrumentala. Gitarrak, mandolinak, bouzoukiak, ttun-ttunak, akordeoiak, alboka, gaitak, flautak… eta, 1997tik aurrera, Juan Arriola biolinarekin. Orain arteko azken diskoa 2017an kaleratu zuten: Lurra, Ur, Haize.

BALDRS DRAUMAR (Frisia. Urriak 26, 21:00)
2009an Dokkum hirian jaiotako folkmetal taldea. Bere estiloa frisiar folk bortitz gisa autodefinitzen dute. Mitologia nordikoa dute inspirazio-iturri eta bandaren izena bera (=Baldr-en ametsak) Erdi Aroko kondairazko olerki eskandinabiar bati egiten dio erreferentzia. Taldekideek hartutako izenak: Wildgeraesch (=Orru, ahotsa), Vuurschpuwer (=Su irenslea, gitarrak), Zuypschuyt (=Itzaletatik datorrena, baxua) eta Dondervuyscht (=Trumoi-ukabil, bateria).

SKIPINNISH (Eskozia. Urriak 26, 21:00)
Andrew Stevenson eta Angus MacPhail 1999an batu ziren proiektu honi forma emateko, baina gara arrakastatsuenak orain iritsi dira, azken bi urteetan. Gero eta taldekide gehiago dira eta gaitak, bibolinak nahiz akordeoia konbinatuta, zeltiar musika garaikidearen erreferentziazko ordezkari bilakatu dira.

MODUS OPERANDI (Euskal Herria. Urriak 26, 21:00). 
Betagarri taldearen sortzaile izan zen Iñaki Ortiz de Villalvaren ska-rock proiektua, festazalea baina era berean konprometitua; irizpidedun letrak eta musika konbinatzen dituena. Ideia 2017an hasi zen ernaltzen, Iñaki ‘Beta’-ren buruan lehenik, eta gerora batu zirenen eskutik ere: Andoni ‘Matxain’ (Lauroba), Enriko Rubiños eta Ruben Anton (Vendetta), Julen Barandi (Izaro) eta Gonzalo Fernandez de Larrinoa (The Hot Wok. Azken honek taldea utzi zuen lehen disko homonimoa grabatu ostean).

bidali zure berria Bidali zure berria
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.