entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
2020-01-21

Muga: Xabier Montoiaren hitzei musika jartzeko proiektua

Gasteiztarraren Anfetamiña poema liburuko hitzetatik abiatuta, iraupen laburreko zortzi abesti konposatu eta lehen diskoa kaleratu du Muga taldeak, Alberto Gonzalez buru dutela. Zuzenekoetan ikus-entzunezko ikuskizuna eskaintzen dute.


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
'Anfetamiña' teaserra

Alberto Gonzalezek (6nemen9, Uler-600 eta Aterking taldeetan ibilitako musikariak) Xabier Montoiaren Anfetamiña poema liburuari musika jartzeko sortutako proiektua da Muga. 1983an argitaratu zuen Montoiak bere lehenengo poema liburu hura, Hertzainak taldea utzi berri eta M-ak sortzen ari zen garaian. Hortaz, punk giroa Euskal Herrira zabaltzen ari zen garaian idatzi zituen Gasteizko idazleak olerki hauek —Sex Pistolsi eskainia—. Ondorioz, musikatik asko dute, rock&rolletik batez ere, eta drogei eta sexuari buruzko erreferentziak ere ugari dira liburu osoan. Rockaren kultura euskal poesiara ekarri zuen estrainekoz Montoiak.

Material aproposa zen beraz, rockaren hizkuntza eta estetikara egokitzeko. Hori pentsatu zuen Alberto Gonzalezek (Elgoibar, 1973) duela bost inguru proiektua gauzatzeari ekin zionean. Montoia erreferentetzat izan du betidanik: “Punk bat da, Euskal Herrian punka beste era batean ulertu duena, jarrera eta nortasun handikoa”.

Zenbait abesti konposatu ondoren, Bilboko rock alternatiboko eszenan ezagunak diren bi musikariri erakutsi zizkien —Iñigo Romera baxu joleari (Cancer Moon, Los Clavos, Cujo, El Inquilino Comunista, Basurita...) eta Iñigo Egillor bateria joleari, (Gringo Arana, Billy Bao...)— eta Itziar Beristain abeslariarekin batera erabaki zuten ohiko rock taldearen moldea gainditu eta proiektu multidiziplinar bat osatea, zeinean musika eta hitzekin batera, alderdi bisualak garrantzi handia izango zuen. Arlo hori lantzeko, Euskal Herriko rock eszenarekin harreman estua duen J.A. Areta Goñi Juxe argazkilariarengana jo zuten; hark sortu ditu zuzeneko emanaldietan proiektatuko diren irudiak.

Mugaren lehen diskoak iraupen laburreko zortzi abesti biltzen ditu, ildo ezberdinetakoak: badira rock alternatiboko aleak —Ireki ezan, Ohearen gainean, Kexa—, eragin velvetiarrak dituztenak —Agur—, une pop zaleak —Gogoratzen al haiz?— eta pasarte anbientalak —Small song—. Halaber, Fermin Muguruzak ahotsa jarri dio liburuko poema ezagunenari: Batzuentzat.  Lehen disko honetan, soinu ilunaren aldeko apustua egin du Mugak, Montoiak lehen pertsonan idatzitako maitasun minezko poemei darien giroa egoki islatzen duena.

bidali zure berria Bidali zure berria
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.