entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
2019-12-04

Il cercatore di perle, Inoren Ero Ni

Diskoz disko, 16 urtez, berezko bidea egin dute Okene, Borxa, Guanche eta Marianok: Inoren Ero Ni. Eta Il cercatore di perle lanak irudikatzen du ibilbide bihurri eta koherente horren urrats berria.

Hamasei urte joan dira Inoren Ero Ni jaio zenetik. Aurreneko LP homonimoak hardcorea zekarren batez ere, nahiz eta gerora rock mota horretatik urrundu diren berezko doinuen bila. Kide aldaketak ere egon dira tartean (Mariano Drakeren ordez. Eta Guantxe Mikelen partez), baina beti eutsi diote izaerari, baita orain proposatzen dituzten lau kanta berrietan ere.

Il cercatore di perle disko berri hau 2019ko martxoan grabatu zuten Garate estudioetan Martxel eta Kaki Arkarazoren zuzendaritzapean, eta urte amaierarekin batera aurkeztu dute Bidehuts kolektiboaren eskutik. Momentuz, Durangoko Azokan dago eskuragarri formatu fisikoan, eta aurrerago Sarean ere eskegiko dute. Gainera, bi aurkezpen kontzertu iragarri dituzte dagoeneko:

  • Abenduak 13: Le Magneto, Baiona. (+ ALBA)
  • Abenduak 21: LeBukowski, Donostia.

 

Xabi Montoiak idatzi du diskoaren aurkezpen gutuna, eta zera dio:
“Hasi zireneko erritmo azkarrak moteldu eta biderkatu egin dira musikaren ñabardurak, ugaritu giro aldaketak. Bilakaera horren ondorio zuzena da Il Cercatore, nire ustez, taldearen orain arteko emaitzarik bikainena eta, batez ere, pertsonalena. Eta kanta sorta honi eman dioten izena nahita edo propio eman diotelakoan nago, inola ere ez halabeharrez, ederki jasotzen baitu taldearen funtsezko filosofia, sorkuntzari dagokionez: Il cercatore, bilatzailea, alegia. Bila eta bila aritu ondoren, lau perla eder aurkitu ditu taldeak, lau ale distiratsu, horietako bakoitzaren distira ezberdina izanagatik”.

Amen eta orain (diskoko lehena) eta Minaren gauzatzea (Charles Bukowskiren poema batean oinarritua) alde batean. Eta Il cercatore di perle (italieraz abestua) eta Zerria (Mikel Laboa gogora ekar lezakeen kanta iradokitzailea) dira Montoiak aipatzen dituen lau perla horiek.

 

bidali zure berria Bidali zure berria
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.