entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Berriak

bidali zure berria Bidali zure berria
2019-10-15

Euskal ordezkaritza 55. Heineken Jazzaldian

2020ko uztailaren 22tik 26ra bitarteko jaialdiko egitarauko 10 kontzertu hautaketa prozesu baten bitartez sailkatutako 10 taldek emango dituzte. Izen-emate epea azaroaren 21era arte izango da zabalik.

2019ko Heineken Jazzaldian Euskal Herriko 32 bakarlarik, taldek eta disko jartzailek hartu zuten parte. “Euskal jazzaren alde egindako apostua berretsi” nahi dutela adierazi du antolakuntzak eta, horretarako, 2020ko ekitaldiari begira, hautaketa-prozesu berezi bat jarri dute martxan.

Hain justu, kartel ofizialeko kontzertuetako 10 aukeraketa berezi honen bidez sailkatzea lortzen duten artistentzat gordeko dituzte. Banda horiek (edo gutxienez kideen %50ek) EAEn, Nafarroan edo Iparraldean jaio edo bizi diren musikariz osatuak izan behar dute.

Interesa dutenek heinekenjazzaldia.eus webgunean zehaztutako materiala igorri behar dute postaz, azaroaren 21 baino lehen.

Jasotako proposamen guztien artean, antolakuntzak 15 talde hautatuko ditu, aurkeztutako musikaren kalitatea eta Jazzaldiaren programazio estilora zein neurritan egokitzen diren kontuan hartuta. Hamabost talde horiek Donostiako klub eta lokaletan joko dute, oraindik zehaztu gabeko datetan  –bat eguneko–, 2020ko urtarriletik apirilera bitarte. Zuzeneko horietarako taldeek eskura izango dituzte pianoa eta soinu tresneria. Emanaldian erabili behar dituzten gainerako instrumentuak taldeak berak eraman beharko ditu.

Epaimahaiak emanaldi horiek entzun eta aldez aurreko fase honetan parte hartzen duten hamabost taldeen artetik aukeratuko ditu 55. Heineken Jazzaldiko egitarauan sartuko diren 10 taldeak. Talde horiek, Jazzaldian jotzearen truke, kide kopurua x 170€-ko ordainsaria jasoko dute. Gehienez 1.700 € eskuratuko dituzte.

Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren sostengua izango du. Azken honek Gipuzkoako talentu gazteei bultzada ematea, Gipuzkoako eszena dinamizatzea eta klub nahiz antolatzaileak babestea du helburu.

 

bidali zure berria Bidali zure berria
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.