Bi urteko etenaldiaren ostean, Durangoko Azokak ateak irekiko ditu abenduaren 7an, eta hilaren 11ra bitarte, “kultura eztanDA!” gertatuko da Landako gunean, Gerediaga elkarteak aurtengo edizioaren aurkezpenean iragarri duenez.
Orotara 248 stand izango dira Landako Gunean (baita Azokako online dendan ere), 176 partehartzailerekin; horietatik 15 autoekoizpenak dira, eta 34 lehenengo aldiz etorriko dira Azokara.
Nobedadeen artean, 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelakoak egongo dira. 930 kultur nobedade, guztira.
Baina, produktuez aparte, zuzeneko ekitaldiak ere badakartza 57. Durangoko Azoka honek. Musikagintzari dagokionez, Musikaren Plaza stand multzoa (Landako Gunean) eta Ahotsenea sortzaileen gunea izango dira erreferentziazko tokiak. Plateruenako oholtza horretara 47 talde igoko dira euren lan berriak aurkeztera. Besteak beste, bertan ariko dira Delirium Tremens, Merina Gris, Sua, Ines Osinaga, Kokein, Willis Drummond, Xsakara, Bengo, Ødei... Disko aurkezpenak zuzenean jarraitu ahal izango dira streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunean.
Info praktikoa, egitarau osoa eta katalogoa: HEMEN