Euskal Herrian euskara hutsezko musika eta literatura emanaldiak eta azokak antolatzen dituzten zortzi ekimen batu eta Doinuele sarea sortu dute. Hernaniko disko eta liburu azoka, Ziburuko euskal disko eta liburu azoka, Lazkaokoa, Galdakaoko Sormene sorkuntzen plaza, Baztango (H)ilbeltza ekimena, Sarako Ikusi Makusi eta Zarauzko Literaturia dira oraingoz batu diren plazak.
Euskal musikazale eta irakurzaleei urte osoko hitzordu-zirkuitua bermatzeko borondatez jaio da Doinuele. Eta baita plaza horiek “itzaletik ikusgaitasunera” ekartzeko ere. Izan ere, “euskaraz bizi den komunitatea” indartu nahi dute, bai ikus-entzuleena, baina baita sortzaile eta programatzaileena ere. Horregatik, Doinuelek badu zubigintza bokazioa ere, euskal sorkuntzaren (g)uneek elkarren berri izan dezaten, eta elkar babes dezaten.
Azokak bilgune oparoak izatea nahi dute, "errentagarriak, jendetsuak eta biziak, denetarik biltzen dutenak, eta euskararen komunitatearen topaleku eta ispilu izango direnak". Zentzu horretan, izaera bereko beste ekimenei ere deialdia luzatu diete saretu daitezen.