Euskal musika eszenak talde berri bat du: Bulego. Boskote azkoitiarra indartsu dator, euskarazko poparen erreferentzia berri bilakatzeko konbentzimendua baitute: “Euskarazko popa eraberritzera gatoz”. Energiaz beteriko “zuzeneko dantzagarriak” egingo dituztela agindu dute, “adin guztietako publikoa” dantzan jartzeko. Erritmo biziak, konposizio landuak eta letra kantagarriak dakartzate, “eskarmentudun taldeen maila” berean.
Momentuz Hegan singlea kaleratu dute, eta hala definitu dute: “Askatasun eztanda koloretsua. Astelehenik gogorrena arintzeko gai den melodia bokalak norberak barruan duen argia aldarrikatzen du letraren bitartez. Lehen akordetik guztion buruetan bueltaka egotera pasatuko diren bi minutu eta erdi”.
Martxoaren 6an iritsiko da taldearen lehenengo EP-aren benetako aurkezpen kontzertua. Donostian izango da, Kutxa Kultur Kluba Aretoan, gaueko 21:00etatik aurrera.