Lau gune nagusi eta Euskal Herriko zein kanpoko taldeak nahastuko dituen makina bat kontzertu dakartza Atlantikaldia festibalaren bederatzigarren edizioak Errenteriara.
Agertoki nagusia Itsasargi Nagusia izeneko gunean ipiniko dute, Lehendakari Agirre plazan. Bertan emango dituzte Itsas Elkarrizketak kontzertuak. Tartean, Kolinga talde baionarra Iker Lauroba eta Leire Leturekin batera; edota Las Karamba taldearen erritmo latinoak eta Amaia Elizaran dantzaria. Taxungueiras galiziarrek ere bertan kantatuko dute Neomak talde euskalduneko zazpi kideekin batera. Les Amazones D'Afrique musikari afrikar aktibistak, bestalde, Tony Viser dantzariarekin ariko dira, eta España Circo Este talde italiarrari Moonshine Wagon laukotea batuko zaio.
Panier orubeko Kalekaian, artista urbanoak arituko dira; Herriko Plazan, musika eskaintza intimoago bat antolatu dute; eta Foru Plazako Herrixkan, berriz, herritarrek parte hartzeko tailerrak eta bestelako ekitaldiak izango dira.
Intza, Palmerita Coco Blue, Ralphie Choo, Hofe x 4:40, Hijas de la Cumbia, Ak Kwanto, Julen, Teko Maisin, Albany eta Mikel Moreno dira IX. Atlantikaldiaren egitarauak dakartzan beste izenetako batzuk.